Maiatzaren 30a festa giroko jarduerez betetako eguna izango da Tolosan. Alde batetik, Lore eta landareen azoka berezia izango da. Herriko musikariek kaleak alaituko dituzte bigarren urtez Musikherriarekin. Eta horrez gain, Bisiguaren Festa izango da.
Azken hau, ordea, aurreko egunean, hilaren 29an, hasiko da eta 31ra arte luzatuko da. Zazpigarren urtez antolatu dute, eta aurten, elkarteez harago herrira gerturatu nahi izan dute festa. Hori dela eta, larunbatean parrilla bat jarriko dute Trianguloan eta 600 sardina erreko dituzte. Horrez gain, Katxiña jatetxeak merkaturatu berri duen txakolina dastatzeko aukera ere izango da.
Aurtengo parrilleroak, Orioko Katxiña, Xixario eta Joxe Mari jatetxeetako Joxe Migel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola izango dira, eta hiru egun horiez 300 lagun bilduko dira hiru elkarte gastronomikoetan beren bisigua dastatzeko. Iñaki Letamendia Txinpartako bazkideak azaldu duenez, ez dute lekuz mugitzeko asmorik: "Zerkausira itzultzea oso zaila da, jende asko beharko genukeelako. Oso gustura gaude elkarteetan eta horrela jarraitzeko asmoa daukagu".
Maiatzaren 29an, ostiralean, afariak emango dituzte; larunbatean, berriz, bazkari eta afariak; eta festarekin amaitzeko, igandean, bazkariak. Oraindik txartel gutxi batzuk geratzen dira, eta interesatuek Tolosaldea Tour bulegoan eros ditzakete, baita 943 69 74 13 telefono zenbakian edo tour@tolosaldea.net helbidean. Menuaren prezioa 45 eurokoa da.
Menua
- Antxoak gatzetan
- Tomate entsalada hegaluzearekin
- Zainzuriak
- Bisigua parrillan
- Bixigoxo postrea
- Edariak eta kafea
Nola egin bisigu on bat?
Luis Mari Uranga, Xixarioko jatetxeko parrilleroak bisigu on bat egiteko sekretuak azaldu dizkigu:
Zer behar du txakolinak ona izateko?
Joxe Migel Zendoia, Katxiña jatetxeko jabeak, esperientzia berri bati ekin dio txakolin marka propioa merkaturatuz. Berak azaldu digu txakolin on batek zer behar duen
