Xabier San Sebastianek garaipen handia lortu du Ronde de L'Isardin-en

Asier Imaz 2015ko mai. 26a, 15:54

Ihesaldi nagusian sartu da tolosarra, eta amaieran, sprintean bere nagusitasuna erakutsi du.

Xabier San Sebastianek Ronde de L’Isardin-en garaipen ikusgarria lortu du. Itzuliko hirugarren etapa larunbatean jokatu zen. Ihesaldi baten ondoren, helmugan tolosarra nagusitu zen, sprintean.


Ronde de L’Isard 23 urte azpiko txirrindularien nazioarteko itzulia da. Egutegian garrantzi berezia duen lasterketa, bertan dagoen mailagatik. Larunbatean, Auterive eta Baoulogne-sur Gesseren artean 160 kilometroko etapa jokatu zen. Eguneko ihesaldi nagusian bost txirrindulari sartu ziren, eta horien artean zegoen Xabier San Sebastian. Tolosarrak ederki zaindu zituen aurkariak, eta amaieran, bere nagusitasuna erakutsi zuen, Benoit Cosnefroy frantziarrari sprinta irabazita. Tropela 4:57ra iritsi zen helmugara.  
San Sebastianek denboraldi honetan lortzen duen bigarren garaipena da. Lehena Espainiako Kopan lortu zuen, Pascual Momparler-en Oroimenezkoan.


Helmuga zeharkatu ondoren gustura zegoen Euskadi Fundazioko txirrindularia: «Sailkapen nagusiko faboritoek arnasa hartzeko erabili zezaketen etapa zela bagenekien. Ihesaldien eguna zen beraz, eta erne ibili beharra zegoen. Ihesaldia azkar osatu da, ia irteeran. 160 kilometroak zailtasunez beteak izan dira; gora-beherak, haizea,... amaieran ordea, garaipena lortu dugu, eta pozik».


Momparlerren ere antzeko garaipena lortu zuen tolosarrak, ihesaldi luze baten ondoren: «Horrelako lasterketak gustatzen zaizkit. Mendateetan zailtasun gehiago izaten ditut. Ibilbide lauetan hobeto defendatzen naiz. Ihesaldietan egotea eta zortea probatzea gustatzen zait».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!