Nordic Walking Ipar Martxa ikastaro berria, larunbatean

Asier Imaz 2015ko eka. 17a, 08:00

Izena emateko aurrez deitu edo egunean bertan ager daiteke Usabal kiroldegiko aparkalekura.

Euskadiko Nordic Walking Elkarteak ikastaro berria antolatu du larunbat honetan, Tolosan. Ipar martxaren barruko ALFA teknikaren inguruko oinarrizko ikastaroa izango da, 09:00etatik 12:00etara bitarte. Izena emateko 675 70 15 20 zenbakira deitu behar da. Horrez gain, egunean bertan apuntatzeko aukera egongo da, 09:00etan Usabaleko aparkalekura agertuta. Ikastaroan beharrezkoak diren bastoiak bertan utziko dituzte, beraz, antolatzaileen esanetan oinez ibiltzeko arropa arinarekin azaltzea nahikoa izango da. Ikastaroan parte hartzeko 30 euro ordaindu behar dira.


Orain arteko ikastaroek, Tolosan egindakoek, erantzun oso ona izan dutela azaldu dute antolatzaileek. Taldeka egin dituzte ikastaroak, eta 6-8 lagunekoak osatu izan dituztela azaldu dute Euskadiko Nordic Walking Elkartetik. Adin desberdinetako jendea gerturatu dela ere esan dute, bai 40 urtetik gorakoak, eta baita gazteak ere.


Nordic walking edo ipar martxa hankei ez ezik, besoei eta orokorrean soinaren goiko alde osoari eragiten dion ibiltzeko modua da. Jarduera hau praktikatzeko bi makil edo bastoi behar dira. Antolatzaileen esanetan, «mugitzeko era berria da, gorputz osoari eragiten diona; atsegina, leuna eta aldi berean, oso eraginkorra, giharren indarra, bihotza, koordinazioa eta mugikortasuna areagotzen dituelako».


Ikastaroan, alde praktikoaz gain teorikoa ere azalduko dute. Ipar martxak osasunarentzat dituen abantailak azalduz: «Gorputzeko giharren %90 lantzen ditu; oxigenoaren horniketa areagotzen du; garondo eta zerbikalen tentsioa arintzen du; estresa ere arintzeko baliagarria da; bihotzaren lana eraginkorragoa bihurtzen du; babes sistema indartzen du, eta zahartze prozesua atzeratzen du». Horiek dira, besteak beste, oinez egiteko modu honek sortzen dituen onurak, Euskadiko Nordic Walking Elkarteko kideen esanetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!