Nerea Eizagirre, txapelketako jokalaririk onena Andorran

Asier Imaz 2015eko ekainaren 2a

Realarekin kapitain moduan jokatu du tolosarrak Francesc Vilaren Oroimenezkoan. Bigarren gelditu da talde txuri-urdina.

Realak ez du kadete eta infantiletako talderik, baina Gipuzkoako hainbat jokalarirekin teknifikazio lanak egiten ditu, eta ondoren, hainbat txapelketa jokatzen dituzte txuri-urdinez jantzita. Aurreko asteburuan Andorran izan ziren, Francesc Vilaren Oroimenezkoan. Realak aho zapore ona utzi zuen, bigarren postuan geratuz. Taldeko kapitain lanetan ibili zen Nerea Eizagirre tolosarra, eta txapelketako jokalaririk onenaren saria eman zioten. 

Realak, B multzoan, partida guztiak irabazi zituen. SK Slavia Prahari (1-0), ondoren Andorrako selekzioari (4-0) eta azkenik Villarreal CF-ri (2-1). Finalerdietan RCD Espanyol garaitu zuten (10-0) eta finalean Valencia CF-ren aurka galdu zuen, 0-4. Esperientzia oso ona izan da jokalari gazte hauentzat.

Txapelketa honetan Realarekin parte hartu duten jokalariek hiru teknifikazio saio burutu dituzte Zubietan. Lan saio hauetan, gazteek Garbiñe Etxeberria eta Javi Garmendia Realeko bi teknikoekin lan egin dute. Teknifikazio saioen helburua futbolari gazteek Realaren metodologia gertutik ezagutzea eta txuri-urdin instalakuntzetan lan egitea da. Gazteak klub hauetakoak dira: Hernani, Mariño, Allerru, Eibar, Oiartzun, Anaitasuna, Santo Tomás Lizeoa, Arizmendi, Añorga (Nerea Eizagirre), Zarautz eta Antzuola.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!