Malumbres: 100 urte joskintzari lotuta

Maier Ugartemendia 2015ko eka. 3a, 13:54

Duela ehun urte Korreo kalean zegoen Ambrosioenea dendaren kokalekuan zabaldu zuten Malumbres denda Isidoro Malumbresek eta Maria Olanok; egun hirugarren belaunaldiak darama dendaren ardura

Malumbres. Ehun urte luze joskintzari lotuta daramatzan Tolosako familia ezagunaren abizena. Korreo kalean, 1915ean Maria Olano eta Isidoro Malumbresek sortu zuten denda txiki hark ehun urte bete ditu aurten, guztiak familia bereko kideen gidaritzapean igarotakoak. Egun Ignacio eta Asun Malumbres anai-arrebek eta Ana Gutierrez langileak jarraitzen dute dendan lanean, eta Ignaciok eman digu dendaren historiaren berri.

Familia eta abizen bati erabat lotutako historia du dendak. Bere abizena dendarekin elkarbanatu zuen Isidoro Malumbresek, XIX. mende amaieran jaio zen Corellan (Nafarroa). Bertan bere familiak laborantzarako erabiltzen ziren lurrak eta mahastiak zituen. Izurrite baten ondorioz, negozioarekin jarraitzeko arazoak izan zituen eta Corellatik Ameriketara joateko asmoa izan zuen. Tolosako lehengusuak agurtzera joan zen Isidoro XX. mendeko lehen hamarkadan. Bertan «lan eskaintza handia» zegoela ikusita, lanean hasi zen; papergintza fabrikan lehenik eta udaltzain moduan ondoren. Tolosako kaleetan lanean zebilela ezagutu zuen, hain zuzen ere, Maria Olano; zaldibiarra izatez, baina Tolosako korreo kalean Fermin Alegriak zuen Ambrosioenea dendan lan egiten zuena.
 
1915a zen, biak ezkondu eta Fermin Alegriarena zen dendaren eskualdatzea egin zutenean; ordutik aurrera Malumbres izena izatera pasa zena. Orduan, joskintzan hasi ziren, Isidorok seminarioan ikasi zuen josten eta Mariaren espezialitatea haurrentzako jantziak egitea zen. Baina orduko saltokietan ohikoa zen moduan, bestelako hainbat gauza ere saltzen zituzten; El búfalo markako euritakoak eta bizarra mozteko Allegro labanak, esaterako.

Lehen belaunaldi hartatik bi seme-alaba jaio ziren: Pilar eta Isidoro. Amaren «osasun arazoak» zirela eta, Pilarrek «gaztetan» hasi behar izan zuen dendan lanean. Orduan, gerra garaiak iritsi ziren eta «negoziorik gabe» geratu ziren, denda suntsitu baitzuten. Isidoro gerratik itzuli zen, eta Bartzelonara joan zen «joskintza kurtso bat» egitera. Ignaciok dioen moduan, «zerotik» hasi behar izan zuten. 1940an anai-arrebek hartu zuten dendaren ardura, eta joskintzakoa soilik izan da denda ordutik aurrera.

Hirugarren belaunaldia

1944an ezkondu zen Isidoro Pepita Jauregirekin eta bost seme-alaba izan zituzten: Arantxa, Gema, Javier Asun eta Ignacio. 1958an, berriz, lehen aldaketa garrantzitsua jasan zuen dendak. Malumbres denda zegoen eraikinaren portala «lekuz aldatu» eta denda zabaltzea erabaki zuten. Bestetik, 1963an, dendaren aurrean zegoen lokala errentan hartu eta emakumeentzat jantzi-denda zabaltzea erabaki zuten.

1984an bigarren belaunaldia jubilatu zen Malumbres SA enpresa sortzea erabaki zuten, «bost seme-alabek negozio familiarrarekin jarrai zezaten»; betiere bizitza guztian beraiekin lanean aritutako Ana Gutierrezekin batera. 1990ean berriro ere berritze lanak egin zituzten dendetan. Baina, hirugarren belaunaldiak ere adinean gora egin, eta bi arreba zaharrenak erretiratu ostean, 2009an emakumeen jantzi-denda itxi, eta emakume eta gizonentzako jantziak betiko dendan saltzea erabaki zuten. 2013an, Javier anaia jubilatu zen, eta ordutik Asunek, Ignaciok eta Ana Gutierrezek jarraitzen dute dendan; 100 urteak ospatzen ari direlarik.


Jarraipenik ez

Bost anai-arrebek bina seme-alaba izan dituzte, baina «bestelako lanetan» dabiltza guztiak lanean, eta beraz, badirudi dendak ez duela «jarraipenik» izango, eta hortaz, ez dela dendan Malumbresen laugarren belaunaldirik egongo. Hortaz, hirugarren belaunaldiak «hazi eta hezi» den denda nola ixten den ikusiko du, gauzak aldatzen ez badira behintzat. Bost anai-arrebek negozioa txikitatik euren bizitzako zati bezala ezagutu dute.

Lehenengo pisuan bizi ziren, eta ondorioz ia egun guztian dendan ematen zuten. Ignaciok gogoan du oraindik dendaren atzealdean nola bazkaltzen zuten guztiek elkarrekin, bazkalondoren Gabonetan nola mahaian oparietako paketeak eta lazoak prestatzen zituzten, edo txikitatik dendako enkarguak egitera nola joan behar izaten zuten. Gogoan dute ere denda «bilgune» bat izaten zela; bertatik igarotzen zen pertsona ugari «tertulian» aritzera joaten baitzen dendara.

Orduan, «beste garai batzuk» zirela dio Ignaciok. Esaterako, Aste Santuen aurretik «ilara luzeak» egoten zirela dio norberak bere trajea egun horietan estreinatzeko. Zalantzarik gabe garaiak aldatu egin dira, eta baita jendearen eskaerak ere. Tolosan, papergintza fabrikak ugariak zirenean, «garai aintzagarriak» bizi izan zirela dio Ignaciok. Baina orain, dendarekin jarraitzeko ere «garairik onenak ez direla» eta arropa erosteko «modua» ere asko aldatu dela dio.

Esate baterako, orain arropa «merkeagoa» erosi eta saltzen da. Modari dagokionez, berriz, emakumeen modan aldaketa batzuk izan direla dio Ignaciok, baina beraiek gizonezkoetan erabiltzen duten arropa estiloan aldaketa «txikiagoa» izan dela dio. Edo gogoan du esaterako, lehen merkealdiak «ia ez zirela existitu ere egiten». Orduan, denboraldi amaieran saldu ez ziren produktu horiek jartzen omen ziren erakusleihoan. Orain, berriz, merkealdia «bi hilabete aurreratu» da.

Zalantzarik gabe, azken urte luzeetan merkatua, bezeroa eta moda aldatu da. Baina, inondik inora aldatu ez dena Malumbres familiak dendarekiko eta joskintzarekiko duen lotura da.

Familiak dendari lotutako bizitza eta historia du, eta horrek dendari eta lanari dioten maitasuna areagotu besterik ez du egiten. Oraingoz ehun urte bete dituzte, eta ziurrenik beste ehun betetzerik izango ez badute ere, aurrera begira ere indartsu eta lanerako gogoarekin jarraitzen dute Malumbresen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!