Tolosako alkate izan da lau urteotan eta, bete nahi dituzten helburu guztiak gauzatzeko beste lau urte behar dituztela dio Ibai Iriartek (Tolosa, 1983). Horretarako, «argi» dauka gehiengo osoa dela aukera bakarra.
Zure hautagaitzaren aurkezpenean lau urteotan izandako lan taldearen indarra azpimarratu zenuen. Zuen indarguneetako bat al da hori?
Nik baietz uste dut. Horrelako lan karga duen esparru batean lan egiteko pertsona bat ez da nahikoa. Gu, zinegotzi talde izateaz gain, lagun talde ere bagara, eta oso garrantzitsua da jendea gustura egotea, lanerako.
Zein da agintaldiko zure balantzea?
Sentsazioa ona da. Sakondu egin nahi dugu egin dugun horretan, eta denbora gehiago behar dugu horretarako. Aldi berean, ordea, argi dut zikloek zortzi urtekoak izan behar dutela. Horregatik, beste lau urte egin nahi ditugu ekindako lanari jarraipena emateko.
Krisian kudeaketa zorrotza azpimarratu duzue. Aurrera begira, udal ekonomia nola antolatuko zenuke?
Aurrekontu bat kudeatzeko, etxean bezala, zuhurra izan behar da garai on zein txarretan. Gakoa aurrekontuaren oreka da, gastu eta sarreren artean. Azken urteetan, ordea, hori ez zen horrela izan udalean, askoz ere gehiago xahutzen baitzen sartzen zena baino eta, ondorioz, zorraren poltsa sortu zen. Zifra makroekonomikoek krisitik irten garela dioten arren, gizarte prekarizatu bat bilakatu gara. Krisian sartu gintuztenak beren formulak erabiltzen ari dira krisitik ateratzeko, ongizate sistema auzitan jarriz eta prekarietatea areagotuz. Horri aurre egin behar zaio, pertsonen eskubideak bermatuz.
Tolosako sozioekonomiaren alde, zein dira lehentasunak?
Industria, batetik. Horretarako tresna Tolosaldea Garatzen da, eta berriki plazaratu dugun Tolosaldea Saretzen proiektuak garrantzia izango du epe ertain eta luzean, etorkizuneko eskualdea sortzeko. Era berean, Tolosan co-working zentro bat sortu nahi dugu, prestakuntza duten gazteen ideiei irtenbide bat emanez eta sinergiak eraginez. Azkenik, merkataritzak eta ostalaritzak erreferentzizkoak izaten jarraitu behar dute, ekonomikoki sekulako eragina dutelako, eta herri bizi bat egiten dutelako. Merkataritza eskola eta belaunaldi aldaketaren proiektua ditugu hori bideratzeko.
AHTak zeresana piztu du azken urtebetean. Azpiegitura hau egingarritzat ikusten al duzu?
Inondik inora, ez. Eta ez Hernialdeko zuloagatik edo suntsitu dituzten baserriengatik bakarrik. Diru xahutze itzela ekarri du, eta ingurumenari nahiz herriaren beharrei bizkarra eman zaie. Mugikortasun zifrei begiratuz, Euskal Herriko desplazamenduen %90 herri eta herrialde artean gertatzen dira; AHTak ez dio horri irtenbidetik ematen. Merkantzien garraiorako ez du balioko, beraz, errepideek kamioiez beteta jarraituko dute. Zenbat aldiz joaten gara Parisera edo Madrilera? Azpiegitura ez da interesa, eraikuntzaren azpian sortutako mugimendua, baizik.
Zein iritzi duzu hondakinen auziak sortutako eztabaidaz?
Hondakinen gaiak politikaren alde ilunena erakutsi dit, zenbaitek gezurra eta izua erabili baitute, bolo-bolo, beren kuspegi alderdikoia nagusitzeko. Izugarri harritu nau eta hori gogorra egin zait. Gaia bete-betean hartuz, berriz, Tolosa eredu izan da hondakin mahaia sortu eta adostasuna bilatzen. Gipuzkoan beste herri batzuek gure sistema bera adostu dute, eta EAJrekin, gainera. Sistema egokitu beharko dugu, akatsak zuzenduz, baina bide onetik goaz, %75eko tasetara iristen ari baikara herritarrei esker, eta zoriontzekoa da.
Osasun zerbitzuaren inguruan ere nahikoa tirabira izan da. Zuek defendatzen duzuen eredua zein da?
Publikoa, kudeaketan eta zerbitzuan; eta, noski, efizientea eta kalitatezkoa. Hori eredu publikoak soilik berma dezake, pertsona erdigunean jartzen duelako. Klinika pribatu bati ordaintzen diozunean, berriz, erdigunea onura ekonomikoa lortzea da. Eskualde honetan besteen pareko zerbitzua nahi dugu, besteek adina zerga ordaintzen ditugulako.
ETAk su eten iraunkorra iragarri zuen duela lau urte. Bake prozesua nola ikusten duzu?
Iraganaren ikuspegia behar da, eta herri honetako eragile politiko bakoitzak azterketa kritiko bat egin behar du, egindako mina aitortuz; baina guztiok egin behar dugu. Uste dut ez dela horrela gertatzen ari, asko erosoago daudelako iraganean. Horren isla dira astelehenean Gasteizen gertaturikoa, Ertzaintzaren bortizkeriaz, eta baita herenegungo polizia operazioa ere, adierazpen askatasunari beste zaplazteko bat emanez, sare sozialetan aipu batzuk egiteagatik. Dispertsioak ere jarraitzen du, ostiralero 600 presoren familiek espetxeetara bidaiatzea giza eskubideen urratze argia delako. Atxiloketek eta inkomunikazioek ere jarraitzen dute, eta baita Arnaldo Otegi bezalako preso politikoek ere, espetxean.
Nola ikusten duzu Tolosako Bizikidetza Foroaren jarduna?
Izaera politiko desberdina duten pertsonak politikaz eta bizikidetzaz hitz egiteko elkartzea ona da beti. Agintaldian saiatu gara alderdien mahaia sortzen; ez da posible izan, baina alderdiok erantzukizun bat dugu, eta lortuko dugu.
Parekidetasuna, oraindik ere, ez da errealitate bat. Zer da beharrezko?
Aurrerapausokin ere, oinarri matxista batean bizi gara eta izugarri dago egiteko. III. Berdintasun Plana onartu berri dugu eta, datorren legealdiari begira, genero politikak udalean zeharlerro izatea nahi dugu, emakumeen parte hartzea, lanaren banaketa, hezkidetza planak eta indarkeriaren protokoloak gehiago jorratuz. Gizartea feminizatu beharra daukagu, hori ona baita emakume zein gizonentzako.
Legealdian euskara lehenetsi duzue lanerako. Horri eutsiko diozue?
Tolosak arnasgune izan behar du euskararentzat. Munduko edozein hizkuntzak bezala, euskarak ere behar ditu libre eta nagusi izateko espazioak, hazteko eta eboluzionatzeko. Pauso hori ez da egun batetik bestera ematen, eta hainbat plan abian dira: udaleko hizkuntza nagusia izan behar du euskarak; lan munduan txertatu behar da; aisian, kirolean eta gazterian sustatu egin behar da erabilera. Tolosak euskararen hiria izan behar du, esalditik harago.
Eta, zer deritzezu Carlos Urkijok hartu dituen neurriei?
Lotsagarria. Tolosako Udalari 8-9 salaketa jarri dizkio. Afera honek mahai gainean jartzen du herri honek bere buruaz erabakiak hartzeko duen ezintasun juridikoa. Egungo marko politikoak euskaldunoi ez digu bermatzen euskaldun izatea, eta badirudi Urkijok gehiago agintzen duela lehendakariak baino; hori horrela da.
Jaurlaritzak euskarazko hedabideei emandako diru laguntza aldatu egin da, polemika piztuz. Nahikoa babes jasotzen al dute?
Hizkuntza gutxitu batek komunikabideak behar ditu, erabilera bermatzeko. Horrela, lau urteotan TOLOSALDEKO ATARIAk eta 28 Kanalak urte-anitzeko finantziazioa lortu dute. Kalitatea bermatzeko gaitasun ekonomikoa eta jarraikortasuna behar dira. Argi dugu, eta bide horretan jarraituko dugu.
Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera bakarra EH Bildu dela aldarrikatu duzue kanpainan. Epe ertain batera, nola ikusten duzu hau Euskal Herrian?
Egungo marko estatutarioa blokeatuta dago, guk legez kudeatu beharko genituzkeen eskumenak ez baitaude gure esku oraindik. Horrek erakusten du estatuak ez duela nahi gu geure buruaren jabe izatea. Euskal gizarteak bere bidea egin behar du, aldebakartasunez, aktibatuz. Gustura esango nuke bidean ez garela bakarrak, horrek adieraziko bailuke eskubide demokratiko hori onartzen dutela hainbat korronte ideologikok. Baina une honetan ez dago zabalduegi. Gure Esku Dago dinamika itzela da, eta hortik jarraitu behar da.
2011n indar bozkatuena izan zineten, Aralarrekin alkatetza eskuratuz. Igandera begira, nola ikusten dituzu emaitzak?
Argi dugu EAJk edozer egingo duela, bai Tolosan, bai Gipuzkoan, PSE-EErekin elkartu eta gure alternatiba zapuzteko. Argi esango dut, edo gehiengo osoa lortzen dugu, edo jai daukagu. Ez da nahikoa izango zerrenda bozkatuena izatea; 17 eserlekuen gehiengoa eskuratu beharko dugu.
Gainerako alderdien jardunean alde onik aipatzerik bai?
Niretzako izugarrizko garrantzia du, udalbatzan sartzen garenok sartuta, gure arteko komunikazio hizkuntza euskara izatea; asko pozten nau
Iganderako gogoz izango zara. Zer egiten duzu politikatik deskonektatzeko?
Mendia eta kirola, edo kirola mendian. Orain belauna ez dut bere onenean, baina naturan galtzea da nire deskonexioa.