EAJ bi liberatu eta hamahiru batzorderekin hasiko da lanean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 8a, 18:56

Kirolei dagokien batzordea PSE-EEko zinegotzi Jose Ignacio Asensiori utzi diote jeltzaleek

Hasi berri den agintaldian joan den asteartekoa izan zen lehen osoko bilkura. Aparteko bilkura izan zen, gainera, eta datozen lau urteotan udalaren jardunerako beharrezkoak izango diren organo eta batzordeak osatu baitzituzten, besteak beste.
Horrekin batera, Tolosako Udalarentzat liberatuta lan egingo duten ordezkari politikoen kopurua eta haien ordainsariak ere ezagutarazi eta onartu zituzten bilkuran.
Udal gobernu batzorde berria, Olatz Peon alkatearekin batera, Patxi Amantegik, Nerea Letamendiak, Jokin Azkuek eta Iñigo Alonsok osatuko dute. Alkateordeak, berriz, honakoak izango dira: Patxi Amantegi lehena, Nerea Letamendia bigarrena eta, azkenik, Jokin Azkue hirugarren alkateordea.
Udal gobernu berriak hamahiru batzorde informatibo sortzea erabaki du lanerako, eta horietako baten gidaritza PSE-EEko zinegotzi Jose Ignacio Asensiori utzi diote, gainera: kirolena.
Olatz Peon eta bere lantaldeari dagokionez, berriz, alkatea bera honako lau batzordeetako burua izango da: Hirigintza eta azpiegiturak; Udaltzaingoa, mugikortasuna eta segurtasuna; Ekonomiaren sustatzea eta Gizarte politika.
Patxi Amantegiren ardura izango da, datozen lau urteotan, Tolosako ingurumena, auzoak, obrak eta zerbitzuak kudeatzearena. Hizkuntza politika eta hezkuntza, berriz, Jokin Azkueren ardura izango dira, eta Maite Ruiz de Eguilaz izango da berdintasun zinegotzia.
Diru kontuen eta ogasunaren batzorde berezi bat ere sortu dute, eta Begoña Tolosa izango da burua. Aldiz, Iñigo Alonsok giza baliabideak eta udal antolaketa kudeatuko ditu, eta Kultura, festak eta gazteria izeneko batzordea Nuria Carbonellen ardura izango da. Proposamen berriena Herritarrekiko harremanak, parte hartzea eta informazioaren gizartea batzordea sortzea izan da, eta Joseba Ormazabal izango da burua.
Aipatzekoa da, jasotako boto kopuruaren arabera, batzorde horietako bakoitzak EAJko hiru zinegotzi, EH Bilduko bi eta PSE-EEko batek parte hartuko dutela.
Udalaren jarduna banatzeko modu horren aurrean, EH Bilduko oposizioak zenbait desadostasun azaldu zituen, Ibai Iriarteren ahotik. Batetik, «obrak azpiegituretatik banatzeak arazoak sor ditzake, udal langileen departamentua bera banatzen baitu».
Bide beretik, ekonomia sustatzearen lana Tolosaldea Garatzenen zentralizatuta dagoela uste du EH Bilduk, eta «eskualdeko ikuspegiarekin egin behar da sustatze hori» bere ustez: «Gainerakoan, bikoizketak sor daitezke».
Tolosan kulturak eta jaiek duten pisua ere azpimarratu zuen Iriartek eta, horregatik, ez zaie egokia iruditu gazteriarekin sail berean sartzea: «Gazteriak pisu nahikoa du sail propio bat izateko, gazteok, ondo pasatzeaz gain, hainbat arazo ditugulako. Udalaren zeharlerroa izan behar luke gazteriak, eta, horrez gain, kulturak eta festek departamendu independentea behar lukete».
Azkenik, migrazioari eskainitako batzorde baten beharraz ohartarazi zuten, eta bizikidetza mahai bat sortzeko eskaera egin zioten Olatz Peon alkateari. Azken honek eskaera onartu, eta aurrerago jorratzeko konpromisoa hartu zuen.

Bi liberazio lanari ekiteko

2015-2019 agintaldirako, erabateko dedikazioz bi pertsona aritzea erabaki du EAJko udal taldeak. Olatz Peon alkatea eta Patxi Amantegi alkateordea izango dira bi liberatuak, eta bakoitzak 44.000 euroko ordainsaria jasoko du urtean.
Ibai Iriartek «poza» azaldu zuen erabakiaren aurrean: «EUDELen irizpideetatik kanpo aritu zarete eta zentzuzko soldatak ezarri dituzue».
Horri erantzunez, Olatz Peon alkateak ordiansarien irizpideak «objektiboak» izan behar dutela azpimarratu zuen: «Gure ustez ez da zilegi, lau urtez behin, gai hau alderdi bat astintzeko erabiltzea. Irizpideek finkoak izan behar dute, eta arautu egin behar dira». Horregatik, Peonek «denbora bat» hartuko dutela azaldu zuen, soldaten irizpideak gardentasun batzordean jorratzeko: «Ordainsariak herritarrekiko harremanen eta informazioaren batzorde horretan erabakiko ditugu, 2016ko aurrekontuari begira; izan daitezke altuagoak, edo baxuagoak».
Erabateko dedikazioan bi pertsona aritzea, berriz, «gutxiegi» dela uste du EH Bilduko taldeak, Iriartek azaldu zuenez. «Ezinean baldin bagabiltza, parte hartze batzordera eramango dugu gaia, eta eztabaidatuko dugu», azaldu zuen alkateak.
Tolosako Udalean lan egiteko liberatutako bi udal ordezkariekin batera, behin-behineko bi lanpostu izango dira agintaldia berrian. Alkatearen idazkaria izango da bata, eta lanaldi osoan ariko da, urtean 38.511 euroko soldata jasoz. Bigarrenik, komunikazio arduradun bat kontratatuko dute, eta hau ere lanaldi osoan ariko da, urtean 39.375 euroko soldata duela.
Azkenik, aipatzekoa da hileroko ohiko osoko bilkuren ordutegia zertxobait aldatu egin dutela, eta aurrerantzean 20:00etan izango dela, hileko azken asteartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!