«Gauzak ez dira zuritik beltzera igarotzen, indarrak aldatzen dira»

Ataria 2015ko mai. 25a, 15:12

Orain dela lau urteko emaitzak irauli eta EAJk 9 zinegotzi lortu ditu Tolosan; alkatetza lortu du Olatz Peonek.

Emaitzak nabarmen hobetzea lortu du alderdi jeltzaleak; Tolosaz gain, Iruran eta Amasa-Villabonan alkatetzak lortu ditu, eta beste hainbat heritan emaitzak hobetu ditu. Tolosan Olatz Peon izango da alkatea datozen lau urteetan.

Nolako biharamuna izan da?
Ona, dudarik gabe. Emaitza horiek izan ostean, ona. Egoera aldatu da lau urtetatik hona. Hala ere, alkateak alderdi zehatz batekoa izan behar du, baina gainontzeko alderdiak ere kontutan hartzekoak dira. Gauzak ez dira zuritik beltzera igarotzen, indarrak aldatzen dira. Hori azpimarratzekoa izango litzateke.

4.723 boto lortu ditu Tolosako EAJk aurtengo hauteskundeetan. 2011. urtekok, historikoak izan ziren, baina orain 1.000 bozka gehiago jaso dituzue.
Oso emaitza onak izan genituen aurreko hauteskundeetan, baina EH Bilduk hobeak izan zituen. Orain alderantziz gertatu da. Dena den, ez dut uste EH Bilduren emaitza txarra denik; indarrak aldatu dira Tolosan, baina Tolosan zazpi zinegotzi lortzea ere oso ordezkaritza garrantzitsua da.

Botoak nondik iritsi dira, orduan?
Ez da erraza esaten jendeak zergatik erabakitzen duen botoa alderdi bati ematea hauteskunde batzuetan, eta beste batzuetan beste alderdi bati. Nik uste alderdi bakoitzak badituela ideologikoak diren boto batzuk eta beste batzuk, hauteskundeen arabera aldatzen dira. Niri ardura handia ematen dit boto aldaketa horri horrela, datuei hotz hotzean begiratuta, azalpen bat ematea, zeren seguru asko errealitatea beste bat izango da. Herri zehatz batean gertakari zehatz batek izango du eragina, beste batean kudeaketak izango du zeresana...

Joera hau orokorra izan da hala ere, bai Tolosaldean eta baita Gipuzkoan ere gora egin du alderdi jeltzaleak.
Aldaketa eman da, orain dela lau urte eman zen bezala. Donostiako hiriburua berriz ere jeltzaleen esku geratzea bereziki pozten nau. Tolosaldean ere EAJren joera gorakoa izan da, nahiz eta ez dudan denborarik izan egoera zehatz-mehatz aztertzeko. Garrantzitsua da azterketak lasai egitea eta datuak hotzean begiratzea. Bakoitzak bere barruan autokritika egitea ere beharrezkoa da, eta arrazoiak seguru asko hor azalduko dira. Alderdiaren helburua bada hauteskundeak irabaztea, horregatik aurkezten du programa landu eta ona, baina gero herriaren aniztasuna horrelakoa da eta aniztasun horren barruan esan daiteke hauteskunde hauetan indar abertzaleak gailendu direla. Hori izan daiteke atera daitekeen balorazio orokorretako bat.

Tolosan 9 zinegotzi izango dituzue, 7 EH Bilduk eta bakarra PSE-EEk. Aurreko banaketa bera, baina iraulita. Nolako legealdia espero duzu?
Alderdiak eseri beharko gara hitz egiteko. Nire ustez agerian geratu da indar abertzaleak nagusitu direla, nahiz eta PSE-EEk zuen horri ondo heldu dion. Pentsatzen dut herritarrek alderdiei eskatuko digutela adostasunetara iristeko ahalegin handiagoak egitea.

Ibai Iriarterekin hitz egiteko aukera izan al duzu?
Atzo gauean deitu zidan, zoriontzeko, eta egia esan eskertu nion. Orain lau urte Jokin Bildarratzek ere deitu zion zoriontzeko emaitzen gauean bertan. Asko estimatu diot deia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!