Antzerki astea, jaien aurreko mokadutxorik onena

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 30a, 11:13

Amarozko antzerki asteari ekin diote jada, eta igandera bitarte hamaika emanaldi izango da

Sanjoanen bestondoak ez du denbora handiegirik izaten festazaleen gorputzetan, sanpedroekin batera iristen baitira sanferminak. Jai handienen itzalean, ordea, auzoen epelak ere badu bere xarma, eta Amarotz auzoak ez du hutsik egingo aurten ere.

Jaien ataria berotzeko antzerki astea prestatu du, beste behin, Intujai Teatro antzerki taldeak, eta igandera bitarte zabaldu dute egitaraua, hamazazpigarren urtez. Teilatupean nahiz kalean gozatu ahal izango da interpretazioaren arteaz eta, opor garaia auzotar guztien gozamenerako izaki, haur, gazte nahiz helduei begirako lanak txertatu dituzte egitarauan.

Gaur bertan, haurrentzako antzezlana izango da auzo etxen, 18:30ean, Konfusion teatroren eskutik; Txintxarra eta Inurrixoa eskainiko dute. Gauean, berriz, 22:00etan hasita, Tarana Karim ariko da Bidaiari baten ipuinak kontatuz; familia osoari begirako hitzordua izango da.

Lehen kale ikuskizuna bihar izango da, Imaginaciones Nai taldearen eskutik, 18:30ean; Nai Malabarista saioa eskainiko dute, familia osoarentzat. Alex Rabanalek, berriz, 22:00etatik aurrera, Crisis a los 40 antzezlana eskainiko du auzo etxen.

Ostegunean ere bi saio izango dira. 18:30ean bata, Zirkoloretsuaren Lapurretak saioarekin eta, 22:00etan, kalean, Zirkoloretsua eta Circo Dabitxiren eskutik, Sorginak 2.0 emanaldia eskainiko dute. Ostiralean, berriz, jaien lehen egunean, 18:00etan izango da antzerki asteko hitzordua, kalean; Cia Sainetek Lo que nos dejaron lana eskainiko du.

Azkenik, igande eguerdian Malabacircok eskainiko duen emanaldiak biribilduko du antzerki astea; Barriendo voy ikuskizuna eskainiko dute kalean, familia osoarentzat.


 Egitaraua

AMAROZKO XVII. ANTZERKI ASTEA

Ekainak 30, gaur.
-
Konfusion teatroren Txintxarra eta inurritxoa, 18:30ean, auzo etxen.

-Tarana Karimen Bidaiari baten ipuinak, 22:00etan, auzo etxen.

Uztailak 1, bihar.
-
Imaginaciones Nairen eskutik, Nai Malabarista, 18:30ean, kalean. - Alex Rabanalen Crisis a los 40, 22:00etan, auzo etxen.

Uztailak 2, osteguna.
-
Zirkoloretsuaren Lapurretan, 18:30ean, kalean.

- ZIrkoloretsua eta Circo Dabitxiren eskutik, Sorginak 2.0, 22:00etan, kalean.

Uztailak 3, ostirala.
-
Cia. Sainete taldearen eskutik, Lo que nos dejaron lana, 18:00etan, kalean.

Uztailak 5, igandea.
-
Malabaracirco taldearen eskutik, Barriendo voy lana, 12:30ean, kalean, familia osoarentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!