Koloreak, Berazubiko gizonari jarriak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 20a, 11:30

Iazko Eskulturastean Tolosaldeko ikasleek margoturiko irudiekin murala eskaini diote Iñaki Epelde margolariari, Berazubiko Tolosa CF plazan.

Auzokide, lankide, lagun, ikasle eta herritarrak elkartu ziren, atzo, Tolosa CF plazan. Arrazoia bakarra izan zen, Iñaki Epelderen omenezko Betidanik murala bistaratzea. Eskulturasteko antolakuntzak, Nisa Goibururen gidaritzapean, Iñaki Epelderen omenezko egitasmoa martxan jarri zuten joan den udazkenean, eta Tolosako hiru ikastetxeko neska-mutilek, Anoetako ikastolakoekin batera, artistaren lana sorkuntza-iturri izan zuten norbere margoak hartu eta obratxo propioa sortzeko. 

Gaztetasunaren kolore hori guztia bederatzi hilabetez egonkortzen utzi ondoren, murala osatu dute, eta Berazubi auzoko gune hori argituko du aurrerantzean, "Berazubikoa" zen gizonaren omenez: "Hemen jaiotakoa zen eta, gerora ere, bere familiak lotura handia izan zuen auzoarekin, Berazubikoa baitzen", nabarmendu zuen auzokide batek. 

Olatz Peon alkateak ere laudorio hitzak izan zituen margolariarentzat, irakasle gisa ezagutu baitzuen, lehenik: "Berak bazuen talde giro ona sortzeko dohaina eta, hain trebeak ez ginenok hari esker ikasi genituen margotzeko oinarrizko sekretuak". Bide beretik, Peonek "gizon osoa" izan zela azpimarratu du, "ez baitzuen sekula erreparorik izan pentsatzen zuen hura adierazteko". 

Berazubikoa zen, bai, baina baita tolosarra ere, eta laguntza eskatzen zioten ezein lekutakoa: "Deitzen zitzaion egitasmoa edozein zela ere, bere erantzuna beti zen baiezkoa; bere obra bere debozioa zen", azaldu zuen Olatz Peon alkateak. 

Txalaparta hotsek eta agurraren pausoek biribildu zuten ekitaldia, Betidanik betirako Berazubiko plazan geratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!