Medikuntza euskaraz ikasteko aldarrikapena bolo-bolo sarean

Tolosaldeko Ataria 2015eko maiatzaren 18a

Ostiralean ospatu zuten, Bilboko Euskalduna jauregian, EHUko medikuntzako graduazio ekitaldia; Medikuntza euskaldundu taldeko ordezkarien artean, Txoan Ormazabal tolosarra izan zen oholtzan.

Euskal Herriko Unibertsitateko ehunka ikaslek graduazio ekitaldia izan zuten, ostiralean, medikuntzako ikasketak amaituta. Norbere diploma, banda eta argazkien gainetik, ordea, aldarrikapen nagusi batekin oholtzaratzeko kemena bildu zuten Medikuntza euskaldundu taldeko kideek.

Txoan Ormazabal tolosarrarekin batera, bigarren zikloa EAEko herrialde guztietako ospitaleetan ikasi duten medikuak ere igo ziren agertokira, urte horietan guztietan bizi izandakoa salatzeko. Guztiaren gainetik, EHUn medikuntza euskaraz ikastea ezinezkoa dela azpimarratu zuten, eta errektore, errektoreorde nahiz euskara batzordeari egotzi zieten ardura nagusia: "Ez gara bigarren mailako ikasleak. Euskaraz lan egin eta bizi nahi dugu".

Ekitaldian eskainitako diskurtsoaren bideoak sua piztu du sarean, eta bolo-bolo dabil Twitter nahiz Facebooken.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!