Antzerki tailer baten gorabeherak oholtzara

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 17a, 11:24

Tolosako kultur etxeko Tic-Tac antzerki tailerreko kideek Hace tiempo que vengo al taller obra eskainiko dute, ostiralean, Leidorren.

Mendelaurdena gertu du Tolosako kultur etxeko antzerki tailerrak eta, urte horietan guztietan bezala, aurten ere ikasturtea biribiltzeko ikuskizuna prestatu dute, herritarrentzat: Hace tiempo que vengo al taller. Finean, antzerki tailer batean bizi ohi dituzten egoerak taularatuko dituzte, Alfredo Sena antzerkigileak idatziriko zenbait eszenarekin.

Helena Aranbarri tailerreko arduradunak azaldu duenez, "obra antzerki tailerretik pasatu diren guztiei omenaldi bat egiteko baliatu nahi dugu, eta baita tailerrean jarraitzen dutenak omentzeko ere". Izan ere, Hace tiempo que vengo al taller pertsona horien guztien kirisiei, lehen saioei, fantasiei nahiz ametsei begira jarriko da, euskara eta gaztelera tartekatuz. "Finean, gure gainditze propioa ospatu nahi dugu, tailerra asko hazi baita urteen poderioz".

Aniztasuna ikur

Gaur egun 25-30 pertsona inguru elkartzen dira, astero, Tic-Tac antzerki tailerrean. Guztiek antzerkia dute pasio edo afizio, baina, horrez gain, oso talde anitza direla diote: "Bizimoduz, izaeraz nahiz pentsamendu politikoz oso desberdinak gara elkarren artean, baina bada batzen gaituen zerbait: antzerkia. Beraz, bizikidetza gainditu eta proiektu bakar bat aurrera eman ahal izatea ere omentzeko zerbait iruditzen zaigu", dio Aranbarrik.

Eta, ez da gutxiagorako, 16 eta 70 urte arteko antzerkizaleek bat egiten baitute kultur etxeko geletan. Taldearen bereizgarrietako bat da, dudarik gabe, baina aberatsetik gehiago duela dio Geronimo Otegi taldeko kide beteranoenak: "Adin desberdintasunak, batetik, zailtasun bat dakar, baina, bestalde, oso aberatsa da. 10 urte daramatzat taldean, eta oso ondo pasatzen dut, korapilo eta arazo pertsonalak askatzeko balio baitidate gure saioek, traba horiek beste ikuspuntu batetik begiratzeko".

Bide beretik, antzerkia bizitzarako bultzadatzat ikusten dute Otegiren kideek ere, bere zailtasunei esker: "Zure nortasunetik erabat aldentzen diren pertsonaiak interpretatzea eskatzen du antzerkiak eta, askotan, pertsonaia horiek ez ditugu gustuko izaten, hasieran behintzat. Baina, kontua da, hainbeste lan eta entsegurekin, pertsonaia biribiltzea lortu eta gustuko paper bilakatzen dela".

Antzokian bezala, kalean

Leidor aretoko saioa 20:30ean hasiko da, ostiralean, eta sarrerak eskuragarri daude, jada, 5 euroan. Antzokiko ikuskizunera mugatu gabe, ordea, antzerki tailer bateko egunerokoa, hainbat genero erabiliz, kalera ere atera nahi izan dute, Tolosako nahiz eskualdeko jendearentzat.

Horrela, obra Tolosaldearen eta antzerkiaren arteko harreman historiko batera hurbilduko dute, eta sanjoanetako giroari interpretazioaren magia erantsiko diote, lehenik, ekainaren 25ean, 19:00etan, Euskal Herria plazan. Era berean, ekainaren 27an, larunbatarekin, Zerkausi inguruan ariko dira, 10:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!