"Gu herritarrak gara eta herritarren arazoak konpondu nahi ditugu"

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 6a, 19:13

Tolosako Podemos-Ahal dugu aurkeztu dute gaur jendaurrean; Iñigo Cabieces izango da ordezkaria.

Pasa den maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan 1.851 boto jaso zituen, Tolosaldean, Podemos-Ahal dugu alderdiak. Duela urte bete ekin zioten ibilbideari, eta eskualdean 97 kide dituela, gaur aurkeztu dute Tolosarako proiektua: "Tolosaldeko taldeak desagertu egin behar du, udalerrietako taldeei lekua utziz".

Horrela, kultur etxean egin dute hitzordua, Tolosarako proposamenak aurkeztu eta herritarrak parte hartzera deitzeko. Iñigo Cabieces izango da Tolosako udal taldeko ordezkaria, eta, haren esanetan, "Tolosak talde propio bat behar du".

Egitasmo hasiberria dela azaldu du Cabiecesek, eta orain artea 6-10 pertsona elkartu badira ere, "badirudi orain jende gehiago animatuko dela". Izan ere, Tolosako eragileekin elkartzen hastea da Podemos-Ahal duguk bere agendan duen lehentasunetako bat: "Tolosaren eta tolosarren arazoak ezagutu nahi ditugu, eta herritarrekin bilduko gara horretarako. Orain eragileekin elkartzen hasi gara, eta Gure Esku Dago taldeko kideekin egon gara jada".

Proiektu politiko gaztea izaki, Iñigo Cabiecesek abantailak ikusten dizkio horri: "Jendeak aldaketa bat nahi du, orain arte politika beti goi mailako zerbait izan baita, jendearen arazoak konpondu gabe. Gu herritarrak gara eta herritarren arazoak konpondu nahi ditugu".

Aurkezpen ekitaldian, Cabiecesekin batera izan da Jone Cisneros batzarkidea, eta baita Roberto Uriarte Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusia ere. Halaber, Stop Kaleratzeak elkarteko Marcelino Martin EAEko etxebizitza legeaz aritu da, eta horrek sortzen dituen arazoez; Tolosako Podemos-Ahal duguk jorratu beharreko arazoetan lehenetsi egin du etxe kaleratzeen afera.

Tolosako taldea astero edo bi astez behin elkartzen da, kultur etxean, baina udan aretoa itxita izango denez, Villabonako balio anitzeko gelan egingo dituzte bilkurak. Herritarrei dei egin diete parte hartzera, eta bilerez haragoko bideak ere eskaini dituzte. podemosahaldugu.tolosaldea@gmail.com da helbide elektronikoak, eta Facebook orrialdea, berriz, AHALDUGUTOLOSALDEA.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!