Herritarrei hormak eskatu dizkiete, kaleko artearen truke

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 3a, 11:04

Beantatuz jaialdia beste urtebetez ospatuko dute sanjoanen bueltan, nazioarteko artistekin

Trianguloa plaza sanjoanen inguruko graffiti lehiaketaren ohiko plaza bilakatu zen, 2010. urtean antolatzaileek paneletatik hormetarako jauzia egitea erabaki zuten arte. Orduz geroztik, Beantatuz egitasmoa prestatzen aritzen dira, nazioarteko kale arte jaialdia Tolosara ekarriz.

Aurten, ekainaren 18tik 24ra bitarte ospatuko dute nazioarteko sortzaileen jaialdia, eta kaleek bestelako itxura hartuko dute artista horien sormenari esker. 2015eko Beantatuz, ordea, berrikuntza txiki batekin abiarazi nahi izan dute: herritarrei dei egin nahi diete, hormak eskatuz.

Xabi Anuntzibai antolatzaile taldeko kidea da eta, azaldu duenez, Beantatuz topaketa bat sortzeko helburuz antolatu zuten lehenengoz: «Artistak elkartzeko beharra ikusten genuen, lauzpabost egun elkarrekin igaro eta, batak bestearengandik ikasiz, bizipenak partekatzeko. Eta, topaketa Tolosan ospatuz gero, noski, artista horiek beren lanak herrian uzteko aukera polita iruditu zitzaigun, aldi berean».

Topaketa eta truke nortasun hori duela bost urte hartu zuen jaialdiak: «2010. urtean paneletatik hormetara pasa ginen, eta aldaketa ekarri zuen horrek, izan ere, gehienbat neurri ertain edo handiko muraletara bideratu genuen jaialdia». Urteen poderioz, ordea, mural erraldoi horiez gain, Beantatuz jaialdian bestelako arte adierazpenei ere tartea egin diete: «Esku hartzeak, argazkigintza, ... Beste edozein formato onartzen dugu orain, eta ez onartu bakarrik: gustura jasotzen ditugu bestelako proposamenak ere».

Artistaren sormena amaigabea izan daitekeen bezala, herri bateko horma eta zuriguneak mugatuak izaten dira. Hala ere, Beantatuz jaialdian sorturiko muralak mententzen saiatzen dira antolatzaileak: «Beti muralak mantentzen saiatu izan gara, hori izan da gure ideia. Baina muralek zenbat iraungo duten, egiazki, inork ez daki. Izan ere, kalean lan egiten duzun unetik, edozer gerta daiteke, eguraldiak kolorea jan dezakeelako, edo jabeak horma aldatzea erabakitzen duelako», dio Anuntzibaik.

Kalean sortzeak duen xarma hori plazaratzen du Beantatuz jaialdiak, baina, Xabi Anuntzibairen ustez, estudioko lana ere kalekoa bezain garrantzitsua da: «Nik bietan lan egiten dut, eta biak iruditzen zaizkit beharrezko; ezingo nuke batekin edo bestearekin bakarrik egon».

Bide horretan, herritar xeheek kaleko artearen inguruan dituzten aurreiritziak ere muga izaten dira, sarri, hormak margotzerakoan: «Egia esan, herrialdearen arabera asko aldatzen da hori. Nik bidaiatzeko aukera izan dut, eta zenbait tokitan begi onez ikusten dutena, beste batzuetan ez dute hain ondo hartzen. Baina gu aspaldi hasi ginen margotzen, eta sekula ez dugu arazorik izan eta ez naiz gehiegi ezkutatu. Hemen, egia esan, eroso sentitzen naiz kalean margotzen».

Batek horma, besteak artea

Bi aste barru ospatuko dute artisten topaketa, eta gonbidatu gehienen parte hartzea lotu dute antolatzaileek.

Artista horiek beren ideiak munduratzeko, ordea, paretak behar dituzte. Orain arte, antolatzaileek eurek bilatzen zituzten hormak, jabeekin nahiz udalarekin hitz eginez; «komeria asko» sortzen zizkien, ordea, dinamika horrek. Horregatik, kaleko mihiseak eskuratzeko deialdi irekia egitea erabaki dute aurten: «Erabiltzeko moduan dagoen hormaren bat dutenek gure jaialdiari aukera bat eman nahi badiote, edozein proposamen jasoko dugu eta, aukera guztiak aztertu ondoren, ikusiko dugu muralak egiteko moduko hormak diren edo artistaren batek bertan margotu nahi duen».

Horrela, beantatuz@gmail.com helbidera idatziz nahiz 639 84 80 95 telefonora deituz eskaini ahal izango dira aurtengo Beantatuz jaialdirako hormak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!