Hauteskundeak 2015. Elkarrizketak

«Aurreko agintaldiko zor hori ez da zorra, inbertsioa baizik»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 20a, 10:40

Olatz Peon zinegotzi bezala ezaguna den arren, lehen aldiz zerrendako lehen izena izango da berea, EAJren Tolosako hautagaitzan; kanpaina amaitu eta igandean gertatuko denaren zain da

Oposizioan aritu da, azken lau urteotan, EAJko zinegotzi moduan. Alkategai gisa ari da, orain, Olatz Peon (Tolosa, 1969). Emaitzen zain da, eta «Tolosako aniztasunaren alde» akordioetarako prest azaldu da.

Duela ia urtebete, zure hautagaitzaren aurkezpenean, gardentasuna azpimarratu zenuen. Nola gauzatuko zenuke gardentasun hori?

Datuek uneoro herritarren eskura egon behar dute, eta, horretarako, administrazioak pentsatu egin behar du herritarrak zein datu behar dituen; ez du itxurakeriatan aritu behar, gardentasunaren izenean bere burua saltzeko. Era berean, parte hartzea era arautu eta jarraituan sustatu behar da. Administrazioak zorrotza ere izan behar du, diru publikoa kudeatzen duen heinean, baina, era berean, herritarrak arintasuna eskatzen du. Dikotomia horren inguruan mugitzea da, beraz, erronka nagusia.

Amaitzera doan agintaldiaz zein balorazio egin zenezake?

Udal gobernuak inertziaz jokatu du, aurreko agintaldian abian jarritako hainbat proiektu amaituz. Hori ohikoa izaten da, baina, era berean, proiektu berriak jarri behar dira martxan. Ekintzailetasun hori berreskuratu egin beharko litzateke. Martxan jarri duten proiektu berri bakarra hondakin bilketa sistemaren aldaketa izan da, eta kudeaketa eskasa izan du.

Datuek diote krisitik errekuperatzen ari dela gizartea. Garaiotan nola kudeatuko zenuke udal ekonomia?

Udal aurrekontuari dagokionez, askotan aipatu izan da zorra; zorra alde batera eta zorra bestera. Aurreko agintaldiko zor hori ez da zorra, inbertsioa baizik. Eta ikus ditzakegu zor horren baitan egindako proiektuak; zer dago soberan? Kiroldegia, Larramendi edo Uzturre egoitza al daude soberan Tolosan? Kontua ez da udalak ahalik eta aurrezki gehien izatea, baizik eta udal aurrekontua antolatzea, inbertsio egokiak egiteko.

Herriko sozioekonomia sustatzeko, berriz, zer proposatzen duzue?

Tolosako jardun ekonomikoan oso kontuan izan behar da, batetik, industria; krisialdian beherakada jasan du eta arreta handiagoa beharko luke. Halaber, udal leihatila bat sortzea derrigorrezkoa da, pertsona batek burua 24 orduz izan dezan Tolosan jardunean ari diren enpresei nola lagundu pentsatzen. Merkataritzaren garrantzia inork ez du zalantzan jartzen, eta udalean sail propio bat beharko luke. Turismoari dagokionez, berriz, apustu sendo bat egitekotan, derrigorrezkoa izango da ostatu bat eraikitzea. Azkenik, nekazaritzak nahitaez laguntza publikoak behar ditu landa auzoetan; diru laguntza askotatik kanpo geratzen dira, eta horri udalak eman behar dio erantzun bat.

AHTaren obrek azkenaldian eman dute zeresana, zuloak direla eta. Egin beharrekotzat al duzu?

Nazio proiektu estrategiko bat da, euskal hiria posible egiten duena. Nazioarteratzearekin bat egitea eta, aldi berean, trenaren aurka azaltzea ez datoz bat. Horrelako proiektu potolo baten aurrean zer egin behar du udalak? Herri-bideak zaindu; iturburuak mugitzen ez direla bermatu; etxe kaleratzeak baldin badaude, egoki egiten direla jarraitu. Aurreko agintaldian obra horien jarraipena egunerokoa izan zen, eta uneren batean zerbait gertatu zenean —Ugane auzoan zubia bota zutenekoa, adibidez—, udalak azkar erantzun zuen.

Hondakin bilketa sistema aipatu duzu. Zein da zuen proposamena?

Eredu berriarekin herritarra udalaren zerbitzura jarri dugu, eta udala jarri beharko dugu, berriro, herriaren zerbitzura. Hurrengo agintaldian gobernuan edozein dagoela ere, hainbat aldaketa egin beharko ditu.

Bide beretik, osasun zerbitzuak ere iritzi talka handia sortu du. Tolosalderako zein eredu nahi duzu?

Zerbitzu unibertsala, publikoa eta doakoa nahi dugu, doakoak ez baitu esan nahi ez dela ordaintzen; zergen bitartez ordaintzen dugu. Asuncion klinikak historia bat du, eta hori kontuan izan behar da. Jaurlaritzak bermatu egiten du Tolosaldeko herritarren osasun zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa, beste eskualdeetako zerbitzuaren parean jarriz, gutxienez.

ETAk duela lau urte eta erdi iragarri zuen su eten iraunkorra. Nola jarraitzen ari zara prozesua? Aurrerapauso berririk behar al da?

ETA iragana da, gizarteak hori atzean utzita dauka aspalditik, beraz, armak uzteko pausoak emana behar zuen jada; berandu gabiltza. Bestalde, Espainiako Gobernuak darabilen espetxe politika ere aipatzekoa da. Bere garaian hartu zuten erabakia ez zen egokia izan, nahiz eta egoera oso berezia izan, beraz, gaur egun neurri horiek mantentzea harrigarria da. Egoera estatikoan gaude, baina, Eusko Jaurlaritza oso neurri zehatzak proposatzen ari da Bake eta Bizikidetza Planaren inguruan; hori da bidea.

Bizikidetza Foro bat bada Tolosan. Zer deritzozu taldeaz?

Bakearen aldeko aurrerapausoak beti dira egokiak eta, are gehiago, herritarrek beren kabuz ematen badituzte. Jonan Fernandezek kultur etxean esan zuen bezala, iraganak haserretu, orainaldiak kezkatu eta etorkizunak batu egiten gaitu. Etorkizunari begiratu behar diogu, baina, betiere, iraganean izandako gertakarien irakurketa eginez.

Tamalez, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna oraindik ez da errealitate. Zein neurri hartu behar dira horra iristeko, zure ustez?

Tolosako Udala aitzindari izan da, 2008an onartu baitzuen berdintasuna lantzeko estatuko lehen udal ordenantza. Ildo hari jarraituz, III. Berdintasun Plana osatu berri dugu. Errealitatea, ordea, oraindik ez da parekide, eta hauteskundeak dira adibide: emakumezko alkategai bakarra naiz. Arazoa ez da alderdi batena edo bestearena, egiturazko arazo bat da.

Udal gobernuak euskara lehenetsi egin du bere jardun osoan. Zuek zein jarrera hartuko duzue?

Gazteekin hartu beharko dira neurriak. Administrazioan, hizkuntza nagusia euskara izateaz gain, erakunde eta herritarren arteko jardunean ere euskara lehenetsi beharko litzateke, betiere, herritarrarekin adostuta.

Urkijok hartu dituen neurrien inguruan zer diozu?

PPk gai honekin egiten duena desegokia da erabat, ez duelako herriaren borondatea errespetatzen. Banderen auzia ere hor dago, eta gogora ekarriko nuke Mirentxu Etxeberria. Madrildik jasan zituen erasoak, eta Mirentxuk ez zuen banderarik jarri. Orain jarri dute, PPren politikaren ondorioz.

Euskal komunikabideei dagokienez, berriz, polemika piztu dute aurtengo diru laguntzek.

Euskaldunok euskaraz informatzeko eskubidea dugu, beraz, ez dut zalantzan jartzen laguntzea. Beste kontu bat da irizpideena. Laguntza publikoa beharrezkoa den bezala,baldintzak ere hala dira; euskarazko produktuak ez dira onak euskaraz egiten direlako bakarrik, eta profesionaltasuna eta bestelako baldintzak aurreikustea garrantzitsua da.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzekotan, zein estatu ereduren alde egingo zenuke?

Ez da gaurko gaia, gure alderdiak 120 urte baitaramatza nazio ikuspegia lantzen. EAJk bete-betean asmatu zuen afera honetan hartutako estrategiarekin; beste batzuk beste estrategia batzuetan erori, eta horrek kobazulo batera eraman gaitu. Hala ere, egia da Euskadik hiru administrazio errealitate ditu eta bakoitzak abiadura desberdina darama.

2011n bigarren indar bozkatuena izan zineten, eta ez zenuten alkatetzarik lortu. Aurten, hala beharko balitz, udal akordioak osatzeko prest zeundekete?

Udalbatzak Tolosako aniztasuna islatu behar du. Gauza bat da zein alderdik lortu dituen bozka gehien, horiek izango baitute gobernua osatzeko ardura nagusia. Ezinezkoa den kasuetan, ordea, herriko aniztasuna islatuko duten elkarlan gobernuak derrigorrezkoak izaten dira.

Gainerako alderdien ezaugarri positiborik aipatzerik bai?

PSE-EEko Jose Ignacio Asensiorekin harreman ona izan dut, sarri ikuspegi oso desberdinak izan ditugun arren. Pello Atxukarro, berriz, ez da udalean izan, eta ez dut gehiegi ezagutzen; duen borondatea aitortzen diot baina ideologikoki nahiko urrun sentitzen dut. Ibai Iriarteri ere izan duen borondatea aitortzen diot, herrigintzan aritze hutsak berezkoa baitu zerbait positiboa. Egiari zor, ordea, agintaldian ez da konfiantzazko harremanik sortu gauzak elkarrekin egiteko.

Hauteskundeen zurrunbiloa amaitzera doa. Hortik ihes egiteko zer egiten duzu?

Sei pertsona bizi gara etxean, eta deskonektatzeko etxera sartzea besterik ez dut behar izaten. Gainerakoan, mendia, korri egitea nahiz aerobik egitea gustuko ditut. Irakurtzea, berriz, behar moduan dut ia. Eta lagun artean, otordu on bat egin ondoren, kantuan aritzea da gehien maite dudana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!