«Urteko egunik hunkigarriena da gaurkoa»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015eko ekainaren 24a

San Joan egunez eskopetarien alardea eta bordon dantzarien emanaldiak izaten dira protagonista nagusiak. Tolosako kaleak jendez lepo bete dira goizean, egun handia ospatzeko

Goiz esnatu da gaur, Tolosa. San Joan jaietan daude murgilduta bete betean eta San Joan egunez ekitaldiak goizean goizetik hasten dira. Baina tolosarrek egun handian nagirik ez, «urteko egunik hunkigarriena da» entzun ahal izan da eskopetariei eta bordondantzariei begira, Andre Mari plazan bildutako bat baino gehiagori.

Izan ere, eguneko protagonista nagusiak eskopetariak eta bordondantzariak izaten dira eta gaurkoan ere ez dute huts egin. Plaza Zaharrean elkartu dira lehenengoak eta San Joan Alardeari eman diote hasiera, udalbatza buru zutela. Handik Andre Mari parrokiara, mezara, gaurkoan, iaz ez bezala, alkate eta hainbat zinegotzi mezan hartu baitute parte. Mezak luze jo du eta herritarrak zein udalbatzako kideak atera direnerako Andre Mari plaza jendez gainezka zegoen. Han zeuden ere eskopetariak, bordondantzariak eta erraldoiak. Santuen, udalbatzaren, eskopetarien eta bordondantzarien kalejira etorri da gero, eta goiza bukatzeko, Euskal Herria plazan bildu eta azken tiro-jasak bota dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!