«Oraingoz etxekoekin jarraituko dugu, ez dugu fitxaketarik egingo»

Asier Imaz 2015ko mai. 20a, 11:55

Juan Martin Amiano, Tolosa Eskubaloiko presidentea gustura dago oro har egindako denboraldiarekin. Balantzea egin du TOLOSALDEKO ATARIAn.

Futbolean bigarren B maila izango litzateke. Eskubaloian, Nazio mailako lehena. Tolosa Eskubaloiaren denboraldia amaitu da, eta beste urtebetez maila horretan jarraituko dute. Juan Martin Amiano presidenteak, ordea, garbi dio helburua igoera fasean sartzea zela, eta ez dela lortu. Baina baieztapen argi horretan ez dago inongo saminik edo kritikarik. Kiroltasuna nagusi da bere hitzetan, eta taldearekin oso gustura dagoela agerian gelditzen da. Amianok itsu-itsuan sinisten du bere jokalariengan.

Lehen bi postuak desio, baina azkenean, hirugarren.
Sentsazio nahiko onekin bukatu dugu. Nahiz eta gure asmoa bi aurrenekoen artean gelditzea zen, ez da posible izan. Hala eta guztiz ere, taldea oso gaztea da eta aurtengoa oso esperientzia polita izan da. Hurrengo urtean bi lehenengoen artean gelditzeko gogo gehiago izango dugu.

Zergatik ez da lortu helburua?
Goran gelditu diren beste bi taldeak ere ikusi beharra daude. Eibar eta Anaitasuna oso talde gogorrak dira. Nafarrak ez genituen ezagutzen, iaz beste multzo batean ibili zirelako. Denboraldiko ezustekoa izan dira. Harrobiko taldea da gainera, eta jokalari askok lehen taldean ere jokatzen dute. Egunero entrenatzen dute, erdi profesionalak dira, eta hori nabari da. Eibarrek aldiz taldea egina dauka, eta urte luzez jokatu dute elkarrekin. Oso ondo moldatzen dira.

Koxka bat gorago ibili dira, beraz.
Bai, baina koxka txikia. Anaitasunari etxean bederatzi goleko aldeaz irabazi genion. Gero han zazpi golez galdu genuen arren, nahiko ondo ibili ginen. Eibarren aurka batengatik galdu genuen hemen, eta han seigatik. Onartu behar da pitin bat gorago ibili direla, baina nolako taldeak diren ere ikusi behar da.

Fitxaketek erantzun al dute?
Sei lagun ekarri genituen denboraldi hasieran, baina guztiekin ezin izan dugu kontatu. Mujika abenduan Madrilera joan zen, lan kontuengatik. Lesioak, lan kontuak,... jokalari batzuek ez dute jarraipenik izan. Asier Aranburuk adibidez, azken 10-12 partidak ezin izan ditu jokatu, asteburuetan lan egitea tokatu zaiolako. Hala eta guztiz ere, jokalariak taldera gehitzen joan dira, Iñigo Arratibelen kasu. Denboraldia ondo bukatu dugula uste dut, sendo. Azken partidak erraztasunez irabazi ditugu, talde indartsuen aurka.

Atsekaberik ez da nabari zure hitzetan.
Ez, inondik ere ez. Talde gaztea gara, eta horri bigarren taldetik igotako lau edo bost jokalari gehitu behar zaizkio. Hain zuzen ere, bigarren taldea igoera fasea jokatzen ari da une honetan. Igotzea lortzen badute, lehen taldea lehen mailan egongo zen, eta bigarrena, bigarrengoan.

Eibar eta Anaitasuna igo al dira Ohorezko Mailara?
Ez, ez dute igoera lortu. Horrek erakusten du dagoen maila. Granollersek eta Ciudad Realek lortu dute postua, bi talde historikok.

Hurrengo denboraldia, beraz, aurtengoaren antzekoa izan daiteke.
Gogorragoa izango dela uste dut, Barakaldok maila galdu baitu, eta gurekin ariko da. Oso maila altua izango da, eta horrela behar du, gainera. Gure helburuak berdinak izango dira. Esan dezakegu, gainera, entrenatzaileak eta taldeko jokalari ia denek jarraitu egingo dutela. Gazteek, gainera, urtebete gehiago eta esperientzia handiagoa izango dute. Iker Galartza izango da jarraituko ez duena. Urte asko eman ditu, eta lasai hartzeko asmotan dabil. Nesken entrenatzaile bezala jarraituko du.

Fitxaketarik egongo al da?
Pibote bat eta hegaleko baten beharra dugu, baina kanpoan ez dugu ezer ikusten. Etortzekotan, diferentzia markatzeko izan behar du. Oraingoz, etxekoekin jarraituko dugu, eta ez dugu fitxaketarik egingo.

Nola dago taldea erronka berrirako?
Poza ematen du taldeak. Giro oso ona dago, eta elkarrekin denak ondo eramaten dira.

Denboraldian zehar zaletuen erantzuna ere azpimarratu behar da.
Bai. Ia partida guztietan zelaia beteta egon da. Jende asko etorri da, eta ez etxeko partidetara bakarrik. Adibidez, lehengo astean, bigarren taldeak Usurbilen jokatu zuen, eta bertakoak baina gehiago ziren hemengo zaleak.

Harrobia ere zaintzen duzuen seinale.
Ondo dator, eta ez bigarren taldea bakarrik. Jubenilak kopan aurrena doaz. Kadeteak ere nahiko txukun ari dira denboraldia bukatzen. Infantilen lehen taldea azken fasera iritsi da, eta bigarrengoko bost jokalari Gipuzkoako Selekzioarekin aritu dira. Neskak ere nahiko ondo ibili dira, eta hurrengo urtean hiru talde izango ditugu: kadete bat eta bi infantil. Harrobia sendotzen ari da, beraz.

Eta presidentea, zer moduz dago?
Bere garaian jokalaria izan nintzen eta eskubaloia asko gustatzen zait. Herrian horrelako talde bat edukitzea gauza handia da, eta dugun mailarekin oso gustura nago, aurrera jarraitzeko gogoz. Orain arte nahiko bakarrik ibili naiz, baina aurten talde polita osatu dugu; lan egiteko gogoarekin.

Eta arlo ekonomikoa?
Azkenean ez da lehen edo bigarren taldea bakarrik, harrobi osoa lantzen dugu, eta epe luzeko proiektu bat atera nahi dugu aurrera. Babesleak aurkitzea zaila dela badakigu, eta zenbakiei buelta emateko beste hainbat ekimen jarri behar izaten ditugu martxan. Hain justu orain kotxe bat zozketatzen dugu. Txartelak bost euroan jarri ditugu txoko guztietan, eta ekainaren 30ean aterako da zenbaki saritua. Horrek aurrekontuari buelta ematen lagunduko dio, beraz, jendea animatu nahiko nuke zozketan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!