"Nahikoa zilegitasun du Bonbereneak etxea mantentzea eskatzeko"

Mikel Iraola 2015ko eka. 15a, 19:26
Argazkia: Josetxo Perez/Bonberenea

Ostiralean Piromanoen deialdia egin zuten Bonberenean. Azken legealdian Bonberenea mantentzeko egindako pausoen inguruan balorazioa eman eta datorren legealdiari begira eskakizunak egin zituzten, Fermin Muguruza, Natalia Garmendia eta Javier Arrizibitaren laguntzaz.

2013ko prozesu parte-hartzailean San Esteban auzorako erabaki zen eraldaketa urbanistikoa mantentzea, eta auzotarren erabakiarekin bat eginda, Bonberenearen etorkizuna barmatzea, alor urbanistikoan nahiz juridikoan, etxearen izaera errespetatuz. Bi eskakizun horiek egin dizkio Bonbereneak Tolosako udal gobernu berriari.

Izan ere, Piromanoen deialdian Juantxo Arakama, Bonbereneako kideak azpimarratu bezala, "ezin daiteke esan etxearen etorkizuna bermatua dagoenik". Dena den, azken legealdiko irakurketa positiboa ez den arren, "norabide egokian aurrerapauso batzuk" egin direla onartu dute gazteek: "Bonberenea mapatik ezabatzen zuen Plan Urbanistikoa atzera botatzea txalotzen dugu, eta horri esker egoera ez da duela lau urte bezalakoa".

Era berean, auzotarrek 2013ko prozesu parte-hartzailean erabakitakoa mantentzeko eskatu du Bonbereneak: "Oso bestelako San Esteban bat eskatu zuten auzotarrek, berdeagoa, garapen jasangarri eta iraunkorrean oinarritua dagoena, bizia. Eta Bonberenea bere lekuan mantenduko duena. Auzoarentzat ezinbestekoa delako, eta Tolosarentzat lehen mailako ekipamendu kulturala delako".

Bonberenearen ustez, "nahikoa zilegitasun" du eskakizun horiek egiteko: "18 urte daramatzagu lanean, eta nekatuta gaude. Etxe honen sorkuntza erritmoak ezin du udalean dagoen alderdi politikoen ideien menpe egon. Behin betiko soluzioa eskatzen dugu. Kulturan tinko jarraitu nahi dugu, baina horretarako ezinbestekoa dugu etorkizun bat, indar guztiak sorkuntzan gastatzeko".

Fermin Muguruza musikariak, eta Natalia Garmendia eta Javier Arrizibita herritarrek ere babesa eman zioten Bonbereneari deialdi honetan. Hemen gonbidatuen esanak:

Javier Arrizibita

"Bonberenean sartu nintzenean lan asko egina zegoen jada. Orain semea dago hemen, txarangarekin, eta oso gustura aritzen da. Irakatsi egiten diote hemen, larunbatero-larunbatero jendea prest izaten da horretarako. Eskola baten antzerakoa da hau, edo gehiago. Esperientzia ahaztezinak izaten dituzte. Esaterako, 11 urterekin BEC-en izan ziren jotzen Pirritx eta Porrotxekin 4.500 pertsonaren aurrean. Hori beraientzat sekulakoa da. Guraso bezala lasaitasuna ematen dit nire semeak hemen ibiltzea, disfrutatu eta ikasi egiten dutelako. Hemen egiten denak ez du parekorik".

Natalia Garmendia

"Tolosa ezagutu dut Bonberenea gabe. Herri tristea zen, kulturalki eta musikalki. Oroitzapenak oso gogorrak dira, edozein gauzarako mehatxupean bizi ginelako. Ez genekien atxilotuak edo kolpatuak izango ote ginen. Zorionez, gauzak asko aldatu dira. Gutariko askok ez luke sinetsi ere egingo gaurko egunean horrela egongo ginatekeenik. Nork pentsatuko luke editorial bat izango genukeela? Demostratu da guztiaren atzean lana dagoela, eta gauza bat da norbaiti esatea ezetz arrazoirik ez duelako, baina arrazoia duenean, nola esaten diozu ezetz? Guk guztiok daukagu pentsatuko ez genukeen babes bat: lanarena, demostratu dezakegulako egin dugula, eta egiten jarraituko dugula. Bonberenea aukera bat da.

Fermin Muguruza

"Tolosarekin harreman berezia izan dut, hemen euskaldundu nintzelako. Orduan ezagutu nuen Bonbereneako jendea. Duela hamar urte eman nuen lehen aldiz kontzertua Bonberenean eta ordutik aurrera gauza asko egin ditut. Udaran, esaterako, Manu Chaorekin batera bertan izan ginen bazkaltzen. Bere babesa dauka Bonbereneak borroka honetan. Txap bezalako pertsona bat ere Bonberenean izatea luxu bat da. Eman nuen azken kontzertua ere hemen izan zen.

Mario Benedettik kontatzen du istorio oso polit bat, bere lagun militante bati buruz. Uruguaitik joan egin behar izan zuen errefuxatu moduan. Argentira joan zen baina han diktadura ezarri eta handik ere alde egin behar izan zuen. Hamaika lekutan izan ondoren, Danimarkara joan zen. Urteen poderioz Uruguain bake prozesua izan zen, eta bera zaharra zela itzuli egin zen. Poliziak pasaportea eskatu eta pasatzen utzi zionean zera esan zuen: "Se olvidaron de nosostros hasta nuestros enemigos". Honekin esan nahi dut gure etsaiak, hau mehatxupean daukatenak, ez direla gutaz ahaztu. Bonberenea defendatuko dugu amodioz, baina behar bada, amorruz ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!