"Xumetasunetik" Leidor betetzera doaz nepaldarren alde

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 10a, 15:05

Ostiralean hainbat kultur adierazpenek bat egingo dute Leidor aretoko oholtzan, lurrikarek sorturiko kalteei erantzun bat emateko.

Bidaiarien Txokoan aurkeztu dute ostiraleko hitzordua, euskaldun zein nepaldarrek. Tolosan ez ezik, Euskal Herrian eta atzerrian ere milaka dira Nepalera begira dauden elkartasun begiak eta, horrela, aletxo txiki bat jarri nahi izan dute eskualdetik ere. Egutegian horrelako egitasmo bati tarte bat egitea ez da lan erraza Tolosan, baina gogotsu dira antolatzaileak: "Erronka handia da, 800 eserleku baititu aretoak".

20:00etan hasita, besteak beste, Idoia Sanchez ipuin kontalaria, Nepalgo dantzariak, Tolosako Udaberri dantza taldeko dantzariak, Unai Mendizabal eta Iñigo Gorostarzu bertsolariak nahiz Oreka TX taldeko kideek parte hartuko dute, eta berriki Nepaleko hondamendian harturiko irudiak ere ikusgai izango dira emanaldian. "Deitu diegun guztiek baiezkoa eman digute hasieratik, eta batzuek beren burua parte hartzeko prest azaldu dute, beraz, oso pozik gaude horri dagokionez, biltzen den diru guztia bideratu ahal izango baitugu hara", dio Iztuetak.

Nepal oso handia da, eta han ere, lurrikarak lurrikara eta miseriak miseria, hamaika errealitate bizi dituzte herritarrek. Horrela, jaialdiko antolatzaileen ustez, "ekintza txikiek gauza txiki askori eragiten diote". Ostiralean bildutako irabazi ekonomikoekin, beraz, nepaldarri laguntzen aritzen diren lau elkarteri babesa eskainiko diete. Lurrikaren ondoren babesean bizi ahal izateko behin-behineko etxeak eraikitzeko proiektuak, ura edangarri bilakatzeko makinak zein haurrentzako harrera etxea dira elkarte horiek jomugak.

Jaki nepaldarra dastagai

Ordubete inguruko ikuskizuna izango da Leidorrekoa, eta prezio sinbolikoa ezarri nahi izan diote sarrerari: "10 euro ordaindu beharko  da sarrera, eta borondatez gehiago eman nahi duena ere ongi etorria izango da".

Jaialdiaren ondoren, gainera, nepaldarren eguneroko jakiak ezagutu eta dastatzeko aukera izango da, afari nepaldarra prestatuko baitute, Hirukide Jesuitinetako patioan. Leidorrera joaten diren guztiek izango dute afaria dastatzeko aukera, eta norbaitek jaialdira joan ez baina afarira joan nahiko balu ere, aukera izango du: "Afaria berez doakoa izango da, eta herritar bakoitzak borondatea eman ahal izango du".

Dal bhat izeneko jaki tradizionala prestatuko dute, nepaldarrek –ahal dutenek, behintzat– egunero jaten dutena: "Arroza, dilistak, barazkiak eta tomatea ditu, eta bizi edo pikante pixka bat ere badu", azaldu dute. Jaki xumea da, baina horrek ere azalpen bat du, izan ere, antolatzaileen arabera, zentzun handirik ez luke izango nepaldarrei laguntzeko sekulako menua prestatzea, herritarrek gehiago ordaindu behar izatea eta Nepalera diru kantitate gutxi bidaltzea.

Azkenik, kontu korronte zenbaki bat ere eskaini dute, ostiraleko hitzorduetan parte hartu ezin dutenek lagundu nahi badute, diru sarrera bertan egiteko. Kutxabankeko ES42 2095 5067 1091 1507 9082 da kontu korrontea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!