"Ez dut diplomarik behar askatasuna izateko, jada aske bizi naiz»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 7a, 10:59

Begiak itxi eta bere ahotsa entzunda inork gutxik pentsatuko luke marokoarra denik. Oumaima Azoukay marokoar euskaldunak batxilergoko ikasketak euskaraz amaitu berri ditu, eta ideia argi eta ausartek mugitzen dute.

Casablancan (Maroko) jaio zen, 1996an. Zazpi urte zituela «etorkizun oparoago baten bila» abiatu ziren bere gurasoak Euskal Herrira, eta Tolosaldea bizitoki bilakatu duten bezala, euskaldun bilakatu dira beraiek. Dina Guennairekin batera, batxilergoa euskaraz amaitu duen lehen emakume marokoarra da bera, eskualdean, eta etorkin zein bertako neska-mutilei nahi duten hori ikasteko gomendioa egin die.

Batxilergoa amaitu berri duzu. Lan gogorra izan da?

Niretzat aldaketa nabarmena izan zen DBH 4tik lehenengo Batxilergora pasatzea. Zenbait momentutan pentsatzen nuen: «Ez dut lortuko, ez naiz iritsiko». Gauza batzuk zail suertatu zaizkit, eta besteak errazagoak, baina nahiko ondo moldatu naiz azkenean, eta atera dut.

Selektibitatea ere egin berri duzu. Nola bizi izan zenuen?

Askok diote selektibitatea hitzordu handia dela. Egia da gehienok beldurrez joan ginela, baina, hara iritsitakoan, oso lasai sartzen ginen azterketetara; ni, behintzat, bai. Ez nuen presio hori nabaritu. Selektibitatea nahiko erraza izan da aurten, gure ustez, baina, puntuazioa ematerakoan, zorrotzak izan dira, eta jende askok ez ditu nahi zituen emaitzak lortu. Nire kasua da hori, eta animoz baxu samar egon nintzen hasieran. Baina ez dio axola, beste ate batzuk ere bai baitaude, eta horien bidez saiatuko naiz nahi dudan lekura iristen; bi urte barru berriro egingo dut selektibitatea, modalitateko bi azterketak prestatuz. Ea, unibertsitatean sartzeko bataz bestekoa lortzen dudan. Eta orain, Inmakuladan bi urteko modulua egin nahi dut, unibertsitatekoarekin erlazionatutako gaietan trebatzeko.

Zein ikasketa egin nahi duzu?

Hasieran irakasle ikasketak egin nahi nituen, haurrak oso gustuko ditudalako, eta nire ahizpa beti zaindu izan dudalako. Baina, uste dut gizarte lanaren bidetik joango naizela, bide gehiago daudelako. Jende asko dabil irakasle ikasketak osatu nahian, eta gero eta lanpostu gutxiago daude. Gainera, zahartxoagoa naizenean, ikasketak amaitu ondoren, Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin Afrika aldera joateko asmoa dut, ahal dudan heinean laguntzera.

Marokoarra zara, baina euskaraz egin dituzu ikasketak. Nolakoa izan da zure euskalduntze bidea?

Zazpi urterekin etorri nintzen hona, amaren aldeko senide gehienak hemen bizi baitziren. Osabak behin eta berriz esaten zion amari hona etortzeko, hezkuntzagatik, nire etorkizuna hobea izan zitekeelako. Horrela, nire gurasoek Marokon oso lanpostu onak zituzten arren, amak Euskal Herrira etortzea erabaki zuen. Beraz, betidanik ikasi izan dut euskaraz, Marokon ez bainintzen ia-ia eskolara joan; Haur Hezkuntza soilik egin nuen han.

Ia bizitza osoa daramazu euskara alboan duzula, beraz?

Bai. Zaila egin zitzaidan hasieran, zazpi urterekin ez bainekien ez gazteleraz, ez euskaraz. Baina, familiaren, lagunen eta Laskorain ikastolako irakasleen laguntzari esker, azkar ikasi nuen euskara. Tolosako Udalak ere laguntza handia eskaini dit, eta hiru hilabetean barneratu nuen euskara, gutxi-gorabehera; gaztelera ere pixkana ikasten hasi nintzen. Larunbat eta igandeetan ordu asko ematen nituen kultur etxeko euskara klaseetan, eta udan informatika ikastaroetan aritzen nintzen, euskaraz.

Gaur egun zenbateraino erabiltzen duzu euskara zure egunerokoan?

Beti erabiltzen dut euskara, badirudi buruan hori agintzen didan sistema moduko bat dudala. Etxean euskara, gaztelera eta arabiera erabiltzen ditut: amarekin euskara eta gaztelera, gehienbat, eta batzuetan arabiera; ahizparekin euskaraz aritzen naiz beti, eta aitarekin, berriz, gazteleraz eta arabieraz aritzen naiz, ez baitu euskara ulertzen. Amonarekin-eta arabiera da komunikatzeko tresna, baina kalean, lagunekin eta ezagunekin, beti euskara erabiltzen dut, ulertzen ez dutenekin izan ezik. Esango nuke, nire jardunaren %70 euskaraz egiten dudala.

Hastapenetan, hizkuntza koska txiki bat izan zela diozu. Kultura desberdintasuna ere bai?

Ez, nik ez dut oztoporik izan, ez ikasketetan, ez eguneroko bizitzan. Oso familia irekia dut, nahiz eta musulmanak izan. Jende askok pentsatzen du musulmanak itxiak direla, emakumeak ez direla kalera ateratzen edo ezin dutela arropa jakin bat jantzi. Ni, zentzu horretan, zortekoa naiz eta hemengo kulturara egokitu dira senide guztiak.

Gaur egun jada ohikoa da emakume musulmanak unibertsitatera joatea?

Marokon emakume asko joaten da unibertsitatera, eta beren lanpostua lortzen dute. Nire ustez, aurkakoa mito bat da, musulmanek antzina egiten zuten zerbait. Lehen, emakume musulmanak 16-17 urterekin ezkontzen ziren, gurasoek agindutako gizonarekin, gainera, eta etxeko lanak egitea eta gizona zaintzea ziren bere egitekoak. Baina XXI. mendean gaude, eta hori asko aldatu da.

Zu eta Dina bezalako ereduek balio dute gizarteari aldaketa horren berri emateko, ezta?

Bai, noski. Egia da, gauzak aldatu diren arren, badirela, oraindik ere, oso familia itxiak, antzinako molde horietan sartuta. Nire ustez gure eredua eta Marwane Azerguirena garrantzitsuak dira, familia horiek ikus dezaten beren seme-alabek ere etorkizun bat landu dezaketela. Pentsaera zaharkitua ez dute egun batetik bestera aldatuko, baina, pixkana-pixkana, gero eta musulman gehiagok lortuko dute batxilergoa eta unibertsitate ikasketak gainditzea, eta horrek iritzia aldaraziko die, nire ustez.

Euskal herritarren pentsaera ere aldatu behar dela uste duzu? Aurreiritzi asko dago oraindik?

Errespetatzen gaituen jende asko dago, eta baita errespeturik ez digun beste asko ere. Kanpotarra eta musulmana izate hutsagatik,norbaitek eskualde honetan nire tokia eman nahi ez didanean, honakoa esaten diot: «Pentsa zu beste herrialde batera joaten zarela noizbait. Zer egingo duzu? Bertakoek hango ateak zabaltzea, laguntzea eta beren kultura erakustea nahiko zenuke, ezta? Bada, zeuk etorkinekin gauza bera egin beharko zenuke; zuri egiterik nahi ez duzuna ez iezaiezu gainerakoei egin».

Askotan erabili behar izan duzu aipu hori?

Txikitan arazo hori izan nuen, nahiko nabarmen, gainera; bullying handia jasan izan dut. Baina haur askok jasaten dute hori, etorkinak izan edo bertakoak izan. Nik bullying-a jaso izan dudanean erantzun hori erabili izan dut beti, eta, pixkana, ikaskideak heldutzen joan diren heinean, konturatu dira egoeraz. Esango nuke gazteen artean aurreiritziak eta banaketa gero eta txikiagoak direla. Aldiz, heldu askok oraindik ere sinesten dute etorkinek lana kentzen diegula, adibidez. Nik ez diot garrantzi handirik ematen, asko itsututa baitaude; belaunaldiz belaunaldi uste hori desagertzen joango da.

Jatorkinek omenaldia egin dizue, Nire diploma, nire askabidea leloa aukeratuz.

Alde batetik, ados nago leloarekin, baina, bestalde, ez. Emakume musulman batzuentzat, beharbada, beren diplomak askatasuna ekarriko die. Nik, ordea, ez dut diploma bat behar askatasuna izateko, lehendik ere aske bizi bainaiz. Beti izan dut askatasuna lagunekin ateratzeko, nahi izan dudan arropa janzteko, nire afizioez gozatzeko,... Ez didate sekula ezer inposatu izan, beraz, ez da nire kasua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!