Uzturrepeko historia eta natura ezagutzeko irteera izango da igandean

Itzea Urkizu 2015eko ekainaren 4a

Udalak hainbat panel jarri ditu, eta baita mahai panoramiko bat jarri ere, Santa Lutziatik gora

Tolosako Udalak duela bi urte inguru ekin zion Santa Lutzia auzotik gorako eremuak txukuntzeari, besteak beste, lur eremu horrek berezkoak dituen zuhaitz eta landare espezieak berreskuratzeko asmoz.

Ingurumenari begirako esku-hartze horrekin batera, ordea, Uzturreko muinora iristeko hain ezagunak ez diren bideak ere txukundu nahi izan dituzte.

Horrela, beraz, Naturzaindiarekin elkarlanean, bost panel ezarri dituzte, eta bata mahai panoramiko bat ere. Ingurumari horietako biodibertsitatea eta geologia ezagutzeko panelekin batera, Santa Lutzia auzoko Miserikordia Zaharraren eta Telegrafoaren inguruko informazioa ere eskainiko diete ibiltariei; azken horien aztarnak ikusgai dira, gainera.

Panelak osatu dituzten teknikariekin batera, beraz, udalak irteera berezia antolatu du iganderako. Triangulotik 10:30ean irtengo dira, eta 10:45ean Samaniegotik. Hiru ordu inguruko ibilbidean, azalpenak entzun ahal izango dituzte parte hartzaileek, egokituriko gune horietan barrena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!