Tolosar festazaleenen kexa izaten da sanjoanen iraupen laburra. Egutegiaren kapritxoak medio, badira hiru egunera mugatu izan diren festa urteak, eta, noski, parrandazalearen soinean beti kabitzen da gau zoro bat gehiago.
Neurriak neurri eta iraupenak iraupen, tolosarrek ez lukete berehalakoan trukatuko San Joan Egunaren berezia, zazpi eguneko festak izatearekin. Eta ezta mende laurdena betetzera doan kuadrilla egun gogoangarria ere; zein ote da, bada, arrakastaren gakoa?
Beste hainbat egitasmo handiren moduan, Tolosako Kuadrilla Eguna ere lagun arteko elkarrizketa batean sortutako ideia batetik tiraka jaio zen. Gazteek, ideia berriek eta grinak bat egin zuten, eta Tolosako sanjoanak ordura arte izan gabeko kolorea hartzen hasi ziren, 1991. urteko ekainean. «Garai hartan kuadrilla arteko olinpiada batzuk antolatzen ziren. Hari jarraipena emateko, eta, herriko jendea Hernanira joan ez zedin, Tolosan bertan gazteentzako zerbait antolatzea pentsatu genuen», dio Pitz Izagirre lehen antolatzaileetako batek.
Izan ere, 1990eko hamarkada hasierara bitarte, hutsala zen gaur egun sanjoanek duten tradizio eta berrikuntzaren uztartzea: «San Joan jaiak oso jai serioak ziren, elizkoiak. Herriak eta gazteek ez zuten parte hartzen eta, garai hartan, Hernanira joatea zen moda», dio Andoni Gorostidik.
Goizetik gauerako festa izaten da, gaur egun, Tolosako Kuadrilla Eguna; gauetik goizaldera bitarteko orduen gozamenaz, norbera arduratzen da. Duela 25 urte ere bide bertsua hartu zuten orduko gazteek, eta jarduera ezin deigarriago bat aukeratu zuten Kuadrilla Egunaren estreinaldirako: baltsa jaitsiera. «Nik uste dut lehen urtean bertan hasi ginela baltsa jaitsiera egiten. Irteera Suzaiko suhiltzaileak zeuden leku horretan egin genuen eta, amaiera, berriz, Santa Maria elizaren atzealdean izan zen, presa baltsekin jaitsiz eta bizipoz pixka bat sortuz», dio Izagirrek.
Bi hamarkada eta erdi igaro badira ere, hastapenetako antolatzaileek ondo gogoan dute egun hartako egitaraua eta, hori, ezinbestean, ederki pasatu izanaren seinale da: «Kuadrillak hainbat musikarirekin banatu ginen kalean barrena, eta gogoan dut trikitilariak, dultzaineroak eta txaranga ibili zirela, kalez kale», ekarri du gogora Gorostidik.
Denborak bakoitza bere lekuan jartzen duela esan zuen norbaitek, eta badirudi ospakizun guztietako bazkari-legea leku onean izan dela beti, denborak ez baitu jaietatik mugitu: «Bazkarian 8-9 sukalde jarri genituen Plaza Berrian, Amarotz auzotik jaitsita. Txapelketa bat antolatu genuen, marmitakoarena-edo, eta lehiaketan prestatutakoa bazkaldu genuen ondoren, guztiok», dio Carlos Montillak. Jokoz, txistez, bertsoz eta kontzertuz biribildu zuten, azkenik, lehen Kuadrilla Eguna.
Belaunaldien talka, lehen hesia
Gaur egun ia 2.000 pertsona elkartzen ditu Kuadrilla Eguneko bazkariak, baina, antolatzaileen begietatik, festa egunaren hastapenak ez ziren errazak izan: «Hasiera guztiak gogorrak izaten dira, eta hasiera hura oso gogorra izan zen, udalarekiko harremanei zegokienez».
Ideia gazte eta berrien proposamenak ordura arteko festa-egitura hertsia dantzan jarri zuela diote antolatzaile izan zirenek, eta hamaika eztabaida izan zituzten: «Testuingurua ondo zehaztuz gero, Tolosan orduan ez zegoen ohiturarik horrelako ezer egiteko. Kuadrilla guztiok elkar ezagutzen genuen, baina ez ginen hainbeste nahasten, gutxi batzuk izan ezik; eta gauza bera gertatzen zen festekin ere. Horrela, proposamenarekin udalera joan ginenean, itxitako egitaraua zuen festa batzorde batekin topo egin genuen, eta baita nortasun irmoa zuen alkate batekin ere».
Festa giroan ez omen da etsairik, baina, Kuadrilla Egunaren sortzaileek gerra txiki baten moduan bizi izan zuten abiarazte hura, barre artean gogora dakarten arren: «Zera zioten, gazteok zertara joan ote ginen batzordera, hori horrela osatuta zegoela, sanjoanak zeuden bezala ondo zeudela,… Belaunaldien arteko talka bat izan zen, eta baita pentsamolde artekoa ere», dio Gorostidik. Lehen hesi hura gainditzeko, beraz, ideia hura egia bilakatzeko atzean jende asko zutela sinestarazi behar izan zieten arduradunei.
Ideia berriei lekukoa
Baiezkoak eta elkarlanak ekarri zuten festa. Festak gozamena eta, gozamenak, arrakasta. Horrela, aurreneko urteko antolakuntza berari eutsi zioten lehen hamabi urteetan: «Inertziaz aurrera egin genuen, lantaldeaz harago, laguntzeko prest jende asko izaten baitzen. Egia esan, gure arteko lan hori egitea ez zitzaigun gehiegi kostatzen, eta gehiago izaten zen koordinazio lana egitea, beste ezer baino; gogoa eta ilusioa zegoenez, oso modu naturalean ateratzen zen guztia».
Kuadrilla Eguna jaio eta hazi ere egin zen, Tolosako sanjoanetako egitarauan zeharo egonkortu arte. Horrela, «atzetik bultzaka zetorren jendea bazela» ikusi zuten antolatzaileek: «Guk gure festa formatuarekin jarraitu genuen, baina atzetik zetozenek bazituzten bestelako ideiak eta, egia esan, guk ere bagenuen lekukoa pasatzeko adina», dio Gorostidik. Bide horretatik iritsi zen, bada, errelebo naturala: «Kuadrilla Egunak jendeak egindako festa izan behar du, gure betiko ideia izan da, eta etorkizuna beraiek ziren».
Erreleboak, belaunaldiak, ohiturak eta urteak eskuz esku aldatzen joan dira mende laurdenean, eta gaur egun urtez urte aldatzen da Kuadrilla Eguna antolatzearen ardura. Gazteentzako jai bat baino, kuadrillentzako jai bat antolatzen hasi ziren 1991 hartan, eta zikiro jateak betetzen zuen bazkari legea; orain, kuadrilla bakoitzak moldatzen du bere otordua. Ordutik honako aldaketarik nabarmenena, ordea, parte hartzearena izan da Pitz Izagirreren iritziz: «Guk sekula imajinatu ere egingo ez genituen kopuruetara iritsi da Kuadrilla Eguneko bazkaria». Izan ere, «garai hartan 700 lagun elkartzea bazkari erraldoi bat egitea zen», Andoni Gorostidiren esanetan.
Erroturiko festa baten adierazle, azken urteotan garesti dago, tolosarrentzat, Euskal Herria plazako bazkari erraldoian aulkia izatea; 1.500dik gora pertsona elkartzen dira, eta txartelak lehen egunerako agortzear izaten dira. «Gazteek plaza handiago bat bilatu beharko dute agian!», diote Montillak, Gorostidik eta Izagirrek, barre artean. Zinez, ordea, pozgarria zaie herritarren parte hartzea: «Pena da jendea kanpoan geratzea, baina pozgarria ere bai, aldi berean. Lan zaila neurtzen!».
Aldaketa «latza» festaren alde
Kuadrilla Eguna iraultza txiki bat izan zen Tolosako sanjoanetan, baina bizitza laburra du San Joan Egunaren alboan. Ekainaren 24a ere nabarmen aldatu da edo dute belaunaldi berriek, eta tolosarren egutegietan gorriz margoturiko laukitxoa da egun. «Aldaketa latza jasan du San Joan Egunak», dio Gorostidik: «Nire kasuan, eguna bizitzea egokitzen zitzaidan dantzaren mundutik, eta guk oso ondo pasatzen genuen, 24koa oso egun polita zen guretzat. Horregatik, bagenuen beste helburu bat: eskopetari konpainien kopurua handitzea».
Proposamen, eskari edo asmo izan zitekeen hura ere eztabaidaren iturburu izan zela dio Gorostidik, udalak ez baitzuen lehenengoan onartu «prozesio itxi eta elizkoi hura herriari zabaltzea». Ekainaren 24a herriari hurbiltzea proposatu zutenek bazekiten «kutsu elizkoiak hor egoten jarraituko zuela, noski, baina norberak bere modura bizitzea nahi genuen, eta herritarrek ekitaldi horretan parte hartzea ezinbestekoa zela uste genuen», dio Andoni Gorostidik.
Agur, egun zoragarria! dio tolosarrak hunkitzen dituen kantuak eta, egiazki, zoragarria da, bai, 1.200 herritar goizean goizetik ikustea; beste hainbeste ikusle irribarrez sumatzea; gizon-emakumeak dantzaren pausoak osatzen sentitzea. «Nik uste dut denborak erakutsi duela, festa herriko jendearen parte hartzeari esker bizi dela, horrela bizirauten duela festa batek. Kuadrillen Egunari gauza bera gertatu zaio, guk egindako festa, gurea eta guretzat delako. Eta, bestaldean dago Hernaniren kasua», Gorostidiren ustez: «Modari loturiko istorio bat zen, eta ez dute festa-giroa herrian horrenbeste sortu. Herri batek giroari eustea eta bestean gainbehera izatea, nire ustez, epe luzera etorri den erantzuna izan da; moda, finean, irrazionala da eta edozein lekutara mugi daiteke».
Festek ere, sarri, asko dute irrazionaletik. Bide horretan, inauteriak tolosarren egun kuttunenetakoak dira, zalantzarik ez da; ezinezko hautua, ordea, da mozorro festaren eta sanjoanen artekoa. «Zaila da aukeratzea, inauterietan inauteriak, eta sanjoanetan sanjoanak. Biak ederki ospatzea onena!».
Eta halaxe egingo dute, bihar, Tolosako 25. Kuadrilla Egunean. Izan ere, moda, belaunaldi, ideia eta proposamenen gainetik, parrandarako sekretuak beti berak dira: «Poteoa, musika pixka bat eta, garrantzitsuena, festarako gogoa».
‘SELFIE’ LEHIAKETA
Larunbatean goizeko 11:00etatik 14:30era bitarte igo beharko dute beren selfie-a kuadrillek Twitter-era.
Argazkia igotzearekin batera, @kuadrilaeguna aipatu beharko dute ezinbestean.
Parte hartzaileen artean, hiru sari egongo dira: selfie originalena, selfie tolosarrena eta selfie kutreena. Bazkariaren amaieran irabazleak jakinaraziko dira.