Manifestazio artistikoa egin nahi dute Trianguloan

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 18a, 12:15

Beantatuz Kale Arte Jaialdian parte hartuko duen artistetako bat da Igor Rezola. Kasu honetan, besteek ez bezala, ez du mural bat margotuko. Manifestazio artistiko bat proposatu du. Jendearen parte hartzea behar du proiektu hau aurrera eraman ahal izateko, eta larunbatean  20:00etan, Tolosako Trianguloa plazara gerturatzeko deia egin du.

Suprematismoa bezala ezagutzen den mugimendu artistikoaren balioa ospatu eta aldarrikatzea du  helburu, Kasimir Malevich eta Vladimir Maiakovskik manifestu suprematista idatzi zutela ehun urte betetzen direnean. Errusiako abangoardiaren giroan sortua izan zen.
Bestetik, nagitasunerako eskubidea erreskatatu eta aldarrikatu nahi  du: «Nagitasuna mehatxu bat bezala ikusten da, gizakiaren helburua lana bihurtu den bitartean. Langileria, ikasleria, kultura eta mugimendu artistikoetatik modu bateratuan, kapitalismoak ezarri zituen lan eta bizi moduari kritika gogor eta zorrotz bat luzatu zioten. Kapitalismoak kritika hau kontutan hartzeaz gain, etekina atera zion indar berriturik agertzeko ostera», adierazi dute, eta gaineratu «lanak aske egingo zaituzte» lelo zaharra ekartzen diela gogora. Orain gutxi arte «praktika artistikoa beste lanetatik bereizten zuten lanaren ezaugarriak, lan eredu berrien ezaugarriekin bat egiten amaitu dutela», diote. Lan eredu hauen atzean, ordea, «prekarietate eta esplotazio forma berriak ezkutatzen dira». Horrela, «autonomia, kreatibitatea eta autoerrealizazioa jasotzen dituzten lan ereduak, garapen ekonomikoaren motor bihurtu diren aldi berean, alor hauetako langileek pairatzen dituzten zorigaitz eta gaixotasun berrien motor bihurtzen dira».
Artisten ustez «lanak ezin du beraz gizakiaren helburua izan». Horregatik, inoiz baino beharrezkoago ikusten du kalera atera eta suprematismoren balioa aldarrikatzea. «Nagitasuna, ezer ez egitea eta alferkeriaren balioa aldarrikatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!