Tolosako alkategaiek "lasaitasunez" ekin diote hauteskunde egunari

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko maiatzaren 24a

Tolosako alkategai guztiek 10:00ak 11:00ak inguruan eman dute botoa, eta lasaitasuna nabarmendu dute.

Hilabetetako sukaldeko lanaren eta bi asteko kanpaina trinkoaren ondoren, gaur azterketa eguna dute Tolosako alkategai eta hautagaiek ere. Horrela, 11:00en bueltan eman dute botoa alkategai guztiek.

PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok Amarotzen eman du botoa, 10:00etan eta PPko Pello Atxukarro, berriz, 11:00etan joan da Iparragirre auzoko bozkalekura.

Ibai Iriarte alkate eta EH Bilduko alkategaiak ere ordu bera aukeratu du, eta Emeterio Arreseko bozkalekuan sartu ditu zegozkion bi gutunazalak. Egunari "lasai" ekin dio, eta herritarrei dei egin die hauteskundeetan parte hartzera: "Azken finean, datozen lau urteotako ordezkari politikoak aukeratuko ditugu gaur eta, zentzu horretan, zenbat eta herritar gehiagok parte hartu, hobe".

Iluntze partean Zerkausia izango du, Tolosako EH Bilduk, emaitzak jarraitzeko gune eta, kontaketari begira ere, lasaitasuna nabarmendu du Iriartek: "Gu lasai gaude, lau urteotan dena eman dugulako. Garrantzitsua da norbera bere buruarekin gustura egotea, eta ikusiko dugu zer gertatzen den".

Bere aldetik, Olatz Peonek ere sentsazio bera helarazi du bozkalekuan egindako adierazpenetan: "Sekula baino egun lasaiagoa da gaurkoa, izan ere, aurreko urteetan ikuskatzaile lanetan aritu izan naiz beti eta, beraz, gaur beranduago jaiki eta lasaiago ibiltzeko aukera izan dut". Botoa eman ondoren, auzoz auzoko egoera jarraitzeko asmoa du Peonek, eta Tolosako Batzokian bazkalduko du ondoren, emaitzak ere bertatik jarraitzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!