Tolosa ahots itsasargietako bat izango da, Donostia 2016en

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 14a, 17:46

Topic zentroa bi egitasmoren sustatzaile izango da; atzo aurkezpena izan zen

Europako Kultur Hiriburuen batzordeak 2011. urtean erabaki zuen, Donostia eta Wroclaw (Polonia) 2016ko Europako kultur hiriburuak izatea. Ebazpenean batzordeak azaldu zuenez, «kulturak eta arteak gizarte hobe bat egiten dute»; horregatik, Donostia Elkarbizitzaren hiriburu izatea erabaki zuten.
Horrela, beraz, kultur adierazpen anitzez bizikidetza goxatu eta hobetzea Donostia 2016 proiektuaren funtsetako bat dela azaldu zuten, atzo Topic zentroko aretoan egindako aurkezpenean. Gipuzkoako hainbat gunetan egitasmoa jendarteratzeko bilkurak antolatzen ari dira eta, Tolosako kasuan, Xabi Paya Donostia 2016ko programa zuzendaria, Ruth Perez Donostia 2016ko Ahotsen Itsasargiko arduraduna eta Idoia Otegi Topic zentroko zuzendaria izan ziren hizlariak.
Elkarbizitzaren hiria sortzeko, orduko antolakuntzak argi izan zuen zein parte-hartze bide ireki behar zituzten, eta bilera irekien bitartez bildu zituzten ideia guztiak; horrela, egitekoen gehiengoa bertako herritarrek proposaturikoa dela azaldu zuen Payak.
Hiri poloniarrarekin batera 2016ko kultur hiriburu izateko saria jaso zuen proiektuan, bost gai nagusi banatu zituzten egitasmo eta proiektuak garatzeko. Irikia deiturikoak hiri inteligenteak eta zientzia jorratuko du; Hazitegiak sailak, berriz, sorkuntza sustatu nahi du kultura erakusteaz gain, ekoizteko; 284+ atalak hizkuntza aniztasuna bultzatzea izango du helburu; Bestela izeneko batzorde bat ere bada, eta parte hartzea eta ahalduntzea jorratuko dute bertan; azkenik, Pagadi atalak sakoneko sentipenak azaleratuko ditu, pentsamendu kritikoa sortzea baitu jomuga, arte garaikidearen bitartez.
«Baina, hori guztia, zertarako?» galdetu zuen Xabi Payak, Topic zentroan egindako aurkezpenean. Izan ere, orain arteko Europako kultur hiriburuek azpiegitura inbertsioak egin izan dituzte hiriburutza eskuratzearekin batera; horren adibide dira Liverpool edo Marsella. Donostia 2016ren batzordea, ordea, elkarbizitzaren hiriburu bilakatzearenari benetako bultzada eman nahi izan zion eta, beraz, ondare iraunkor bat sortu behar zutela erabaki zuten, egindako lan hori guztia hurrengo belaunaldienganaino ere irits zedin; finean, bizikidetzak iraun zezan.
Ondare ukigairik ez izateak, herritarrekin eskuz esku lan gehiago egitea ekarri dio batzordeari, eta hiru sail sortu dituzte jardun horretan: Itsasargiak, Elkarrizketak eta Energia olatuak.
Tolosan 2016ko kultur hiriburutzan jarriko duen alea, hain zuzen, itsasargien atalekoa izango da.

Txotxongiloa munduratuz

Topic zentroko arduradunek parte hartze zuzena izan zuten hastapenetako bilera ireki haietan eta, proposatu zituzten hamaika ideiaren artean, bi proiektu indartsuk egin dute aurrera: World Puppetry Festival-ak eta Altzoko Haundia operak.
Ahots itsasargien sailetan dauden biak, Ruth Perezek azaldu zuenez, «lengoaia artistikoek hunkitzeko duten artea» jorratuko baitute ahots itsasargi horiek.
World Puppetry Festival Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia Donostia eta Tolosa artean ospatuko dute, 2016ko maiatzaren 28tik ekainaren 4ra. «Txotxongiloenganako ikuspegia hobetu eta benetan merezi duen tartea egitea da gure nahia, oso arte gutxietsia baita askotan», azaldu zuen Idoia Otegik. Horrela, haur eta helduentzako ikuskizunak prestatuko dituzte, kalitatea kantitatearen aurrean lehenetsiz; bost kontinenteetako txotxongilolariak bertaratuko dira, gainera.
Nazioarteko jaialdiarekin batera, EHUko udako ikastaroetan Europako txotxongilo aditu handienak elkartuko dira apirilean, eta Joan Baixa maisuarekin ere lanean ari dira, jada, Topic-en erakusketa bat antolatzeko; nazioarteko laudorioztatuenetakoa da, txotxongilo garaikideak egiten.
Altzoko Haundia berriz, Tolosan jada aurkezturiko haur opera bat da. Charleville-Mézières-eko Txotxongiloen Munduko Jaialdian izango da nazioarteko estreinaldia, baina, haren aurretik, Topic-en ikusi ahal izango da, 2016ko irailaren 12an.
Idoia Otegiren ustez, «osagai guztiak ditu plater perfektua osatzeko». Eta ez da gutxiagorako, izenei soilik begiratuta: Nestor Basterretxeak diseinaturiko eszenografia eta txotxongiloak erabiliko dituzte, eta David Azurza musikariak konposatu du musika; testuak, berriz, Koldo Izagirrerenak dira, eta orfeoi txikiko haurrak ariko dira kantuan.
Horrez guztiaz gain, aipatzekoa da Anoeta estadioan ospatuko duten Emusik 2016 jaialdi erraldoian eskualdeko hainbat neska-mutilek parte hartuko dutela musika eskolen bitartez, eta Tolosa egitasmo horren mikro-egoitza izango dela, datorren maiatzaren 5 eta 6an.
Argi dago, beraz, datorren urtean Donostiako kultur olatuak erraz iritsiko direla Tolosaraino, eta tolosarra ere olatu sortzaile izango direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!