Periko Delgado bihar Tolosako irteeran izango da

Asier Imaz 2015eko ekainaren 26a

Oriako Txirrindulari eskolak astea larunbatean borobilduko du, 11 Tontorren Abraham Olano Martxarekin. 300 parte hartzaile inguruk eman dute izena.

San Joanen inguruan, aste baten barruan, hiru proba antolatu dituzte Oriakokoek. Azkena izango da larunbatekoa, eta bereziena ere bai. Azken orduan gainera, Periko Delgado irteera puntuan izango dela esan dute antolatzaileek. 


Quebrantahuesos ezaguna amaitu berri den honetan, 11 Tontorrena iritsi da. Irteera 08:00etan izango da, eta antolatzaileak izugarrizko gogoarekin daudela diote. Iazko parte hartzea gainditua dute jada, eta 300 lagun inguru biltzea espero dute irteera puntuan.


208 kilometro izango ditu ibilbide luzea, eta Gipuzkoan barrena ibiliko dira gora eta behera. Laburra egin nahi duenak, 70 kilometroko ibilbidea izango du aurretik, Tolosaldean eta Goierrin barrena.


Aitor Aiertza Oriakoko kidea da, eta Olano Martxa Quebrantahuesos baino gogorragoa dela uste du: «Kilometro antzekoak dituzte, baina hemen hamaika tontor igo behar dira, eta han hiru. Laburragoak dira, baina hamaika dira».


Periko Delgadoz gain, beste hainbat gonbidatu ere izango dira larunbatean Tolosan lasterketa egiteko asmoz: Joseba Beloki, Juanma Garate, Aitor Osa, eta Tom Davis Gianteko ordezkaria. Horiez gain, bost etiopiar irtengo dira, txirrindularitza mundua bertatik ezagutzera etorritako bost kirolari.


Aiertzaren esanetan, helburua egun eder bat pasatzea da, ingurune paregabean. Eguraldia lagun izango dutela dirudi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!