Berazubiko bigarren fasea biribildu dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 13a, 16:28

Joan den urtarrilean ekin zieten lanei, eta estadioko proiektu osoaren erdia egin dute jada

2014. urtea amaitzerako lizitazioa egin zuen, Tolosako Udalak, Berazubiko estadioko obren bigarren fasea osatzeko. Orain, sei hilabete inguruko lanen ondoren, proiektuaren erdia osatu dute jada, kirol gunea erabat itxuraldatuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euroko diru laguntza eman zion, udalari, bigarren faserako. Horrela, guztira 775.771 euroko aurrekontua erabili dute sei hilabeteotako lanak aurrera eramateko.
Lehenik, Paper kale aldeko horma eraitsi zuten eta, lehen fasean Oria ibaiaren aldean egin zuten modu berean, hesi irekia jarri zuten, auzoari armonia eman eta estadioa bertan integratzeko helburuz.
Kirol azpiegiturei dagokienez, berriz, pertika-jauzia egiteko gunea txukundu dute, kirol hori egin ahal izateko. Horrez gain, teniseko bi pista erabilgarri izango dira, aurrerantzean, Berazubin; batetik, aspaldidanik estadioan zegoen pista eraberritu dute eta, era berean, bigarren tenis pista bat eraiki dute, lehen fasean egindako padel gunearen alboan. Gune horretan bertan, gainera, mini-basketeko pista bat ere egin dute, estadioari kirol gune bat gehituz.  
Berrikuntzekin jarraituz,deigarriena tribuna pareko harmailetan egindakoa izan da. Harmailak eraitsi eta 100 metroko pista estalia egin dute, korrikalariek entrenamenduak estalpean egin ahal izateko.
Bide beretik eta, hasiera batean fase horretan txertatzeko asmorik ez bazuten ere, frontoiko lurra eraberritu dute. Joan den azaroan udalak azaldu zuenez, ur-agentziarekin zenbait arazo izan zituzten, eta eraberritzea aurrerago egitea erabaki zuten. Azkenean, ordea, itxuraldatu eta egokitu dute frontoi irekia ere.
Era berean, estadioaren proiektutik kanpoko zenbait lan amaitu dituzte. Batetik, padel pistak erabat itxi dituzte, haizea eta euria sartzen zelako. Bestetik, mantenu lanetarako beharrezko materiala eta makinak gordetzeko biltegia ere egin dute.
Lan erdiak eginda
Berazubiko lanen prozesua 2011n hasi zen, Tolosako Udalak Tolosa CF eta Muñoa fundazioarekin sinatutako hitzarmenaren bitartez. Lau fasetan banatutako egitasmoa aurreikusi zuten, eta jada osaturiko bi faseekin, guztira, 1.800.000 euroko inbertsioa egin dute.
Eraberritze osorako, berriz, guztira 2.869.000 euroko aurrekontua aurreikusita dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!