Saharar eta euskal kulturak batzeko asmoz

Irati Saizar Artola 2015eko uztailaren 8a

Jexux Eizagirre, Dobera elkarteko kide eta proiektuaren sustatzailea.

Hassanerara eta euskarara itzuliko den ipuina argitaratuko dute abuztuan

Uda honetan etorri diren haur sahararrei begirako proiektua martxan jarri berri du Hernaniko Dobera euskara elkarteak. Abdi Ami Omar margolari sahararrak bere lurraldeko ipuin bat kontatu zuenetik sortu zen ideia. Hango eta hemengo kulturak uztartu eta bultzada bat emate aldera, ipuina euskaraz eta hassaneraz argitaratuko dute.

Jexux Eizagirrek, Dobera elkarteko kideak, adierazi duenez, «proiektu hau, bi kulturak salbatzeko ahalegina da». Abuztuaren 30erako prest eduki nahi dute ipuina, izan ere, Tolosaldea Sahararekin Sahara Bizi-k eta Hernaniko Dobera elkarteak konpromisoa hartu dute uda pasatzera etorri diren saharar bakoitzak ipuin horietako ale bana etxera eramateko.

Chertat eta lehoia izenburua izango duen ipuinak bi hizkuntzetako testuak eta Abdi Ami Omarren marrazkiak eramango ditu 15 orrialdetan. Istorioan Chertat pertsonaiaren eta lehoiaren arteko tratua kontatzen da: lehoiak errege moduan, janaria eskaintzen dio uraren truke Chertati. Tartean, umeen gozamenerako animalia mordoa agertuko dira. Tratu horren inguruan sortuko diren arazoak eta kezkak kontatuko dira bertan.

Guztia finantzatzeko, 30 euroko ekarpena egin ahal izango da. Horrekin, bi ipuin eskuratzeko aukera egongo da; bata, etxerako eta bestea, Saharara bidaltzeko. Horrez gain, Saharara doazen liburuen aurrealdean, bakoitzak nahi duen mezua idazteko aukera izango du.

Ekarpena egin nahi duten eskualdeko herritarrek Tolosaldea Sahararekin elkartearekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!