Dantza ikasturtea biribiltzeko, 'Gerrena plat!'

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko maiatzaren 27a

Tolosako Udaberri dantza taldeko ikasleek emanaldia eskainiko dute, Leidor aretoan, igandean

Ohitura bilakatu da, jada, Udaberri dantza taldeko ikastaroetako neska-mutilen maiatzeko emanaldia. Urte osoan ikasitakoa dantzari txiki eta plazetan erakusten duten bezala, euskal dantzari kolore, musika eta istorio desberdinak txertatzen dizkiote ikasturte amaierako emanaldian, ahaleginak biribiltzeko.

Tolosako musika eskolako ikasle bandarekin ekindakoa, Lask abesbatzarekin jarraitu zuten gero, Alami, hosto baten hegaldia ikuskizuna prestatuz. Eta ondoren iritsi ziren, Udaberrik berak prestaturiko Ortzadarraren bila eta Kontatu beste bat emanaldiak.

Aurten, berriz, Gerrena plat! izango dute izenburu, eta Mikel Laboaren hitzak magikoak izaki, gako txiki bat izango da izenburua, istorioaren nondik norakoak imajinatzeko.

160 dantzari txiki oholtzan

Emanaldia Leidor aretoan izango da, igandean, 12:30ean, eta ikuskizunaz gozatu ahal izateko sarrerak eskuragarri daude, jada, aretoko leihatilan. Egunean bertan ere salgai izango dira, lau euroren truke.

Guztira, 160 neska-mutil inguruk dantza egingo dute oholtzan, 4 urte dituzten ikasleekin hasi, eta Udaberriko ikastaroetan urteak daramatzaten 15 urteko gaztetxoenetaraino.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!