"Ez dugu inor goretsi nahi, etorkinen arrakasta akademikoa sustatu baizik"

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko uztailaren 1a

Oumaima Azoukay eta Dina Guennai omendu zituen atzo, Jatorkin elkarteak, Tolosaldean batxilergoa euskaraz amaitu duten lehen bi emakumezkoak izateagatik.

Iaz Marwane Azergui alegiarra izan zen, eta haren bidetik iritsi dira, aurten, batxilergoko ikasketak euskaraz biribiltzera, Oumaima Azoukay eta Dina Guennai. Eskualdean hori lortu duten lehen bi emakume marrokiarrak dira, eta ekitaldi xumea egin zuten atzo, lorpena jendarteratzeko.

Kike Amonarriz aurkezleak ere hala azaldu zuen: "Oso ekitaldi garrantzitsua da, bai hizkuntza komunitate guztiarentzat, bai hezkuntza komunitate guztiarentzat eta baita Tolosaldeko euskaltzale guztientzat ere. Herritarrek ezagutu beharreko zerbait da, zalantzarik gabe".

Horrela, bi eta zazpi urterekin Tolosara iritsitako bi nesken lorpena azpimarratu zuen Amonarrizek. Bi omenduek, berriz, ez zuten gorespenetan sartu nahi izan: "Ez dugu inor goretsi nahi, eotrkinen arrakasta akademikoa sustatu nahi dugu. Eta, horretarako, irakasle nahiz familien inplikazioa lortu nahi dugu". Bide horretan, feminismo islamikoko erreferentzietako bati lapurtu zioten Nire diploma, nire askabidea leloa, beren bizipenak adierazteko.

Mahai inguru bat ere izan zen, omenaldiarekin batera, eta Olatz Peon Tolosako alkateak hartu zuen, lehenik, hitza. Bere ustez, hezkuntzak pertsona askeago egiten du, eta Azoukay eta Guennai "askorentzat ispilu bilakatuko" direla azpimarratu zuen Peonek, zorionak emanez.

Ondoren, Joseba Ibarra Kultura Arteko Hezkuntza programaren arduraduna, Said El Idrisi Bilboko Miribilla ikastetxeko irakaslea, Joxerra Zalakain Tolosako Orixe institutuko zuzendaria eta Kepa Goikoetxea Laskorain ikastolako zuzendaria aritu ziren ikasle etorkinen eskola-arrakastaz nahiz porrotaz, eta Iftar-aren ondoko mokadutxoaz gozatu zuten gero.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!