Fantasiaz hornituriko apaletatik haratago

Naiara Roldan de Aranguiz 2015ko eka. 16a, 10:18

Tolosako Haur Liburutegiak «irakurzaletasuna bultzatzen laguntzen» duela zalantzarik ez du Irati Zaldua arduradunak. Bere esanetan gainera, haur eta gazteek «gozamenagatik» irakurtzea lortzeko lan egin behar du.

Hiru solairu dituzte Tolosako haur eta gazteek euren irudimena hegan jartzen laguntzeko. Aranburu jauregiaren atzealdean, Errotan kokaturik dago haur liburutegia.

Irati Zalduak, udal liburutegiko langileak, haur eta gazteei zuzenduriko gunearen bisitaldi gidatua proposatu du. Irakurleak, sartu eta lehen solairuan 0 urtetik hasi eta 7 urte bitarteko kultur eskaintza topatuko du: liburuak, aldizkariak, hemerotaka txikia, berritasunak, gurasoen txokoa, Bularretik Mintzora gunea, jatorrizko bertsioaren txokoa...

Beheko salairua 8-16 urte bitarteko neska-mutilei zuzendurikoa da berriz. Bertan, gaika sailkatutako literatura lanez gain, eskolarako lagungarriak izan daitezkeen bestelako liburuak ere badaude. Baina Irati Zalduak, zehaztutakoaren arabera, gune horretako arrakastarik handiena dvd, pelikula edota ordenagailu jokoen harpidetzak du. Hor bertan, ordenagailuak ere badaude gaztetxoentzat erabilgarri.

Eta goiko solairuan azkenik komikitekarekin batera ipuin kontaketak, ikastaroak zein bestelako ekitaldiak antolatzeko aretoa dago.

Tolosako haur eta gazteak eskaintza honen jakitun dira. Datuek horrela baieztatzen dute; 2014. urtean 29.887 bisitari jaso zituen Tolosako Haur Liburutegiak eta 23.008 dokumentu eraman ziren maileguan. Egun, 3.684 bazkidek dute liburutegiaren txartela. Eta berriak jasotzeko beti dituzte ateak irekita. Txartela momentuan bertan jasotzen du erabiltzaile berriak, doanekoa da eta gurasoen sinadura behar da.

Aparteko eskaintza

Fantasiaz hornituriko apaletaz haratago, haur liburutegiak eskaintza berezia izaten du urtean zehar. Esaterako, urrian hasi eta apirila bitartean, hilean behin, ipuin kontaketak izaten dira. Miriam Mendoza 3-7 urte bitarteko haurrei zuzentzen da. «Arrakasta handia» duen ekimena dela azpimarratu du Irati Zalduak. «Oso egokia gurasoentzat, ipuinak nola kontatu ikasten baitute», gaineratu du.

Urtean zehar, bada bestelako ekimena Tolosako ikastetxe guztiek bere gain hartzen dutena: Motxila Ekintza. Gela bakoitzeko ikasle batek motxilaren ardura du bere gain, liburutegira joan, liburu bat aukeratu, irakurri eta gelan landu ondoren, motxilaren lekukoa beste bati pasatzen dio. «Oso ondo funtzionatzen duen ekintza da eta irakurzaletasuna bultzatzen laguntzen du», esan du Zalduak.

Uda liburu artean

Uda garai berezia dela probesturik Tolosako Haur eta Gazte Liburutegiak bere eskaintza ere egokitu egiten du. Batetik, ordutegia aldatu egiten da. Urtean zehar 17:00-20:00 bitartekoa dena, ikasleen oporraldiekin batera 10:00-13:00 bihurtzen da.

Bestetik, Biblioporrak deituriko ekimena ere martxan jartzen da. Liburutegiak 0-16 urte bitarteko liburu aukeratuez osaturiko bost zerrenda kaleratzen ditu «berritasunak, pil-pilean daudenak, kalitatezko irakurketak» bilduz. «Zerrenda hauen helburua azken finean, ume eta gazteek gozamenagatik irakurtzea da. Inposatutako irakurketak izan gabe», azaldu du liburutegiko langileak.

Eta azkenik, uda oro bezala, Usabal kiroldegian ere udako liburutegia martxan jartzea aurreikusirik du aurten ere Tolosako Haur Liburutegiak. Usabalen bertan, liburuez, gidez, aldizkariez osaturiko bilduma jarriko du erabiltzaileen eskura, aisialdi momentu horietan irakurzaletasuna bultzatzen laguntzeko eta baita erabiltzaile berriak eskuratzeko. Honako zerbitzua uztaila eta abuztua hiletan egongo da martxan, astelehenetik larunbatera bitartean.

Aukera ugari beraz, Tolosako haur eta gazteei zabaltzen zaizkienak irakurtzea gozamena dela senti dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!