'Zuzendu gure oinak, entzierro hontan, otoi'

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 9a, 17:46

Iurreamendin eta Alde Zaharrean sanferminekin bat egingo dute festarako

Uztaileko lehen egunetan mundu bat jartzen da Iruñera begira, eta mundu osoak sentitzen du loturaren bat iruindarrekin. Tolosarrek ere badute hiriburura bertaratzeko joerarik, musikak, dantzak edo, besterik gabe, parrandarako gogoak bultzatuta. Baina, Jarauta edo Estafetatik urrun, Tolosako plazetan ere munduko jai ezagunenen nortasuna pizten urteak daramatzate, Alde Zaharrean eta Iurreamendi auzoan.

Alde Zaharrekoa egun bakarreko jaia izaten da, eta familiak izaten dira protagonista. Katxutxo izeneko peña izan zen ospakizun txiki horren aitzindaria, Miguel Angel Bermudezen eskutik eta, gaur egun, Errota Alde Zaharreko bizilagun elkarteak prestatzen du Plaza Berriko jaia; Bermudezek, hala ere, uztailaren 6ko txupinazoa zintzo-demonio jaurtitzen jarraitzen du, eta entzierroak ere iragartzen ditu, goizero, 08:00etan puntuan.

Larunbatean ere 12:00etan ekingo diote jaiari, eta, ondoren, haurrek puzgarrietan jolasteko aukera izango dute. Herri bazkarian paella jatea egingo dute, eta txartela erosi beharko da horretarako. Arratsaldean, berriz, buruhandiak eta entzierro txikia izango dira protagonista.

Iurreamendi auzoan, berriz, biharkoa dute egun indartsuena. Eguerdian egin beharrean, txupinazoa arratsaldeari ekiteko botako dute beraiek, eta entzierro txikia ere izango da. Ondoren, indarrak hartzeko, txokolate jaterik ez da falta izango. Iluntzean, berriz, erronkaren ondoren, afaria, dantza eta DJa izango dituzte auzotarren epelean gozatzeko.

Bai Alde Zaharrean eta bai Iurreamendi auzoan, San Ferminak soinean janzteko deia egin diete parte hartzaileei, jaiari berezkoa duen kolore txuri-gorria emateko.



 

Egitarauak

IURREAMENDI AUZOA

Uztailak 10, bihar

17:30. Jaien hasiera iragartzeko txupinazoa botako dute eta, ondoren, entzierro txikia egingo dute plazan.

18:00. Haurrentzako jolasak eta, ondoren, txokolate jatea.

18:30. Erronka egingo dute auzoan eta Oria ibaian.

20:30. Auzo afaria, aurrez txartela erosi duten bizilagunen artean.

22:30. Dantza saioa egingo dute auzotarrek.

23:00. Xabi DJren saioa afalondoan, gauerdira bitarte.

Uztailak 11, larunbata

19:30. Iurreamendi auzoko IV. toka txapelketa.

21:00. Auzo afaria.

ALDE ZAHARRA

Uztailak 11, larunbata

12:00. Txupinazoa Plaza Berrian.

12:30. Patata tortilla lehiaketa.

14:30. Herri bazkaria, Plaza Berrian. Paella jatea egingo dute.

17:00. Buruhandiak eta zezentxoak haurrentzat: entzierro txikia.

18:30. Txokolate jatea.

20:00. Gaixoa, ni! egingo dute.

Egun osoan barrena. Plaza Berrian puzgarriak eta tailerrak izango dira haur eta gaztetxoentzat.

* Bazkari txartelek 10 euroko prezioa izango dute helduentzat, eta haurrek, berriz, 5 euro ordaindu beharko dute.

* Antolatzaileek txuriz janzteko eta zapi gorria lepoan eramateko deia egin nahi izan diete auzotar eta herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!