«Ahotsik gabekoen ahotsa gara»

Iñigo Terradillos 2015ko mai. 28a, 09:58

Baasgalgo elkarteak postua jarriko du San Frantzisko pasealekuan etzi. Bertan izango dira 10:00etatik 17:00etara, galgo arrazako zakurrek jasaten duten krudelkeriaren berri jendeari ematen.

Maite Oroquieta eta Carmen Eraso tolosarrak elkarteko kideak dira, eta herritarrengandik jasotzen duten laguntza eskertzeaz gain, gizartean zakurren, eta oro har, animalien inguruan, lan handia dagoela egiteko nabarmendu dute.

Zer da etziko postuaren helburua?
Maite Oroquieta. Egun aproposa iruditu zaigu herritarrei elkartearen berri emateko, eta egiten duen lana azalduko dugu interesa duen ororentzat.

Zer lan egiten du elkarteak?
M. O. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta bere egiteko nagusia abandonatu dituzten galgo zakurrak erreskatatzea, sendatzea eta horientzat familiak topatzea izaten da.

Kasu asko ematen al dira? Zergatik?
M. O. Espainian, esaterako, urtean milaka galgo arrazako zakur abandonatzen dituzte jabeek.
Karmen Eraso. Normalean txakur mota hauek ehizarako edota lasterketetarako erabiltzen dituzte. Sei edo zortzi hilabete dituztenean probatu egiten dituzte, eta ez badute eskatutako maila ematen akabatu egiten dituzte.

Elkarteak, beraz, abandonatuta dauden zakurrak topatzean hartu egiten ditu.
M. O. Espainian, Belgikan, Herbehereetan, Frantzian eta beste hainbat lurraldetan burutzen du funtzio hori elkarteak. Esan beharra dago, aipaturiko lurralde horietan, esaterako, animaliekiko kontzientzia handiagoa dagoela gizartean, eta gauza asko edo neurri asko dituztela eurengan pentsatuz hartuak. Hemen, ordea, azken urteetan egoera pixka bat hobetuz doan arren, oraindik asko dago egiteko: zakurren kakaren gaia, zakurrei leku askotan sartzea debekatzea...

Zuen kasuan, galgo zakur bana duzue, biak adoptatuak.
M. O. Zoe izena du nireak. Duela urtebete adoptatu nuen. Elkartearen webgunean topatu eta adoptatu egin nuen. Oso esperientzia ona izan da.
K. E. Minbizia zuen zakur bat nuen, eta Igeldoko Abere eta Landare Babeslera joan nintzen batean topatu nuen lehena. Maitemindu egin ninduen, eta adoptatzea erabaki nuen. Gerora nire lehengo zakurra hil egin zen, eta orain bakarrarekin geratu naiz. Zakur zoragarriak dira, zintzoak eta leialak.

Elkarteari laguntzeko adoptatzeaz gain, zer bide gehiago daude?
K. E. Etxean zakurrak hartzeko aukera dago, diruz laguntzeko aukera, elkarteko bazkide egin zaitezke... Aurkitzen dituzten zakurrak zentroetan izaten ditu elkarteak, eta horiek zaindu edo sendatu egin beharra daude, albaitariarenera eraman, jaten eta edaten eman... Horretarako behar izaten da dirua eta materiala, mantak eta maindireak, esaterako. Etziko postura, esaterako, mantak eramateko aukera dago.
M. O. Eskerrak eman beharrean aurkitzen gara herritarrei, material askorekin laguntzen baitute, eta baita Tolosako animalia dendetakoei ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!