Tolosako sanjoanak 2015

Azoka bereziarekin batera, festa giroa eta kirolak

Ataria 2015eko ekainaren 20a

Sanjoanetako azoka bereziak jendea erakarri du Tolosara. Hainbat produktu erosteko aukera izan da. Horrez gain, San Joan jaien inguruan hainbat kirol ekitaldi izan dira: batel estropadak, saskibaloia kalean eta zesta punta.

Euskal Herriko hainbat produktu erosi ahal izan dira azoka berezian: pateak, barazkiak, ogia, garagardoa, gazta, sendabelarrak... Azokaren presentzia ere baliatu dute hainbat ekimenek euren postua jartzeko: Nepali laguntza bideratzeko taldea, Samaniego eskolak bigarren eskuko liburuen postua Kokuyo elkarteari laguntzeko, Amarotz auzo elkarteko bigarren eskuko produktuen postua, eta Fracking Ez taldekoen mahaia eta erakusketa, besteak beste.

Erraldoi eta buruhandi konpartsakoak ere atera dira Alde Zaharreko kaleetatik. Gaur aurkeztu dute margotzeko liburuxka. Haurrei zuzenduta, liburuan Tolosako buruhandi eta erraldoiak margotzeko marrazkia daude. Xirimiri taberna-kafetegian daude salgai liburuxkak, eta San Joan jaietan zehar bertan erosi ahalko dira.

TAKEk antolatuta, 3x3 saskibaloi txapelketa jokatu da goiz eta arratsaldez. Bestalde, zesta puntaz gozatzeko aukera izan da Beotibar pilotalekuan, Beotibar Eskolak antolatu duen XXIV. San Joan Zesta-Punta Txapelketa dela eta.

Batelak ere aritu dira Oria ibaian, Gipuzkoako Udaberri Batel Ligaren jardunaldia jokatu baita. Lau maila aritu dira, eta TAKeko batelek infantil nesketan lehen postua, hirugarrena eta laugarrena eskuratu dute. Kadete nesketan bigarren izan dira. Infantil mutiletan lehen eta hirugarren postuak lortu dituzte, eta kadete mutiletan, bosgarrena eta bederatzigarrena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!