Kerik gabe bizitzen ikasteko gomendioen astea abian da

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 28a, 09:14

Igandean izango da, Nazioarteko Kerik Gabeko Eguna; kalera atera dute kontzientziazioa

Mundu osoan barrena, maiatzaren 31 tabakorik edo kerik gabeko eguna izaten da. Osasunaren Mundu Erakundeak eta harekin kidetutako elkarteek plazaratzen dituzte tabakoak gorputzari eta osasunari eragiten dizkion kalteak, eta Tolosara ere iristen dira oihartzun horiek.

Joan den astean hasita eta, aste honetan barrena, hainbat egitasmo eta kanpaina egiten ari dira Tolosan. Familia medikuen elkartea da antolatzaile nagusia, eta osasun zentroko langileekin batera aurrera eraman dituzte jarduerak.

Batetik, Tolosako osasun zentroko lehen arretako langileei formakuntza saioa eskaini zieten eta, bide beretik, saio klinikoak ere egin zituzten.

Tabakoaren aurkako kanpaina herrigunetik harago zabalduz, berriz, Apatta industrialdean kamioi bat izan zen joan den aste osoan, minbiziaren aurkako elkartearen eskutik. Nahi zuen orori gorputzean zuen monoxido kantitatea aztertu zioten eta, halaber, erretzeari uzteko gomendioak eskaini zizkieten erretzaileei.

Kalean ere zabaldu dituzte gomendio, aholku eta datuak, aste osoan barrena informazio-mahaia jarrita egon baita. Horrela, atzo bertan, mahai bera Zerkausian izan zen, Mugi Tolosa egitasmoan parte hartzen duten hirugarren adinekoei gomendioak eman eta, haien artean ere, kontzientziazioa sustatzeko.

Mari Luz Rodriguez antolatzaileetako batek azaldu duenez, gainera, erretzeari uzteko talde berri bat sortu da Tolosan, eta atzo bertan izan zuten lehen saioa, 12 pertsona ingururekin. Horrela, urte osoan barrena ere aukera izango da, osasun zentrora bertaratuta, erretzeari uzteko banakako nahiz taldekako saioetan parte hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!