Tourette sindromearen alde arraun egingo dute elkarteek

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 9a, 11:59

Ekainaren 20an Tolosako elkarteen arteko bigarren elkartasun estropada ospatuko dute; Tolosako Elkarteen Batzordea ere sortzekotan dira.

Joan den irailean sortu zen, estreinakoz, aspaldiko garaietan Oriaren ertzak jendez lepo betetzen zituzten estropada haietara itzultzeko ideia. 2014ra egokituz, ordea, Tolosako elkarteetako kideek helburu solidario baten alde arraun egitea erabaki zuten, Stop Sanfilippo elkarteari laguntzeko. Datorren ekainaren 20an bigarrenez joko dituzte elkartasun paladak eta, gizarteak ziaboga txiki bat emateko itxaropenez, Tourette Sindromeari babesa eskainiko diote.

San Joan jaien atariko giroa baliatuz, goizean goizetik hasiko dute festa giroa, Zerkausian; elkarteek pintxoak prestatuko dituzte, eta ezein herritarrentzat zabalik izango da Zerkausiko terraza, 11:00etatik aurrera; AFESTTA elkartearentzat dirua biltzea izango da helburua. Estropada, berriz, 12:30ean hasiko da eta, atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, Tolosako 10 elkarte ariko dira festa eguna antolatzen; uretan, berriz, lauzpabost batelen lehia ikusi ahal izango da. Norgehiagokak dirauen bitartean, gainera, Jainekin txaranga eta speaker-ak arduratuko dira arraun zaleen arteko giroa pizteaz.

Festa eta ospakizun guztiek ia ezinbesteko duten herri bazkaria ere Zerkausian izango da, 14:30-15:00ak aldera, eta elkarteetako bazkideekin batera otordua egin nahi duen orori eskainiko diote aulkia; 15 euroren truke, bi plater, postrea, edaria eta kafea izango dira, eta elkarteetako kideekin harremanetan jarri beharko da izena emateko.

Azkenik, arratsaldean txaranga giroak jarraitu egingo du Tolosan, pote-kalejira osatuz.

Elkarteak gero eta elkartuago

Gauza jakina da Tolosako elkarteen izaera dinamikoa, kirol, kultura nahiz aisia lantzeko egitasmoak antolatzerakoan. Elkarte bakoitzak bere aldetik antolaturiko egitasmoen bide beretik, duela zenbait urte elkarlanaren bidea urratzen ere hasi ziren, Elkarrekin jaia, Bisigu festa nahiz iraileko estropada antolatuz.

Abiapuntu hori baliatuz, elkarlan sare horiek gehiago ehuntzeko erabakia hartu dute elkarteek, Lizardiko ordezkari Josune Sanzek azaldu zuenez: "Aurtengo estropadaren ondoren, Tolosako Elkarteen Batzordea osatzea izango da hurrengo jomuga. Elkarte bakoitzak ordezkari bana izango du, eta aurrera begirako egitasmoak antolatzeko gune baliagarria izango da".

AFESTTA, Tolosan sorturiko elkartea

Hurrengo larunbateko estropadan lortutako irabazi ekonomikoak Toutrette Sindromea dutenen eta haien senideen AFESTTA elkartera bideratuko dituzte. 2012. urtean sortu zen, Tolosan, eta 3 familiak ekin zioten bideari.

Gaur egun, Euskal Herriko 17 familia dira bertako kide, eta gaixotasun arraro horren inguruko informazioa zabaltzen dute, terapiak eskaintzearekin batera. Eli Agirretxek azaldu zuenez, ikastetxe nahiz unibertsitateetara ere jo dute informazioa zabaldu eta Tourette Sindromea ezagutaratzeko saioak antolatzeko gogoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!