«Irakaskuntza humanistikoa gero eta baztertuago dago»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 3a, 11:27

'Literatura hiztegi tekniko laburra' urtetan onduriko sorkuntza lanen bilduma da; ziklo bat itxiko zuen itxaropenez prestatu zuen liburua, baina sormen oparoa du oraindik Karlos Linazasorok

Bere azken liburua izango zela uste zuen Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962), baina sormena ez zaio eten oraindik. Bere obra «totala» sortuta, datorren urterako lan berezi bat prestatzea du helburu, Eldarnioak liburuaren 25. urteurrena nolabait ospatzeko.

Izenburuak dio hiztegi tekniko bat dela.

Literatura hiztegi tekniko laburra da izenburua eta, tituluak dion bezala, hiztegi bat da. Aldi berean, ordea, izenburuak badu bere tranpa, izan ere, literaturari buruzko hiztegi tekniko batean gauza teknikoak azaldu behar dira berez. Baina, nik, fikzioa txertatu dut hiztegi baten egituran.

Aurkezpenean azaldu zenuenez, literatura ikusteko duzun modua laburtzen du obra berri honek. Nola ikusten duzu, bada?

Horretarako liburua irakurri beharko da [barreak]. Oso luzea litzateke literatura nola ikusten dudan azaltzea, baina, uste dut liburu honek oso ondo erakusten duela zein den nire literatura ulertzeko modua, eta baita nire mundu eta bizi ikuskerak ere. Finean, nire genero guztien laburpen moduko bat da, eta denetik bildu dut hiztegi honetan. Alde horretatik, nire libururik garrantzitsuena dela uste dut, eta urte asko eman ditut liburua burutzen. Ziklo bat ixten du, edo itxi lezake, edo itxi zezakeen, zirkulua osatuz. Baina oraindik ez da itxi, eta idazten jarraitu dut.

Hiztegi izaerari jarraituz, zure sorkuntzarekin definitzen dituzu literatur moldeak. Irakurle estandarrek genero bakarra maite dute?

Egia esan, ez dakit irakurle estandarra zer den eta, are gutxiago, euskaraz; euskaraz gutxi irakurtzen dela uste dut. Baina euskal literaturan nahiz erderazko literaturetan, badira desagertzeko zorian dauden generoak: poesia, aforismoak, antzerkia,... Horrela, liburu honetan denetik dago: prosa poetikoagoa, poema errimatuak... Jendeak nobelara jotzen du, beharbada, errazagoa delako-edo, eta ipuinak ere ez du halako harrerarik. Euskal literaturaren ipuina oso maila altukoa da, nire ustez, baina, irakurlearen aldetik ez dago zaletasunik.Liburu berrian bada nobelatxo bat, luzeegia ez dena; ea irakurleek gustuko duten.

Aipatu berri duzunez, genero batzuek zure alderdirik basatiena azaleratzen dute eta, beste batzuek, berriz, samurrena. Liburuan bietako bat gailentzen al da?

Ez, denetik dago. Ironia eta umore handia dago, eta baita sarkasmoa ere; ziria behin baino gehiagotan jotzen dut. Era berean, ordea, liburuan badago alderdi poetikoago bat, samurragoa. Absurduak ere tarte zabala du, gizartearen komunikazio ezintasun hori islatuz, giza-harremanak sortzeko daukagun zailtasun hori. Halaber, fantasia handia dago, batez ere, mikroipuinetan. Finean, gauza asko eta oso desberdinak.

Eta, gaiei dagokienez, aniztasun hori errepikatzen da?

Nire betiko obsesioak daude, nire betiko gaiak: denbora; komunikazio ezintasun hori; umorea; lirismoa; maitasuna askotan azaltzen da; natura; filosofia printzak, batez ere, aforismoetan... Hori guztia, oso labur esanda. Izan ere, hori da nire beste kezketako bat: gauzak ahalik eta laburren esan behar direla uste dut eta, horregatik, gehiago maite ditut miniaturak edo gauza laburrak, esentziara jotzen dutenak. Bide horretan, ez naiz oso nobela zalea eta, uste dut, nobela bat egiteko talentu handia behar dela. Baina, ez hori bakarrik: istorio on bat kontatu beharra dago, eta nobela gehienek orrialde asko soberan izaten dituzte. Liburu honetan, uste dut ez dagoela orrialde bat bera ere soberan.

Idazle ororen ametsa omen da horrelako liburu bat idaztea, zergatik?

Bai, liburu totala, osoa, Borgesen amets hori; aurreko liburu guztiak gorderik dituen liburu bat. Lan honetan nik egiten dakidan guztia dago.

Eta hori nahita bilatu duzu?

Ez. Nik edozein momentutan idazten dut eta, tartetxo bat dudanean, soneto bat, aforismo batzuk, ipuin laburrak,... idazten ditut. Halako batean, konturatu nintzen gauza asko eta oso desberdinak nituela. Hori guztia liburu batean sartu eta hari berari jarraitzeko zer egin nezakeen pentsatzen jarri nintzen. Hiztegiaren formatoa oso egokia iruditu zitzaidan, epigrafe baten azpian genero bakoitzari dagozkion sorkuntza lanak txertatuz. Beraz, lehenengo gauzak idazten joan nintzen, eta gerora sortu zen horri batasun bat emateko ideia.

Izenburuari ere kutsu tekniko hori eman izana nola erabaki zenuen?

Euskaltzaindiak badu Literatura Terminoen Hiztegia delakoa, eta nik jolas bat egin dut haren eta nirearen artean. Titulua ez da berdina, baina bai antzekoa, eta sarreran esaten dut ni halako hiztegi bat osatu nahian hasi nintzela, eta Euskaltzaindiak aurrea hartu zidala.

Krisian kulturari begira hartutako neurriek literaturari ere eragin diote, ala lehendik ere krisian zen literatura?

Liburuak ez dira gehiegi saltzen, eta merkeagoak balira hobe. Baina uste dut horrek guztiak gehiago eragin diola musikari, ez baita ia diskorik saltzen; literatura, behinik behin, ez da pirateatu izan gaurdaino. Ez dakit liburua garestia den edo ez, baina uste dut jendeak ez duela ohiturarik, eta hori da arazoa. Eta, gero, betikoa, euskaraz ez dago irakurle masa handirik.

Horren harira, zer deritzozu urtean behineko Durangoko Azokaren fenomenoari?

Editoreek diotenez, egun horietan irabazi handiak izaten dituzte, batez ere, bitartekarien lana desagertu egiten delako; alde horretatik, nik oso pozik. Baina, uste dut hori festa bat dela, folklorea dela. Ez du balio urtean behin hara joan, liburu pare bat erosi eta urte osoan barrena liburu denda batera ere ez joatea. Horrekin ez dugu ezer konpontzen. Irakurzaletasun hori falta dela uste dut, eta kultura hori bultzatu beharra dago.

Kultura hori sortze bidean, hezkuntzak behar bezainbesteko garrantzia ematen die letrei?

Ezetz uste dut. Irakaskuntza eta ikasketa humanistikoa gero eta baztertuago dago, eta hori nabaritzen da. Gazteek oso kultura orokor eskasa daukate eta, besteak beste, eskolan behar bezalako garrantzia ematen ez zaiolako da; irakurgai egokiak aukeratzen ez direlako eta literatura lantzeko modua azken hamarkadetan ez delako aldatu. Euskal literatura salbatzeko belaunaldi berrien zain baldin bagaude, jai daukagu. Izan ere, literaturak lehiakide gogorra du gaur egun, teknologia berrien mundua. Nik ikusten dut nork irakurtzen duen eta, egia esan, oso gazte gutxik irakurtzen dute.

Teknologia eta irakurzaletasuna uztartuz, e-bookak liburua desagerraraztea lortuko du?

Ez dut uste. Oso jende gutxi ikusten da e-bookarekin eta, gainera, uste dut hori ez dela literaturaren arazo nagusia. Paperezko liburua ez da sekula desagertuko; begira zenbat mendetan iraun duen, eta oraindik ere iraungo du. Iraungo du, iraun behar badu, baina, berdin zait paperean, e-bookean edo robot batean. Jendeak istorioak irakurtzeko gogoz jarraitzen badu, literaturak iraungo du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!