Bost urte dira jada, Irrien Lagunek egun osoko jai eguna antolatzen dutenez geroztik. Orain dela hiru urte, gainera, festa egun horri bestelako balore batzuk gehitzen hasi ziren, eta Bizipozaren jaia antolatzen hasi ziren, Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartearen sorrerarekin bat eginez. Irailaren 27an, igandearekin, Tolosako kaleek hartuko dute elkartasunaren kolorea, eta egitarauaren lehen zertzeladak atzo aurkeztu zituzten, Zerkausian egindako agerraldian.
Aiora Zulaika Pirritxek azaldu zuenez, Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea "gogoeta estrategiko baten ondorioz" sorturiko egitasmoa da, eta herritar eta elkarteetatatik harago doa". Horrela, auzolanean eta sarean lan egitea hasieratik zehazturiko oinarriak dira, herritar guztiak berdintasunean bizi daitezen: "Behar bereziak dituzten haurren eta horien familien bizi-baldintzak hobetzeko hainbat kolektibori erantzun bat emateko ahalegina da hau guztia, eta gaur egun 27 elkartek osatzen dute Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea".
Aiora Zulaikarekin batera, Olatz Peon Tolosako alkatea, Idoia Lahidalga Tolosako eragileen ordezkaria eta Anabel Arraiza Irrien Lagunakeko ordezkaria ere izan ziren agerraldian, eta azken honek eman zuen, oraingoz prestatu duten egitarauaren berri. Egun osoko jaia izango da irailaren 27koa, eta Tolosako Udalaren nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso dute proiektua aurrera eramateko; horrez gain, Tolosako hainbat eragile ere hasiak dira, jada, festa egunerako beren alea jarriz.
Bi gune eta hamaika kolore
Bizipoza eta elkartasuna sustatzeko, bi gune nagusi prestatuko dituzte Tolosan. Batetik, Beotibar pilotalekuko estalpeak haurrentzako tailer zein puzgarriak hartuko ditu. Gune eta oholtza nagusia, berriz, Alondegian jarriko dute; ikuskizuna, elkarteen gunean, emanaldiak eta beste hamaika hitzordu izango dira bertan.
Guneetara sartzeko 5 euroko sarrera ordaindu beharko da, aurretik eskuratuta nahiz unean bertan, eta irabazi guztiak elkarte horiei bideratuko dizkiete. Aipatzekoa da, gainera, Irrien Lagunak klubeko kide direnek ez dutela sarrerarik ordaindu beharko: "Harpidedunek nahiz sarrera ordaintzen dutenek, guztiek jasoko dute Bizipozaren jaiko zapi berezia", azaldu zuen Anabel Arraizak.
Iganderoko moduan, txistulariek ekingo diote egunari, dianarekin, eta dultzaineroak hasiko dira beranduxeago. Harrera instituzionala ere izango da, eta Udaberri dantza taldea ariko da ondoren. Saioa amaitutakoan, Tolosako Musika Bandarekin eta erraldoiekin desfilea irtengo da Alondegitik, eta 12:00etan, eguerdiarekin bat eginez, urteroko sari banaketa egingo dute. Aurten, Hik Hasi egitasmoa saritzea erabaki dute, 20 urte bete baititu.
Katxiporreta eta Mulanbo perkusio taldeek egingo dute arinago, bazkarirako itxaronaldia, eta Zerkausiko otorduan 1.000 pertsona elkartzea da antolatzaileen helburua; bazkari txartelak eskuratzeko informazioa aurrerago eskainiko dute.
Arratsaldean, berriz, Ane piratak, flashmoba nahiz txokolate jatea izango dira, eta apar festarik eta ur jolasik ez da falta izango, egun osoan barrena.
Guztiek dei egin zieten tolosarrei Bizipozaren jaian parte hartzera, "elkarte horien guztien bozgorailu izan eta 'eman eta jaso' horren zati bat osatzera".