Bidaiatzea irakasbide ere badelako

Iñigo Terradillos 2015ko mai. 17a, 10:00

Laskorain ikastolako gazte talde batek Euskal Herrian zehar furgonetaz bidaiatuko du ekainean, euren proposamena I. Bidaia Bekaren irabazlea izan ostean.

Udako oporraldiari begira jarri, eta atseden egun horietarako bidaian pentsatzen jarriak izango dira herritar asko. Nora jo eta zer nolako bidaia egin pentsatu behar izaten da lehenbizi. Hondartza aukeratuko dute lasaitasunaren bila dabiltzanek, mendia natura gogoko dutenek edota hirietako kaleetan galduta ibiltzea beste batzuek. Joaten garen lekuaren arabera, guztiak uztartzeko aukera ere izaten da, eta urrutira joan gabe, gure mugen barruan ere bada horretarako eta gehiagorako aukera. Horrela, bide batez, gertu izan arren ezezagun zaizkigun txokoez gozatu ahal dugu, gainera.

Horixe egingo du Laskorain ikastolako ikasle talde batek ekainean burutuko duen bidaian. Sei egunetan zehar, Euskal Herriko hainbat herri eta hirietatik igaroko dira, eta egun paregabeak igarotzearekin batera, ezagutzen ez zituzten paisaiak, koloreak, jakiak edota bizimoduak, bertatik bertara ikusiko dituzte. Antxon Bandres Tolosako Bidaiarien Txokoak antolatutako I. Bidaia Bekako irabazleak izan dira, eta euren proposamena epaimahaiak aukeratu duena izan denez, ekainean errealitate egingo dute.

DBH4ko ikasleei zuzenduriko ekimena izan da, eta antolaketa taldean aritu den Josu Iztueta bidaiariak azaldu duenez, «bertakoa ezagutzea izan da helburuetako bat, atzerrikoa idealizatzeko joera baitago askotan, etxekoa ezagutu gabe». Horrekin batera, gazteen artean bidaiatzeko zaletasuna bultzatu nahi izan dute. Eta, modu honetara, bidaiatzeko modu ezberdin ugari daudela ikusarazi nahi izan dute ekimenaren bitartez. Izan ere, 500 euroko aurrekontua izango dute bidaia osatzeko, eta aurrekontu horrekin konpondu beharko dute proposatu duten leku batetik bestera joateko, jateko nahiz lo egiteko.

Horiek dira, hain justu, Iztuetak dioen moduan, bidaiatzeko behar izaten diren hiru bitartekoak. Hala, bidaiari tolosarrak bere bidaietarako erabiltzen duen zortzi lagunentzako furgoneta erabiliko dute garraio moduan, eta lo egiteko eta otorduak prestatzeko egokituta dagoenez, horretarako ere baliatuko dute, egunen batean agian kanpinen batean geratuko badira ere. «Sei laguneko taldea osatzen dute beraiek, eta gutako beste bi izango gara, orotara zortzi, beraz. 500 euroko aurrekontuarekin, eguneko 12 euro inguru izango ditu bakoitzak. Honekin guztiarekin, bidaiatzeko diru asko behar denaren ideia baztertu nahi izan dugu», azaldu du Josu Iztuetak.

Bidaia anitza

Lehiaketara aurkeztu diren gazteek hainbat baldintza bete behar zituzten. Batetik, talde parte hartzaileek neska-mutilez osatuak izan behar zuten, eta bestetik, bidaiari dagokionez, Euskal Herriko hiru lurralde hartu behar zituen gutxienez. «Bidaia anitza izatea nahi genuen, hau da, ez soilik probintzia batean, edota ez soilik kostaldean, eta horregatik, gutxienez hiru lurraldetatik igarotzeko baldintza jarri genuen», dio Iztuetak. Laskorain ikastolako taldeak aurkeztutako bidaia Gipuzkoan hasten da, Bizkaiara doa ondoren, Arabara gero, Iparraldera jarraian, eta azkenik Gipuzkoara buelta. Euskal Herriko hiri nagusietatik aldendu nahi izan dute.

Herri edo hiri bakoitzeko bertako bitxikeria edo berezitasun bat aukeratu dute, eta horiek ezagutzeko bertako herritarrekin egon asmo dute. «Batez ere, ikusi genuena zen, taldeak aukera eta gogoa zuela bidaia proposamen hori gauzatzeko», azaldu du Iztuetak. Ekainean, San Joan jaien aurretik burutuko du bidaia Maitane Iruiñ, Ainhoa Goikoetxea, Eunate Martinez de Rituerto, Josu Lertxundi eta Noe Lopezek osaturiko taldeak. Gogotsu daude, «ilusioz beterik», estreinako aldia baita gisa horretako bidaia bat egiten dutena, hau da, furgonetaz, eta bertan lo eginez. Bestalde, esan dutenaren arabera, «oso interesgarria» iruditu zaie ekimena, Euskal Herria hobeto ezagutzeko aukera ematen duelako: «Bertakoak izan arren, txoko ugari ez ditugu ezagutzen, eta bidaia honek horretarako aukera emango digu».

Lehiaketaren bigarren saria Ibarrako Uzturpe ikastolako taldearentzat izan da. 150 euroko gastua egiteko balea jaso dute Aralar kirol dendatik. Iratxe Lizarburu, Saioa Etxegia, Amaia Bastarrika, Iraia Sanchez, Aitor Erauntzetamurgil eta Aitor Maiza dira taldeko kideak. Euskal Herriak eskaintzen dituen beste paisaia batzuk eta naturarekin zerikusia dutenak jorratu dituzte beren proposamenean. Mundaka, Uribarri-Ganboako lakua, Bardeak, Irunberriko Arroila eta Hiru Erregeen Mahaitik igaroz.

Antolatzaileak gustura daude ekimenarekin, eta datorren urtera begira, ekaineko bidaiaren emaitzaren zain daude: «Esperientziak merezi badu, eta bidaia egiten dutenak gustura geratzen badira, bigarren deialdi bat egingo dugu datorren urtean». Agian aldaketarik izango du lehiaketak, baina, helburu berarekin jarraituko du, bidaiatzeko zaletasuna sustatuz eta urrutira jo gabe eta diru askoren beharrik gabe bidaiatu daitekeela irakatsiz.

 

Bidaia, egunez egun

Lehen eguna

Tolosatik Oriorantz abiatuko gara arratsaldean. Arrantza eta itsasoarekin lotu dugu lehen geldialdia. Bertako arrantzale batekin hitz egin nahiko genuke, euren bizitza ezagutzeko.

Bigarren eguna

Orion lo egin ostean, hurrengo egunean, Gernikara abiatuko gara. Euskal Herriaren historian pisu garrantzitsua du Gernikak, eta horregatik erabaki dugu han geldialdia egitea. Bakearen museoa bisitatuko dugu. Mundaka inguruan egingo dugu lo.

Hirugarren eguna

Agurain aldera joko dugu. Duen biztanle kopurua kontuan hartuta, ikusi dugu bertako musika eskolan ikasle ugari dagoela. Horregatik, eskola bera barrutik ezagutu nahi dugu, eta era berean, herriak musikarekiko duen lotura nondik datorren jakin.Handik Lodosara joko dugu. Ospe handia duten piperrak probatuko ditugu. Lo, berriz, Garesen egingo dugu.

Laugarren eguna

Gares, herri erromanikoa da, eta bertako zubiak eta eraikuntzak bisitatuko ditugu. Eunate baseliza dago han inguruan, eta taldekide batek hala izena duenez, hura ere bisitatuko dugu, ilusioa egiten baitio. Arbaiunera joko dugu handik, han lo egiteko.

Bosgarren eguna

Ipar Euskal Herrirako bidean jarriko gara. Donibane Garazi edota Baiona bisitatuko ditugu. Kirolarekin lotu dugu bisita hau, pilotarekin, hain justu, eta pilotariren batekin egoteko asmoa ere badugu. Hendaia aldean lo egingo dugu San Joan bezperan, han ikusiko dugu, beraz, sua, eta parrandatxoa ere han egin asmo dugu.

Seigarren eguna

Azken egunean Abadia gaztelua bisitatu nahi dugu, eta bidaiaren azken geralekua Idiazabal izango da. Bertako ikurra den gaztarekin lotu dugu bisita hau, eta artzain batekin ere egon nahi dugu gazta nola egiten den ikasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!