Joxan Lasaren senideek ez dute kalte-ordainik jasoko, epaileak hala erabakita

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 14a, 19:13
Joxi eta Joxeanen senideak, 'Lasa eta Zabala' filmaren estreinaldian

Auzitegi Nazionalak GALen biktima batzuk ETAko kide zirela argudiatu du

Espainiako Auzitegi Nazionalak GALen hogei biktimak jarritako helegiteei erantzun zien atzo, senitartekoei kalte-ordainak ukatuz; GALek hil zituen arren, biktimak ETAko kide zirela azaldu du Auzitegi Nazionalak, erabakia argudiatzeko. 
 
Barne Ministerioak diru laguntzak eten zizkien GALen biktima horiei, eta orduan helegitea jarri zuten, besteak beste, Joxan Lasa tolosarraren senideek; Josu Muguruzaren senitartekoek ere erabaki bera hartu zuten. Aipatzekoa da, Egin egunkariko sortzaile Angel Etxanizen familiari helegitea onartu diola auzitegiak. 
 
2012. urtean aldatu zuen, PPren gobernuak, biktimen legea eta, aldaketa horren bitartez, Espainiako Gobernuak kalte-ordainak ukatu zizkion estatu indarkeria jasandako hainbat biktimari, biktima horiek lehenagotik «terrorismoaren biktima» gisa onartuta egon arren. 
 
Biktimen legea aldatzeko, Espainiako Barne Ministerioak Indarkeria Delituen Biktimen Kalte-ordainei Buruzko Europako Hitzarmena hartu zuen oinarri eta, orain ere, Auzitegi Nazionalak hitzarmen horixe bera erabili du Joxan Lasaren senitartekoei kalte-ordainak ukatu izana argudiatzeko. 
 
Hitzarmeneko zortzigarren puntua darabilte, eta polemika sortu izan du. Artikuluak dioenez, kalte-ordainak murriztu edo ken daitezke biktimak indarkeria delituak egin baditu edo horiek egiten dituen erakunde batean parte hartzen badu. Eusko Jaurlaritzaren Kriminologia Institutuak berak esana du, ordea, Barne Ministerioak Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txosten ugaritan oinarrituta, nahastu dituela zenbait biktima «ETAren inguruarekin», horrela, kalte ordainak kentzeko. 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!