Oposizio eraikitzailea egiteko asmoa azaldu du EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 9a, 18:59

Udal karguen transmisioan "etenik ez izateko", txosten bat prestatu dute EAJko udal gobernuari helarazteko.

Oposizioan egon arren, Tolosako EH Bilduko zinegotzi izango direnek "duela lau urte ekindako bideari jarraitzeko" asmoa azaldu dute egindako agerraldian. Eskerrak eman nahi izan dizkiete herritarrei, "azken lau urteotan oso gertu sentitu ditugulako" eta, udal kudeaketaren parte izan direnei ere esker bereziak eman nahi izan dizkiete. Bide beretik, maiatzaren 24an beren babesa erakutsi zieten herritarrentzat ere esker hitzak izan ditu Ibai Iriartek.

Gobernuan izan diren legealdian "pertsona erdigunean" jarri dutela nabarmendu dute, lau zutabe azpimarratuz: "Garden jardun dugu, eta horri jarraitzeko gogoa dugu, zintzoki; murrizketei planto egin diegu eta zorra kudeatzen ere jakin dugu, udalaren ekonomia biziberrituz".

Horrela, aurrerantzean ere oinarri horiei eutsiz jarraituko dute lanean, azaldu dutenez. Horren harira, gobernu aldaketak etenik ez sortzeari garrantzia berezia eman diote: "Alkatetzan dagoena egonda, zenbait proiektuk aurrera egin behar dute, egoerak hala eskatzen duelako".

Martxan diren proiektuak gobernu berriari transmititu eta jarraikortasuna bermatzeko, beraz, txosten bat prestatu dute era eskematikoan, EAJk osatuko duen udal gobernuari helarazteko. Sailez sail antolatu dituzte proiektu eta auzi guztiak, eta zenbait azpimarratu nahi izan dituzte:

- Wifi eta zuntz optikoko sare publikoa.

- Gardentasunaren udal ataria.

- Plenoak zuzenean eskaintzeko aukera.

- Bidebieta auzoa eraberritzeko bigarren fasea.

- Etxebizitza hutsak berregiteko programa.

- Energia efizientzia lantzeko egitasmoa.

- Tolosaldea Saretzen proiektua.

- Hainbat parte-hartze egitasmo: Haurren hiria, Laia lantaldea, Mugi Tolosa, parte-hartze aurrekontuak, mantenu eta irisgarritasun planak.

- Merkataritzako belaunaldi aldaketa plana, eta erakusleiho hutsak betetzeko egitasmoa.

- Co-working espazioak sortzeko lanketa.

Ibai Iriartek jakinarazi duenez, bihar bertan sartuko dute txostena udalean, "eta EAJko lantaldea ere jakinaren gainean da".

Azkenik, datozen lau urteetarako "oposizio eraikitzailea" izan nahi dutela azaldu dute, "Tolosaren alde lanean jarraituz": "Ez dugu mokokako politikan sinesten, eta herriaren alde lan egingo dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!