Khelifa Tadjinek bigarren salaketa bat jarriko du, SOS Arrazakeriaken laguntzarekin

Asier Imaz 2015ko mai. 21a, 08:23

Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriak elkartearen abokatuak, Tadjinen kasua bakarra ez dela esan du. Aurrekari horien artean, Villabona-Anoeta tartean gertaturiko beste gertaera bat aipatu du.

Mikel Mazkiaran Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteko abokatua da. Khelifa Tadjine tolosarraren auzia berak darama. Ondorengo egunetan, bigarren salaketa bat jarriko dutela azaldu du Mazkiaranek. "SOS Arrazakeria erakunde bezala, zera salatu nahi dugu: segurtasun zaintzaileak pertsona jakin batengana bere itsura fisikoarengatik joan zirela, eta bigarren salaketa arlo horretara zuzenduko dugu".

Khelifa Tadjinek bere lehen salaketan, RENFEren segurtasun zaintzaileek behin eta berriz "islamista hiltzailea!" esaten ziotela adierazi zuen, eta trenean sartu orduko beregana zuzendu zirela. Horrez gain, Hernaniko geltokian eta behin trenetik kanpo, segurtasun zaintzaileak berarekin geratu zirela esan zuen Tadjinek, Ertzaintza bertaratu arte.

Mikel Mazkiaran abokatuaren esanetan, horrelako salaketetan lekukoen garrantzia "izugarria" da. Hain juxtu, "herenegun gutun zertifikatua bidali genuen RENFEra, Hernaniko geltokiko bideoaren irudiak gordetzeko eskatuz, ondoren epaileak eskaera hori egiten baldin badu, borraturik daudela esan ez dezaten".

SOS Arrazakariak elkarteko abokatuak salatu duenez, Khelifa Tadjinen auzia ez da "zoritxarrez bakarra". Horrelako "kasu asko" izaten dituztela adierazi du: "Segurtasun zaintzaileak ia sistematikoki joaten dira itsura fisiko bat medio identifikazioak egitera. Salaketa piloa daude gai honen inguruan. Bidaiariek esaten digute, ia egunero ikusten dutela hori. Gure ustez larriena da, normalizazio baten barruan ematen ari dela hori. Mutiko magrebiar batengana joatea; gaztetxoa... erabat irregularra da hori. Guzti honekin jendea, eta noski, RENFE bera konzientziatu nahi dugu". Mazkiaranek aipatu salaketa gehienak segurtasun zaintzaileekin lotzen ditu.

Aurrekariak ere aipatu nahi izan ditu abokatuak, eta urrutira joan gabe, iragan asteko salaketa berri bat hartzen du adibide moduan. "Otsaila inguruan, Anoeta-Villabonako zatian, pertsona bati gauza bera egin zioten segurtasun zaintzaileek. Itsuragatik bakarrik zuzenean berarengana joan ziren, ez beste bidaiariengana. Aurreko astean jarri genuen horregatik salaketa. Ez dugu ulertzen eta jakin nahi dugu zergatik egiten duten horrela lan segurtasun zaintzaile horiek".

Epaitegietako bidea hartzeak ez du salaketak aurrera egingo duela esan nahi, eta are gutxiago, arrakasta izango duenik. Ehuneko portzentaje altu bat aipatzen du Mikel Mazkiaranek, ezerezean gelditu diren salaketez hitz egiterakoan. Aldeko epai bat ere gogoratu nahi izan du: "Duela bi urte inguru izango zen. RENFEren bi segurtasun zaintzaileren aurka atera zen epaia. Zaintzaile haiek mutiko bat jipoitu zutela frogatzea lortu genuen, bi lekukoren testigantzarekin. Lehen esan bezala, lekukoak oso garrantzitsuak izaten dira auzi hauetan".

Khelifa Tadjinen kasua lekukorik gabe aurrera ateratzea zaila dela onartu arren, berezitasun baten aipamena egiten du SOS Arrazakeriak elkarteko abokatuak: mediku txostena. "Salaketarekin batera txosten hori epaitegira eraman zen, eta horren aurrean, epailearentzat zaila izango da epaiketarekin ez hastea, gutxienez txosten horren diona nola gertatu den ikertu beharko baitu".

RENFE-ri bidalitako galderak

Tolosaldeko Ataria komunikabidetik RENFE-ri segi galdera bidali zitzaizkien, Khelifa Tadjinek jarritako salaketaren harira. Ofizialki, horietatik bakarra erantzungo zutela adierazi zuten entitate publikotik. Segurtasun zaintzaileek txartela eskatzeko zuten eskumenaren ingurukoa, hain zuzen ere. Baiezkoarekin erantzun zuten, hainbat kasu adieraziz.

Beste galderak ondorengoak ziren: Salaketa gehiago izan al dira azken bi urteetan? Trenaren barruan ba al daude kamarak? Hernaniko geltokian? Nola jokatzen duzue norbaitek geltokiko kamararen bateko irudiak eskatzen baldin baditu? RENFE enpresaren segurtasuna zein enpresek ematen dute? Azken galdera horretan, bi enpresen izena ematen zitzaien, baieztatu zitzaten.

 

Pello Atxukarroren gutuna

Ataria.info webguneak atzo zintzilikatutako gutunaren inguruan, Mikel Mazkiaran Gipuzkoa SOS Arrazakeria elkarteko abokatuak harriturik hitz egin zuen. "Ikerketa prozesuan dagoen auzia da; oraindik segurtasun zaintzaileak identifikatu gabe daude; eta hor agertzea hautagai politiko bat esanaz segurtasun zaintzaileekin hitz egin duela eta azalpenak eman dizkiotela... Esan bezala, salaketa ikerketa prozesuan dago, eta nire ustez, egin beharko lukeen lehen gauza zuzenean epaitegira joatea izan beharko luke; izenak ematera. Epaitegiari eta oro har justiziari laguntzeko, ziur prest egongo dela. Horregatik, zuzenean izenekin epaitegira joatea eskatuko nioke".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!