«Tolosaldean bada surfa egiteko afizioa, ez dirudien arren»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 17a, 10:37

Kimetz Martinezek (Tolosa, 30 urte) Surftiger Surf Boards du bere gomendio gutunik onena. Gipuzkoaren bihotzean egonda ere, Kantauriko olatuen bizia gertutik bizi du, olatuon gainean dantzan aritzeko taulak egiten baititu, eskuz; shapera da.

Lehiberrin duzu lantokia. Nolatan iritsi zara hona?
Aurretik hainbat lekutan aritu nintzen, eta surf taulak egiteari serioago eutsi nionean, tailer bat behar nuela ikusi nuen, lanerako leku bat. Lehiberriri buruz hitz egin zidaten orduan, izan ere, nik ez nuen gehiegi ezagutzen. Tailerrak ere bazeudela ikusi nuen, eta bat eskatzea pentsatu nuen, proiektua bertako arduradunei aurkeztuz eta protokolo guztia jarraituz. Ideia ona iruditu zitzaienez, tailer bat lortu nuen azkenean.

Zure antzera, beste ekintzaile batzuk ere aritzen dira hemen. Baina, beharbada, bereziena zure jarduna izango da, surf taulak egiten baitituzu, eskuz. Nolatan hasi zinen horretan?
Bakarrik ikasi nuen, ez baita horretarako ikasketarik. Egia esan, betidanik egin izan ditut nire taulak, patineteenak-eta; horrela, surfa ere egiten nuenez, nire surf taulak sortzen hasi nintzen behin. Azkenean, hori bihurtu da nire bizimodu, nolabait.

Hemen inguruan ba al da surf taulak eskuz egiten dituen norbait?
Hemen inguruan ez da oso ohikoa, nahiz eta baden baten bat. Baina Donostia eta Hondarribia aldean ohikoagoa da jardun hori, eta zer esanik ez Iparraldean.

Zure tailerrari begiratuta, nabaria da lanean etenik gabe ari zarela. Erantzun ona izan dute Surftiger Surf Boards markak eta bere produktuek?
Bai, gero eta gehiago, gainera. Tailer bat izanda, aukera handiagoa duzu lan egiteko. Inguruko jendea bertaratu egin da, tailerrera etorri da. Besteak beste, gertuko jendeak hemen nagoela jakiteko eta beraientzako lan egin ahal izateko balio dit leku honek.

Ezerezetik abiatu eta surf taula bat amaitu bitarteko prozesua zein da?
Ohiko prozesua hasterakoan, nire taula ereduetatik abiatzen naiz; hainbat neurritako ereduak ditut, zabalera desberdinak dituztenak. Horrela, bezeroak taula eredu jakin bat aukeratzen duenean, bere ideiak eta neurriak hartzen ditut— luzera eta pisua— taula eredua pertsona horren ezaugarriei egokitzeko. Behin fitxa hori bete eta materiala eskuragarri dudala, espuma batetik abiatzen da prozesua; moztu egiten da eta forma ematen zaio, finean, taularen itxura nagusia sortuz. Eta behin forma nagusia sortuta, beira zuntza ematen zaio taulari, poliesterrarekin. Hor hasten da prozesuaren zatirik luzeena, beira zuntzari koloranteak sartzen zaizkiolako eta taulari gilak jarri behar zaizkiolako; gilak, batzuetan finkoak izaten dira, baina, beste batzuetan, kentzeko aukera izaten da. Horren ondotik, hainbat fase daude: lizatu egin behar da, eta berriro zuntza ezarri, eta berriro lizatu, eta berriro zuntzarekin lan egin. Taulari eman nahi diozun definizioaren arabera luzatzen da errepikatze hori.

Gutxi-gorabehera, zenbat denbora behar izaten duzu taula bat amaitzeko?
Astebete eta bi aste arteko lana eskatzen dit taula batek. Kontua, ordea, zera da, taula guztiek denbora bat behar dutela geldirik egoteko, amaituta eta lehortuta egon arren. Horrela, hamabost egun inguru lanean aritu ondoren, materialek hilabete behar izaten dute taulan ondo finkatzeko.

Gaur egun zabala da surf taulak eskuratzeko aukera, espezializaturiko dendetan nahiz saltoki handietan. Zure taulen balio erantsia eskulana da, zure ustez?
Bai, bai. Azken finean, produktu berdina da, baina jende desberdinarentzat. Ni jendearen surf mailara, surf estilora, altuerara eta pisura egokitzen naiz taula bat sortzerakoan eta, azken finean, kalitate hobea duen prozesu bat da, hori bai.

Pertsonalizatuagoa, beraz.
Hori da. Arreta handia eskaini zaio produktu horri, taula bakoitzari, eta ez da masan sortutako produktu bat.

Zure produktu eta lanaren berri emateko zein bide erabili dituzu?
Oraingoz, behintzat, interneta da gehien erabiltzen dudan bidea, nire gunea baitut bai Facebooken eta baita Instagramen ere; hemendik kapora ezagutarazteko bide onena da sarea. Blog espezializatuetan ere hitz egin izan dute nire tailerraz, eta webgunea ere badut: www.surftigersurfboards.com. Eta, noski, ahoz ahokoa ere oso eraginkorra da.

Merkatu honetan txoko bat egitea zaila al da?
Bai, zaila da, mugitzen jakin behar baita: non sartu, nola sartu eta non kokatu. Azken finean marka bat da, itxura bat dauka, eta bere filosofia du atzean. Jendearengana horrekin guztiarekin iristen asmatu egin behar da, eta ez da lan erraza.

Udaren gertutasunak lan gehiago sortzen dizu, edo urte osoa egokia da surflarientzat?
Taulak eskatzen dizkidatenek urte osoan egiten dute surfa, bai neguan eta baita udan ere. Baina, egia da, udaren atarian jende gehiagok eskatzen dituela surf taulak, eta lan gehiago sartzen da beti, bai.

Tolosaldean surf zaletasuna hazteko giltza izango duzu agian.
Egia esan, Tolosaldean bada surfa egiteko afizioa, ez dirudien arren; uretan hemen inguruko jende askorekin egiten da topo. Tailerra martxan jarri dudanez geroztik, eskualdeko jende asko bertaratu da, ikasten hasi nahiko luketela esanez, edo beraientzako zerbait ba ote dudan galdetuz. Eta eskarmentudun surflariak ere etorri dira, txoko honen berri ez zutela eta asko poztu direla esanez, taula bat eskuratu edo konpondu dezaketelako, etxetik bi pausora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!