Egibarrek nabarmendu du "herritarren arteko bereizketarik egin gabe, aurrera" egin nahi dutela, baina horretarako konfiantza eskatu die tolosarrei: "Konfiantza da botoa ematea. Boto eraginkorra izan dadin. Herritarrek sentitu behar dute beren botoak indarra duela.
Era berean, jeltzaleak azpimarratu du EAJk ez duela "inprobisatzen" instituzioetara iristean, eta pentsatutako proiektuak aztertuta dituztela: "Ez da bakarrik Tolosaren hazkundea, nazio bat eraikitzen ari gara. Eta noski, herri proiektuak ere behar dira. Ez dugu inoiz hutsik egin. Herriaren hitza errespetatu dugu, eta eraginkorrak izaten erakutsi dugu".
EH Bilduren leloari erreferentzia eginez amaitu du bere saioa Egibarrek: "Igandean EAJ irabazle izatea nahi genuke, eta ez garaile. Ez dugu inor menderatu nahi".
Olatz Peon hautagaiak, berriz, azpimarratu du "iritzi ezberdinak herri proiektu baten mesedetan jartzeko" prest daudela, "herri honen ardura herritarrena delako". Horregatik, dio Peonek, "ordezkaritza sendo bat" behar dela Tolosan, eta horretarako "garrantzitsua" dela igandean bozkatzera joatea. Peonek gaineratu du legealdi honetan gauza hainbat ahaztu egin direla eta horiek berreskuratzeko prest daudela, hala nola, "Tolosaldeko herrien arteko oreka mantentzea eta ekintzailetasuna".
Enpresa, merkataritza eta tursimoa indartzeko nahia
Bestalde, Jokin Azkuek alor ekonomikoan duten lehentasuna "enplegua indartzea" dela azaldu du. Hiru esparrutan islatu nahi dute hori. Enpresa munduan, elkarlana sustatu nahi dute, "enpresariak uxatu gabe, enpresen internazionalizazioa bultzatuz, eta enpresa handi bat Tolosara ekarriz". Merkataritzan, Buruntzaldea eta Goierriko herritarrak gerturatu nahi dituzte, eta turismoan berriz, ostatu bat eraikitzeko nahia azaldu du jeltzale tolosarrak.