Zortzi egunez musika izango da protagonista Tolosan

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 20a, 13:50

21. Musikaria eta Musikherria aurkeztu dituzte Tolosako Udalak eta udal musika eskolak. Aurten zenbait berrikuntza izango ditu Musikherriak, gonbidatu gisa Uztaritzeko Herri Soinua elkartekoak izango direlako eta kalean egingo diren ezohiko zenbait saioengatik.

Igor Ezenarro Kultura zinegotziak eta Edurne Olano udal musika eskolako zuzendariak egin dute bi egitasmoen aurkezpena. "Bi egitasmoak uztartu nahi izan ditugu, Tolosako musikarien eguna den horretan, bere garrantzia emanez Eduardo Mokoroa udal musika eskolari eta herrian dauden beste musika eskolei", azaldu du Ezenarrok.

Musikherria maiatzaren 30ean izango da, eta aurretik, larunbat honetan hasita, Musikaria astearen barruan emanaldi ugari izango dira. Olanok azaldu duenez, "kontzertu guztiak doan izango dira eta denak gonbidatuta zaudete". Egitarau anitza osatu dute Musikaria Asterako, tartean udal musika eskolako ikasleen parte hartzearekin.

Musikherria egunarekin emango zaio amaiera musikaz betetako egun hauei. "Goizez garrantzia emango zaie musika eskoletako ikasleei", azaldu du Ezenarrok, eta gaineratu: "Emanaldietan berrikuntza pare bat izango dira. Batetik Ustaritzeko Herri Soinua elkartetik etorriko dira gaiteroak, trikitilariak eta txistulariak. Horretaz gain, udal musika eskolako ikasleen eskutik kalean hain ohikoak ez diren saioak izango dira". Azken horren berri eman du Olanok: "Goizean kalez kale ariko direnaz gain, hau da, txistulariak, dultzaineroak, akordeoi joleak eta ikasleen banda, beste talde batzuk ere parte hartuko dute leku jakin batzuetan: piano-joleak, bikoteak, klarinete joleak, sokazkoak,...".

Beste berrikuntza izango da Musikherria beste bi egitasmorekin uztartzea: Txinparta elkarteak antolatzen duen Bixigu Festa eta Lore eta Landare Azoka. Ezenarrok azaldu duenez, "Trianguloan gune bat sortuko da: batetik Lore eta Landare Azoka izango da, bestetik Musikherrian parte hartzen duten musikariak ariko dira giroa jartzen, eta azkenik Txinparta elkartekoak egongo dira bere parrillekin sardinak erretzen".

Musikherriako bazkaria Zerkausian izango da aurten, eta iaz bezala, Stop Sanfilippo Fundazioaren alde izango da. Eragile ugari ariko dira Musikherrian parte hartzen: Giro Arte dultzaina taldea, Tolosako Dultzaineroak, Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasleak eta taldeak, Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra, Uztaritzeko Herri Soinua elkarteko dultzaineroak, Konponezinak txaranga, Incansables txaranga eta Tolosa Kantari. Egun guztian izango dira ekitaldiak, eta Tolosako kaleak musikaz bustiko dira. 


Egitarauak


21. Musikaria

Maiatzak 23, larunbata
12:00. Zeharkako Xirulen Orkestrak Amets bitxi bat ipuin musikatua emango du Leidor aretoan.
19:00. Tolosako MUsika Banda, Zerkausian.

Maiatzak 25, astelehena
19:00. Perkusioarekin hazten emanaldia, Tolosako udal musika eskolako ikasleek, Errenteriako erdi mailako kontserbatorioko ikasleek, eta Igor Arostegi perkusio-joleak eta Arkaitz Mendoza pianistak eskainia, musika eskolako aretoan.

Maiatzak 26, asteartea
19:00. Hernaniko Musika Eskola, musika eskolako aretoan.

Maiatzak 27, asteazkena
19:00. Jazz Taldea, Jon Urbizu saxofoi jole tolosarrarekin, musika eskolako aretoan.

Maiatzak 28, osteguna
20:15. Donostiako Orkestra Barrokoa, Santa Klara elizan.

Maiatzak 29, ostirala
20:00. Real Book, Loiola Garmendia eta Iñaki Salvadorrekin, Topic-en.


Musikherria

Maiatzak 30, larunbata
09:30. Dianak herriko auzo eta kaleetan.
10:00. Musika eskoletako ikasle taldeak kalez kale.
12:00. Tolosa Kantari, Maria Luisa Agirre doktorearen plazatik.
14:30. Herri bazkaria, Zerkausian. Stop Sanfilippo Fundazioaren alde izango da. Txartelak Xirimiri eta Ikatza tabernetan daude salgai: helduek 12 euro eta 14 urte azpikoek 6 euro.
Ondoren. Musika zuzenean eta Larrain Dantza.
18:00. Musika kalez kale.
22:30. Laket taldearen dantzaldia Plaza Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!