«Orain arteko bide beretik jarraitzeko eta giro ona ez galtzeko eskatzen diot TAKEri»

Mikel Iraola 2015ko uzt. 2a, 09:19

Zazpi urteren ondoren, Mikel Lakunza beasaindarrak TAKE Saskibaloi taldean egindako ibilbidea amaitutzat jo du.

Betiko lagunen taldea atzean utzi eta Tolosan ibilbide berria hasi zuen duela zazpi urte Mikel Lakunzak. Itzultzeko garaia du orain. Lagun handiekin eta disfrutatuz doala dio.

Zergatik erabaki duzu ez jarraitzea?
Orokorrean TAKEn urte gehiago daramatzadan arren, Beasaingo BKLn jokatu izan dut txikitatik, kuadrillakoekin. Beti izan dut itzultzeko gogoa, baina Tolosan ere oso gustura nengoen. Zazpi urte egin ditut Tolosan, baina nire oraingo egoera ez da azken urtetako berbera, lanean ari bainaiz.

Beraz, saskibaloian jokatzen jarraituko duzu.
Bai, herriko taldea da BKL, eta bertan jokatzen dute kuadrillakoek. Urte asko daramatzate proiektu berri bat egin nahi dutela, etxeko jendearekin. Izan ere, gaztetan taldeko askok alde egin genuen beste talde batzuetara, senior mailako taldeak ez zuelako mailarik. Orain nahi dutena da pixkanaka denak taldera itzultzea eta proiektua polita da. Ea guzti honetatik zer ateratzen den.

Nola laburbilduko zenituzke TAKEn izan zaren zazpi urte horiek?
Talde bezala ikaragarria da. Ez bakarrik jokalariak, zuzendaritzakoak eta klubaren barruan dabilen gainontzeko jendea ere bai. Oso giro ona dago. TAKEko parte sentitu naiz, familia bateko parte. Kantxatik kanpo ere giro ezin hobea izaten zen. Nik asko baloratu izan dut hori urte hauetan, eta TAKE uztean izango dudan penarik handiena giro hori galtzea da, jende horrekin harremana nahi ez badut ere, pixkanaka galtzen joango delako. Zazpi urte hauetan lagun handiak egin ditut. Dena den, afariren batera agertuko naizela esan diet, eta ahal dudanetan ere gerturatuko naiz partida batzuk ikustera.

Zein dira zazpi urteko ibilbide honetan unerik gozoena eta txarrena?
Hoberenetakoa eta gehien gogoratuko duguna agian Arrasaten lortutako igoera izango da, urtean zehar egindako lana borobildu genuelako, eta gainera Arrasateri bere kantxan irabaztea lortu genuelako. Ospakizunak ere oso onak izan ziren. Eta egia esan momentu txarrak oso gutxi izan ditut. Batzuetan bai kosta izan zaidala igande batean nahiko urruti jokatu behar izatea, baina gero bertara joan eta ongi pasatzen genuen.

Zer nolako esperientzia izan da azken urte honetan EBA mailan jokatzea?
Oso ona. Talde bezala, uste genuena baino maila hobea eman dugu. Kanpotik talde oso indartsuak etorri dira, eta pentsatzen genuen erraz galduko genuela, baina partidak aurrera atera ditugu. Beste maila bat ezagutu dugu, jokalarietatik hasita kantxetara. Orokorrean esperientzia oso ona izan da.

Zer nabarmenduko zenuke azken denboraldi honetatik?
Etxeko jendearekin eta gainera jende gaztearekin sekulako lorpena egin da. Gainera hurrengo urtean taldea hobetu egingo duen jendea dator. Talde horrek etorkizun handia du. Konparaezina da.

19 urtez azpiko Euskadiko selekzioaren aurkako neurketa jokatu zuen ekainean TAKEk. Hori izan zen zure azken neurketa. Azken segundoetan, Yon Gonzalezek aldatu zintuenean, ia emozioari ezin eutsi...
(barreak). Hunkigarria izan zen, bai. Taldekideak eta harmailetan zegoen jendearen zati bat altxa zen txalotzeko. Eskertzekoa izan zen, dudarik gabe.

Zein mezu utziko zenieke zure lagun izandako (diren) horiei?
Jarrai dezatela hasitako lan horrekin bide beretik. Horrela segituz gero, oso maila ona hartuko du taldeak. Beste igoera bat lortzea akaso gehiegi esatea da, baina EBAn lehiatzeko aukera izango duela uste dut. Bestalde, esango nieke mantentzeko duten giro ona eta gogoratzeko nitaz afariren bat egin behar dutenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!