"Antzinako gure musika handia da, benetan, baina hilzorian dago"

Jone Amonarriz 2015ko uzt. 5a, 10:00

Euskal Barrokensemble taldeak disko berria kaleratu du. Antzinako musika gaur egunera moldatuz, abesti «hurbilekoak eta erakargarriak» bildu dituzte eta Enrike Solinis musikariak horren berri eman du.

Jatorri musikal ezberdinetako hogeitik gora artisten talentua biltzen du Euskel Antiqua diskoak, tartean eskualdeko hainbat musikari: Miren Zeberio (biolina), Miguel Zeberio (koroa), Leire Berasaluze (ahotsa) eta Xabier Leturia (perkusioa). Enrike Solinis (Bilbo, 1974) da taldearen sortzailea eta zuzendaria, eskarmentu eta talentu handiko musikaria.



«Herriko musika da euskaldunok daukagun altxorrik inportanteenetakoa», diozu diskoaren harira kaleratutako dokumentalean.

Hori egia hutsa da. Normalki hemengo, Euskal Herriko, kontserbatorioetan garai klasiko hartatik aurrerakoa ikasten da batez ere, eta bizkarra ematen ari gara gure herriko musikari. Hau oso larria da gainera, kontuan hartuz, ia hilzorian dagoela. Hain justu, gure nortasuna herriko musikan dago, besteak beste. Antzinako musika euskarri oso aproposa da geure altxor hori plazaratzeko.

Zer biltzen du 'Euskel Antiqva' diskoak?

Berpizkundeko eta barroko garaiko hainbat testu eta musika; bai kultua eta bai herrikoia. Agerian jartzen du garai hartan nola uztartzen zen herriko musika musika kultuarekin. Antzinako musikan, batez ere, berpizkunde eta barroko garaian, herriko musika nagusitzen zen Euskal Herrian.

Jordi Savall-en zigilupean argitaratu duzue azken lan hau. Ez dakienari nola azalduko zenioke zein den bera?

Jordi Savall mundu mailan musika klasikoaren alorrean dagoen pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa da gaur egun. Oso esanguratsua da bai guretzat, talde bezala, eta baita euskal musikarentzat ere. Leiho handi bat da gure ondarea mundura zabaltzeko. Horregatik, uste dut benetan pertsona garrantzitsua dela.



Sortzen duzuen musika ezohikoa, berezia eta bakarra da.

Nik nahiko normala dela uste dut. Izenak atzera egin diezaioke jendeari. Baina behin musika entzun ondoren, oso erraza egiten da, oso hurbila; batez ere, herriko musikarekin lotura handia duelako. Antzinako musikak sormena erabiliz hainbat hutsune betetzeko aukera ematen du. Horri esker, aukera ematen du musika hurbila egiteko ere.

Hasiera batean badirudi oso musika minoritarioa dela. Ez zarete bereziak sentitzen?

Ez. Ez nuke esango egiten dugun musika minoritarioa denik. Jende askok, gazteak barne, esan digute asko gustatu zaiela diskoa. Hau ez da musika klasikoa. Izena oso pedantea bada ere, diskoaren barruan dagoen musika hurbila da. Eta entzun duen jendeari asko gustatu zaio.

Euskal Herriko berpizkunde eta barroko garaiko lanak lantzen dituzue. Zerk eraman zaituzte horretara?

Aspalditik nabil honetan. Ia lan bera egin dut beste kultura batzuekin. Barruan zerbait neukan, batez ere, gure kulturarekin. Gainera, ez gara lehenengoak, baina orain arte oso lan gutxi egin da esparru honetan. Nik grina hori nuen barruan eta bete arte lanean jarraitu dut. Edo dugu. Izan ere, lan hau ez da nirea bakarrik; Mirentxu Zeberio eta biok jarri dugu gure denbora eta dena honetan, eta baita musikariek ere. Dena eman dute; denbora, talentua... Gure kultura zaindu eta landu behar dugu, batez ere, herri bezala iraun ahal izateko. Horren abstentzioak pertsonalitaterik gabeko herri izatea ekarriko luke, eta desagertu egingo ginateke. Hori argi eta garbi esan behar da.

Nola uste duzu lortu duzula edo lortu duzuela antzinako musika erakargarri egitea?

Antzinako musikak aukera ematen dizu zure erara berregiteko eta moldaketak egiteko. Orduan, zu bizirik baldin bazaude, benetako eta gaur egungo gauzak egingo dituzu eta jendeak sentituko du musika hurbila dela; benetakoa eta erakargarria.

Oso jatorri ezberdinetako hogeita bi musikari bildu zarete. Zerk egin du halako proiektu indartsua posible?

Burugogorkeriak. Ideia bat genuen buruan eta burutu arte lanean jarraitu dugu buru-belarri. Azken unean, Jordi Savallek proposamena bota zigunean, guretzat aukera paregabea izan zen. Eta bultzada handia eman dio diskoari. Bai ala bai atera nahi genuen proiektua aurrera, eta lortu dugu.

Zenbateraino da posible zuzenekoak egitea, hainbeste lagun izanda?

Posible da, batetik, aurrekontu egoki batekin, eta ez da oso handia musika klasikoan dagoenarekin alderatuta. Eta bestetik, taldea moldatzeko aukera izanda. Urtarrilean kontzertu handi bat eskainiko dugu Kursaalean, dantzariekin eta guzti, baina aurre kontzertu bat egin genuen Arrasaten, hamar lagunekin, eta oso polita gelditu zen. Daukazunarekin moldaketak egiteko aukera ematen du antzinako musikak.

Etapa berri baten hasieran zaudete. 2006tik hona, zertan aldatu da Euskal Barrokensemble?

Etapa berri bat baino gehiago proiektu berri bat da diskoa. Taldea programen arabera moldatzen da. Berpizkunde garaiko musika egiteko musikari edo musika batzuk aukeratzen dira. Barroko garaiko musika egiteko, aldiz, taldearen egitura aldatu egin behar da. Eta horregatik, lan batetik bestera aldatzen ari gara formazioa. Disko honek ateak ireki dizkigu Euskal Herrian. Gu, batez ere, kanpoan bizi gara eta hemen ez daukagu ia aukerarik musika egiteko. Eta kuriosoa da, izan ere, hurrengo urtean bira egingo dugula Kanadan, Ameriketako Estatu Batuetan eta hainbat lekutan bai musika eta baita hizkuntza bera ere asko gustatu zaielako. Eta harritzekoa da hemen oraindik aukera handiegirik ez izatea, ez guk eta ez honetatik bizi diren artista askok ere. Hori konpondu egin behar da.

Etxean bi musikari zarete: Miren Zeberio eta biak. Musikak batu zaituzte?

Bai. Gasteizen egin genuen topo, kontzertu batean. Eta orain elkarrekin bizi gara [barreak].



Ondare musikalaren berreskurapenean, zein da giltza?

Gogoa, sormena eta beharra. Zure herria, zure bizimodua, zure testuinguru osoa ulertzeko zure ondare musikala behar duzu. Minimo batzuk jakin beharra dauzkagu konprenitzeko non gauden. Bestela batzuentzako Euskal Herria Suitza bezalakoa izango da. Nor garen eta non gauden ulertzeko geure ondarea beharrezkoa da. Eta batez ere, gozatzeko. Honek ez dauka helburu praktiko edo pragmatikorik. Gure musika handia da, benetan, baina hilzorian dago. Hori da tristeena. Pixka bat sakonduz gero, mundu berri bat ezagutzen da, hainbat eta hainbat kultura hemen nola bizi ziren, adibidez; eta hori oso polita da. Mixel Etxekoparrek dokumentalean dioen bezala, «aniztasuna behar dugu euskaldunak izateko».

Nora jotzen duzue berreskuratze honen bidean?

Denetarik dago. Landa lana da aukera bat; herriko musika entzun eta analizatzea. Antzinako musika ikasi beharra dago horretarako. Hemen, Euskal Herrian, ez dago antzinako musika ikasteko aukerarik, kanpora joan beharra dago horretarako. Bertan ikasten da metodologia bat dagoela, dagoenarekin berreskuratzeko, aztertzeko, garai bateko ikur musikalak zeintzuk izan ziren jakiteko. Bestetik, eskuizkribuak daude, eta baita pinturak, testuak eta abar. Horrekin guztiarekin pizten da antzinako musika eta literatura.

'Euskel Antiqva'-ren mundu mailako estreinaldia uztailaren 18an izango da, Languedoc eskualdean (Okzitania). Nolakoa izango da eskainiko duzuen emanaldia?

Polita. Lekua ez da txikia baina nahiko intimoa izango da. Antzinako musika gustatzen zaion jendea joango da kontzertura, euskal kultura zer den jakiteko grinarekin. Munduan jende asko dago ez dakiena zer den Euskal Herria. Gertatu izan zaigu hainbat lekutara joan Euskal Antiqua-ren emanaldi bat emateko eskaintza egitera eta bertakoek galdetzea ea zer den euskal musika. Orain diskoa entzunda, badakite. Eta inportantea da, ezer gutxi dagoelako. Noski badagoela, baina izan behar zuenarekin alderatuta ez da ezer. Lan egin behar dugu horretan, hutsune hori betetzeko eta batez ere, oso lan polita delako. Hau da daukaguna eta hemen biltzen diren soinu batzuk eta hitz batzuk oso politak eta esanguratsuak dira. Euskaldunok disfrutatu egin behar dugu horrekin guztiarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!