Tolosako sanjoanak 2015

Bota dute txupinazoa Tolosan

Imanol Garcia Landa 2015eko ekainaren 23a

Hainbat kuadrilletako kideek bota dute sanjoanetako txupinazoa, herritar ugariren aurrean.

Egun handiaren bezperan, Tolosako San Joan jaien txupinazoa bota dute. Aurten Kuadrilla Egunak 25. urteurrena beteko du eta suziria sei kuadrilletako kideek bota dute, tartean hastapenetakoak antolatu zituztenak. Bi bertso abestu dituzte eta suziria piztu ondoren, hasi dira txarangaren doinuak entzuten.
Haur eta gaztetxoak izan ohi dira Plaza Zaharrera joaten direnak, txikienak gurasoek lagunduta.

Balkoitik gozokiak bota dituzte eta mugimendua sortu da plazatik udaletxeko balkoira begira zeudenen artean. 

Ondoren erraldoien dantza etorri da, jendetza inguruan zutela, eta gero hasi dira kalejiran, Zerkausia kaletik abiatuta. Iraunkorrak txaranga ere Alde Zaharreko kaleak alaitzera abiatu da.

Biharkoa egun bereziena da San Joan jaietan, baina gaurko gaua ere emozioz bizi ohi da herrian, San Joan suaren inguruan. Atsedena hartuko dute etzi tolosarrek, asteburuari indartsu ekiteko. Larunbatean, Kuadrilla Egunean, jende ugari elkartuko da, tartean orain 25 urte bildu zirenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!