Guztia prest, etxe zaharkituak eraberritzen hasteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 14a, 15:57

Tolosako Udalak zabaldu du, jada, proiektuan parte hartu nahi duten etxe-jabeen izen-ematea.

Pasa den martxoan jendarteratu zuten egoera txarrean dauden etxeak eraberritu eta alokairu sozialaren bidez amortizatzeko egitasmo berritzailea eta, proiektuan parte hartzeko interesa izan zezaketen etxe-jabeekin bildu ondoren, Tolosako Udalak oinarri ofizialak moldatu ditu jabeen iradokizunekin. Orain, izen-ematea zabaldu dute ofizialki.

Iaz etxe hutsak betetzeko ekindako proiektua da, egitasmo berri honen iturburua, izan ere, hutsik zeuden etxebizitzen ikuskaritza teknikoa egiterakoan, Tolosan egoera txarrean etxe asko daudela ikusi zuten, Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez: "Iazko planak ez zituen gure uste guztiak bete, etxe asko egoera txarrean zeudelako".

Bide horretan, beraz, etxe horiek eraberritu eta merkaturatzeko plana jorratzen hasi ziren, udalaren etxebizitza parkea handitzeko: "Horrelako zerbait martxan jartzen duen lehen udalerria da Tolosa, eta garrantzitsua deritzogu etxebizitzaren auziari formula berriak proposatzeari".

Guztira, 270.000 euroko aurrekontua izango dute; 70.000 euro Higiezinen Gaineko Zergaren errekargutik jaso ditu udalak eta, beste 200.000 euroak, berriz, kreditu aldaketa baten bitartez bideratu dituzte egitasmo horretara, udalaren baliabideetatik.

Horrela, gehienez ere, 40.000 euro erabiliko dituzte etxebizitza bat eraberritzen eta, aurrekontu zabalagoa beharko balitz, jabearen esku legoke diru kopuru hori berak jarri edo ez erabakitzea.

Lehen deialdian 22 jabek interesa azaldu zuten, baina, oraingoz, ezin izango dituzte etxe horiek guztiak eraberritu. Horregatik, zenbait irizpide zehaztu dituzte eraberritzeak esleitzeko:

Batetik, kokapenari begiratuko diote, izan ere, egoera txarrean etxebizitza gehien dauden gunea Alde Zaharra da Tolosan eta, "kurba demografikoak ere eragingo dio datozen urteetan". Lehentasuna, beraz, Alde Zaharreko etxebizitzek izango dute; ondoren, Euskal Herria plaza, Bidebieta eta Izaskun auzoetako etxeak daude zerrendan eta, horien ondotik, gainontzekoak.

Bigarren irizpidea azalerarena da, Ane Calvo teknikariak azaldu duenez: "60 eta 100 metro karratu arteko etxebizitzak eraberritu ahal izango dira plan honen bitartez".
Bigarren etxebizitza zaharkituak dituzten jabeek, beraz, aukera izango dute proiektuan izena eman eta etxe eraberritzeko; udalak finantzatutako obra alokairu sozialaren bitartez amortizatuko du, eta amortizazio urteak igarotakoan, jabearen esku geratuko da, berriro, etxebizitza. Izen-ematea Udaten bertan egin ahal izango da eta, informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, Ane Calvo teknikariarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, udaletxean bertan nahiz acalvo@tolosa.eus helbidean.

Proiektuko oinarri eta zehaztapen guztiak www.tolosa.eus atarian daude eskuragarri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!