Erretiroduna erail zuen gizona hiltzailetzat jo du epaimahaiak

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 30a, 19:17

2013ko azaroan gizon batek bestea erail zuen Tolosako Beotibar kalean

Urte eta erdi da, jada, Tolosako Beotibar kaleak ezbeharra hartu zuenez geroztik. Carlos Sarasola akusatua Jose Luis Gonzalez erretirodunaren etxean bizi zen, azken honek etxean hartu zuen lehena. Horrela, 2013ko azaroaren 10ean, 02:30ak aldera, Carlos Sarasolak labana bizkarretik sartu zion Jose Luis Gonzalezi.

Joan den astean epaitu zuten, Carlos Sarasola akusatua, Gipuzkoako Auzitegian, eta aste honetan bertan eman dute herri epaimahaiaren erdiestea: hiltzailetzat hartu dute, aitorpenaren leungarriarekin.

Herri epaimahaiaren erabakia magistratu lehendakariak jakinarazi zuen herenegun, eta akusazioa gauzatu duten alderdi guztiekin— Gipuzkoako Fiskaltzarekin eta biktimaren senideekin— elkartu ziren gero, horiek guztiek beren zigor eskaerak zehazteko.

Bere aldetik, ministerio publikoak edo fiskaltzak aitorpena egin izanaren zigor leungarria ez aplikatzea jo zuen egokitzat, akusatuarentzat 18 urteko espetxe zigorra eskatuz. Akusazio partikularrak, berriz, fiskaltzaren arrazoibide berari eutsi zion leungarriari dagokionez, eta 20 urte eskatu zituen Carlos Sarasola akusatuarentzat

Biek ala biek, ordea, prozesua jarraitu duen magistratuaren hitzari ere aukera bat eman zioten; hark benetan aitorpenik izan dela baieztatuko balu, 17 urteko zigorra eskatuko luke fiskaltzak, eta 17 urte eta 6 hilabetekoa senideek.

Akusazioekin batera, defentsak ere izan zuen eskaerak zehazteko aukera. Horrela, hasiera batean Sarasolaren abokatuak bezero akusatuarentzat 5 urteko espetxe zigorra eskatu bazuen ere, herenegungo gertakarien ondoren 15 urteko zigorra eskatu zituen.

Kalte ordainak ere bai

Kartzela zigorrez gain, fiskaltzak kalte ordainak gauzatzea ere eskatu zuen akusatuarentzat: zehazki, eraildako gizonaren bi alabetako bakoitzari 35.000 euroko kalte ordaina ematea.

Akusazio partikularrak, berriz, 63.000 euroko kalte ordaina eskatu zuen.

Kontuak kontu, afera behin betiko epaiaren zain geratu da, eta erabakia auziko magistratu lehendakari Jorge Juan Hoyos Morenok idatziko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!